Gaurtik aurrera, edarien latak eta plastikozko botilak birziklatzeak saria izango du Bilbon, Bilboko Udalak RECICLOS elkartearekin bat egin duelako. Azken hori Ecoembesek garatutako Itzulketa eta Konpentsazio Sistema (SDR) da. Horri esker, erabiltzaileek puntuak lortuko dituzte, eta sari desberdinengatik aldatu ahal izango dituzte.

Gaur goizean egin den ekitaldian, Kepa Odriozola Bilboko Udaleko Zerbitzuetako eta Bizi Kalitateko zinegotziak eta Ángel Hervella Ecoembes-eko autonomia- eta toki-kudeaketako zuzendariak birziklatze-sistema hau aurkeztu dute. Sistema honetan, birziklatzen duten herritarrek sariak eskuratzen dituzte, eta ingurunea hobetzeko edo premiak dituzten pertsonei laguntzeko pizgarriak ematen dira. Aldi berean, ontzien zirkulartasuna sustatzen da, hau da, birziklatu ondoren beste bizitza bat ematen zaie.

Hala, bilbotarrek edarien plastikozko botilak eta latak birziklatu ahalko dituzte udalerriko kaleetako 1.549 edukiontzi horietan (teknologia hori jarri baitzaie), eta izaera sozialeko edo ingurumeneko kutsua duten sariak lortu. Esate baterako, patinete elektriko baten zozketan parte hartu ahalko dute, edo RECICLOS puntuak Ecoembes basoa sortzen laguntzera bideratu, degradatutako zona natural bat lehengoratzeko eta zuhaitzak berriro landatzeko.

Kepa Odriozola Bilboko Udaleko Zerbitzuetako eta Bizi Kalitateko zinegotziak esan duenez, Bilbok “ilusio handiz bat egiten du RECICLOS-ekin. Espero dugu ekimen honek ontzien birziklatze-ratioa hobetzen lagunduko digula”. “Hala, birziklatze digitalaren munduan sartuko gara, eta bilbotarrek aplikazioa deskargatu eta edukiontzi horian sartzen dituzten ontziak erregistratu ahalko dituzte. Keinu horrek sariak ekarri ahalko dizkiete, eta horrela Bilborekin, planetarekin eta etorkizuneko belaunaldiekin daukaten konpromisoa erakutsiko dute”.

Bestalde, Ángel Hervella Ecoembes-en autonomia- eta toki-kudeaketako zuzendariak esan duenez, “Europar Batasunak birziklatzearen alorrean ezartzen dituen helburuak gero anbiziotsuagoak dira eta gizarte osoari esfortzu handia eskatzen diote. Horrexegatik, Ecoembes-ek konponbide berritzaileak eskaini gura dizkio erronka honi; hortxe kokatzen da RECICLOS ekimena. Horrela, ontzien zirkulartasuna sustatzen dugu eta herritarrek, gainera, ingurunea hobetzen dute birziklatzean eskuratzen dituzten sariekin”.