Ostegun honetan, martxoak 31, ospatutako Bilboko Udalaren osoko bilkuran, behin betiko onespena eman zaio Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO).

HAPO berriak garapenerako helburu eta proposamenak ezarriko ditu: uriaren hirigintza-etorkizuna zehaztuko du, gutxi gorabehera hamabost urte barrurako.

HAPO berriaren helburua da, batetik, zehaztea Bilboren etorkizun urbanistikoak zein irizpide eta proposameni erantzun behar dien, eta, bestetik, posible den neurrian, aurre egitea gaur egungo eta etorkizuneko beharrizan eta eskaerei, honako arlo hauetan: hiri-antolamendua, hiri-inguruneen berroneratze eta berritzea, etxebizitza (bere egoera desberdinetan), ekonomia-jarduerak, natura-ingurumena, ekipamenduak, espazio libreak, mugikortasuna eta garraioa, zerbitzuak eta abar.

FASEAK ETA PARTE-HARTZE BIDEZKO PROZESUA

Aurreko HAPOa 1994an onetsi zuten, eta haren testu bategina 1995eko ekainean argitaratu zen. Bi hamarkada geroago, Plana berrikustea xedatu zuen Gobernu Batzordearen 2006ko irailaren 8ko Erabakiak. Izan ere, Udalak beharrezkoa ikusi zuen uriari plangintza orokorreko tresna egokia ematea: batetik, gaur egungo eta etorkizuneko eskaerei erantzuteko; bestetik, plangintza lege-eskakizun berrietara (Euskal Autonomia Erkidegoko Lurzoruaren eta Hirigintzaren Lege berria) eta denbora-tarte horretan hainbat arlotan (lurraldea, hirigintza, ingurumena, eremu juridikoa, sozioekonomikoa, kulturala eta abar) izandako aldaketetara egokitzeko, eta, azkenik, 1995eko Planak erdietsitako egikaritze-maila handia aintzat hartuta.

Plan berriaren edukia, beraz, lan-prozesu luze eta zail baten emaitza da. Lehen fase batean, hirigintzako Informazioa eta diagnostikoa egin zituzten, herritarren parte-hartze espezifikoarekin; eta, hortik, Parte hartze bidezko Diagnostikoa (2011-2013) sortu zen.

Dokumentu hori oinarri hartuta, hurrengo faseari ekin zioten: HAPOaren Aurrerakina egitea.

Horraino iristeko, 2016ko uztailetik 2017ko ekainera bitartean, parte-hartze bidezko prozesua egin zuten, hainbat forotan egituratuta —barruti, lan-mahai, kontseilu sektorial eta Bilbao Aurrerago! Webgunearen bidez bideratuak denak—. Foro horietan, 4.000 pertsonak baino gehiagok egin zituzten ekarpenak eta proposamenak, eta horiek guztiak Aurrerakinean jaso ziren.

Ondoren, Aurrerakina jendaurrean egon zen, eta, tarte hartan, 54 iradokizun aurkeztu ziren; eta Udal Plangintzako Aholku Batzordetik ere igaro zen dokumentua. Gero, Udalbatzak, 2018ko martxoan egindako bilkuran, erabaki zuen HAPOa berrikusteko agiria egiteko irizpide eta helburuak onestea.

Hurrengo urratsa 2018 amaieran hasi zen. Behin plan berriaren agiri teknikoa idatzita —Ingurumen Ebaluazioaren, Hizkuntza Eraginaren eta Genero Eraginaren txostenak barne—, eta Bilboko Udal Plangintzako Aholku Batzordean eta Bilboko Hiri Kontseiluan eztabaidatu ostean, Udalbatzak hasierako onespena eman zion HAPO berriari, 2019ko otsailean egindako osoko bilkuran, eta, gero, jendaurreko izapidea abiarazi, eta plan berria eragindako administrazio sektorialei igorri zieten.

Jendaurreko epea 2019ko otsailean hasi zen, urte hartako maiatzera arte. Horren ondorioz, 21 txosten sektorial jaso ziren, eta 265 alegazio, zeinetatik 84 osorik, eta 59 zati batean onetsi baitziren.

Alegazio horiek eta beste administrazio batzuen txosten sektorialetan jasotako beste gai asko aintzat harturik, agiri berria idatzi zuten, berregokitzeak eta zegozkion aldaketak eginda. Horrela, Agiri Aldatua sortu, eta 2020ko urtarrileko osoko bilkuran hura onetsi zuten; eta, ondoren, agiria berriro jendaurrean jartzea erabaki zuten.

Bigarren epe hori ez zen beharrezkoa legez, baina Udal Gobernuak, gardentasunez jokatzearren, erabaki zuen dokumentua jendaurrean jartzea, alegazioen ondoriozko zuzenketak eta aldaketak jasota. Hasieran 45 egun naturaletarako aurreikusitako epe hura, azkenean bost hilabetez luzatu zen, osasun-krisiaren ondorioz. Jendaurreko epe hura amaitu zen 10 txosten sektorialekin eta 134 alegaziorekin, zeinetatik 37 osorik, eta 28 zati batean onetsi baitzituzten.

Alegazioen eta txosten sektorialen ondoriozko zuzenketak eta berregokitzeak xeheki zehaztu ziren Behin-behineko Onespenerako Agiri Osagarrian, 2020ko abenduaren 18ko osoko bilkura berezian onetsia.

Dokumentua onetsi ostean, eta izapidetzearen azken urrats gisa, aldeko nahitaezko txostena eman behar zuten administrazioei bidali zieten. Horrela, bada, honako hauek jaso ziren: Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostena; Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren Ingurumen Adierazpen Estrategikoa; errepideen arloko txostenak (Bizkaiko Foru Aldundia); trenbide-azpiegiturei buruzkoak (Azpiegitura, Garraio eta Etxebizitza Ministerioa); Adifena; telekomunikazioei buruzkoak (Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitalen Ministerioa); aireko zortasunei buruzkoak (AENA eta AESA), itsasertzari buruzkoak (Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioa)…

Behin aldeko txosten guztiak jasota, gaur goizean amaituko da prozesua, Bilboko Udalbatzak HAPO berriari behin betiko onespena emanda.

HAPO BERRIAREN XEDEAK, IRIZPIDEAK ETA PROPOSAMENAK

HAPO berrian proposatzen den eredu urbanistikoa, berez, hirigintza-xedeak jasangarritasuna eta klima-aldaketaren kontrako borroka bezalako helburuak bateratu eta integratzearen, eta herritarren zenbait eskariri erantzutearen emaitza da (adibidez: hirigintza-plangintzan genero-ikuspegia txertatzea).

Izan ere, horiek guztiak ezin dira bereizi Plan berria nahitaez kokatu behar den errealitate zailetik, baldin eta erantzun konprometitu eta arduratsua emango bazaie Bilbok eta bilbotarrek, hamabost urte inguruko epean, izango dituzten eskari eta beharrizan urbanistikoei.

Testuingurua hori izanda, Plan berriaren helburu, irizpide eta proposamen batzuk nabarmendu ditzakegu, laburpen gisa. Hona hemen:

1. Natura-lurzorua mantendu eta zaintzea, hura urbanizatzea edo artifizializatzea dakarten hiri-proposamenak ahalik eta gehien murriztuta. Helburu hori askotariko proposamenetan gauzatzen da:

  • 2.375 hektarea inguru —udalerriaren % 58,5, gutxi gorabehera— lurzoru urbanizaezin moduan sailkatzea. Horri gehitu behar zaizkio «Artxandako eremuan eta inguruan» Sondikako eta Bilboko Plan Orokorrak Bateratzeko sustatuko den Planean halakotzat sailkatzen diren lurrak.
  • Artxanda magaleko eta Arangoiti ertzeko dentsitate txikiko lurzoru urbanizagarriei sailkapen hori kentzea, eta bi jarduketa baino ez mantentzea: alde batetik, «Kastrexana gaina» delakoa berrurbanizatzea (10 hektarea inguruko eremua) —gaur egun, gunearen % 80 baino gehiago udal titularitatekoa da—; eta, beste alde batetik, urbanizazio berri bat, Deustuko unibertsitate-campusa handitzeko (5 hektarea inguru).
  • Pagasarri mendian eta bertako ingurunean mantentze- eta zaintza-lanak egitea, udalerriko natura-balio bereziko gunea den neurrian; eta 2008an eremu horretarako onetsitako Plan Berezia finkatzea. Gainera, aurreikusita dago eremua Arraizen hegalaren aldera hedatzea, 92 hektarea inguru, guztira 780 bat hektareako gune bat eratuz.
  • Udalerriko landa-guneak (Buia, Seberetxe, San Justo eta Azkarai) zuhurtasunez eta neurriz antolatzea, Foru Aldundiak Bizkaiko Landa-guneen Inbentarioan aitortutako gehieneko hazkunde-aukeretara iritsi gabe, eta, hala, guztira eraikuntza berriko 8 eraikin berri antolatzea.
  • Energia berriztagarria ekoizteko instalazio berriak jartzea mugatuta dagoen eremu sentikorrak identifikatzea, Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetiko eta Klima-aldaketari buruzko Legeari jarraituta.

2. Izaera urbanoko eskaerei erantzutea, gaur egungo hiri-ingurunean bertan. Horrek zera dakar:

  • Egungo hiri-ingurunearen zatirik handiena finkatzea.
  • Jarraipena ematea hiri-ingurunea berroneratzeko eta berritzeko prozesuei, 1995eko Plan Orokorrean aurreikusitakoaren ildotik. Zorrotzaurren, Boluetan edo Iturrigorri-Gardeazabalen hasita dauden prozesuak oso bestelako neurri eta ezaugarriak dituzten eremu batzuetara hedatzen dira: Peñascal, Olabeaga, Abando geltokia, Zorrotzako Muturra eta Zorrozgoiti, eta Elorrieta.
  • Planean, halaber, uria berritzeko eta/edo lehendik dauden eraikinen erabilerak berritzeko jarduketa batzuk jasotzen dira, hiriko auzo guztietara hedatzen direnak, horiek apurka-apurka eta etengabe hobetzea eta beren hiri-birkalifikazioa sustatzeko.

3. Etxebizitza eskariari erantzutea, betiere egun indarrean diren Lurraldea Antolatzeko indarreko Jarraibideetan aitortutako hazkunde-ahalmena ahitu gabe, eta 15.300 etxebizitza berri inguru antolatuta.

  • Planak ez du proposatzen biztanle kopurua gehitzea, baizik eta Bilboko biztanleria 345.000 - 350.000 biztanle inguruan finkatzea. Planak etxebizitza babestuaren araubidearen pean ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoan berez indarrean dagoen lege-estandarra betetzekoa baino ehuneko handiago bat. Hala, bada, babes ofizialeko etxebizitzetarako eta etxebizitza tasatuetarako erreserbak ezartzeko betebeharraren pean ezarritako eraikigarritasun osotik, % 45,67 adinako eraikigarritasun bat bideratzen da araubide horretara, legeak nahitaezkotzat ezarritakoa % 40 bada ere.
  • Proposatutako bizitegietarako garapen guztiak lehen aipatutako hiri-berroneratze eremuetan daude, eta, beraz, urbanizazioa udalerriko landa-lurzorura hedatzen duten «zabalgune berrien» beharrik gabe proposatzen dira garapen horiek.

4. Uriak behar dituen Espazio Libreen-Berdeguneen sistema antolatzea —izan orokorrak edo tokikoak—, Bilboren orografia berezia abiapuntutzat hartuta; eta udalerriko espazio libre eta berdegune multzoaren eredu integratu bat ezartzea, hura «ekosistema berde» moduan ulertuta.

  • Espazio Libre Orokorren erreserba, 318,75 ha-ko azalerarekin, zeinetatik 157,7 ha hiri-lurzoruan kokatuko diren, eta gainerako 161 ha-k, berriz, lurzoru urbanizagarrian.
  • Tokiko espazio libreen sare bat, 125,49 ha inguruko azalerarekin. Eremu hori eskuratzeko, arauetan gutxienekotzat ezarritakoak baino erreserba handiagoak aurreikusi dira: bizitegietarako hirigintza-eremu bakoitzeko tokiko espazio libreetarako gutxienekoa % 15 bada ere, Planak % 25etik gorako erreserbak ezartzen ditu.
  • Eraztun Berdea uriaren «ekosistema berde» moduan antolatzea, lurzoru urbanizaezineko 1.163 ha inguruko azalerarekin eta hiri-inguruneko «ekosistema berdea»ren osagarri gisa. «Ekosistema berde» hori osatu behar duten espazioen hedadura osoa (hiri- zein natura-ingurunean kokatutakoak barne hartuta) 1.450 ha ingurukoa da; hau da, biztanleko 40 metro koadro baino gehiago.

5.Itsasadarrak uriaren ardatz egituratzaile moduan duen izaera integratzailea sendotzea, eta, horretarako, itsasadarraren ertz bietan espazio libreen jarraitasuna ziurtatzea, uri barruko ibilbide osoan zehar.

6. Ekonomia-jardueren eskariari erantzutea, eta, horretarako, eraikigarritasun osoa 485.000 m² ingurukoa izan dadila ezartzea, bizitegietarako garapen berrietako beheko solairuetakoa barne.

7. Uriak behar duen ekipamendu-sistema antolatzea, eta, horretarako, 1995eko HAPOak egin zituen proposamenak finkatzea eta horiek garapen berrietarako eremuetan aurreikusitakoekin osatzea.

8. Hiri-ingurunean esku hartzeko eta hura garatzeko eredua zehaztea, auzoak eta hiri-ingurune konplexuak antolatuta espazio inklusibo, seguru eta jasangarri moduan, eta honako hauetan oinarrituta:

  • Erabilerak nahastea; bereziki, hirigunean —hura metropoli-ingurune baten gune zentraltzat hartuta—.
  • Hiri-zentraltasunak sortu eta indartzea «Auzo Bihotzak» direlakoen bidez; eta, horretarako, gertutasunezko zerbitzuak ezar daitezela sustatzea (ekipamenduak, merkataritza...), beheko solairuetan lehia eragin dezaketen beste erabilera batzuk (trastelekuak, garajeak edo etxebizitzak) jartzeko aukera mugatuta.
  • Hiri-ingurune inklusiboak eta seguruak antolatzea, denboraren kudeaketa errazteko, espazio publikoan segurtasuna bermatzeko eta abar.

9. Mugikortasun, garraio eta komunikazio jasangarriaren eredua determinatzea HMJPan (Bilboko Uriko Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Plana 2015-2030) ezarritako esku-hartze neurriekin bat etorriz.

HAPOak zehazten du zeintzuk diren okupazio berriko lurzorua erreserbatzea behar duten jarduketak, honako jarduketa hauekin osatu eta/edo berregokitzeko:

Kanpo konektibitatea, trenbide arloan:

  • Abiadura Handiko Trena iristea Abandora, eta intermodalitate-nodo garrantzitsu bat sortzea.
  • Hegoaldeko Trenbide Ingurabidearen proiektua egikaritzea.

Kanpo konektibitatea, errepideen arloan:

  • Hegoaldeko saihesbide metropolitarra amaitzea (eraikitzen ari dira).
  • Ekialdeko Saihesbidea amaitzea, Ibarsusi eta Miraflores artean.
  • Egirletako tunel berria.

Hiri-hesiak kentzea:

  • Errekaldeko egungo saihesbidea kentzea, eta, haren ordez, hegoaldeko alternatiba eraikitzea, lurpetik ibilbide osoan.
  • Hiri-hesiak kentzea: FEVEren antzinako trenbidea lurperatzea Zorrotzan; RENFEren trenbideak lurperatzea Olabeagatik igarotzen diren lekuan, eta Zorrotzako Muturreko hesia kentzea.
  • Tranbia-sarea hedatzea Etxebarri eta Barakaldo aldera.

Barne mugikortasuna hobetzea:

  • Zubi berria Kadaguaren gainean (Zorrotzako Muturra-Burtzeña lotzea, Barakaldon), metropoli-ardatzari jarraitasuna emanez.
  • Zubia Itsasadarraren gainean (Zorrotzaurre-Zorrotzako muturra), metropoli-ardatzaren zati moduan, halaber.
  • Pasabide berriak, ibaiertzak lotzeko: Sarriko-Zorrotzaurre, Olabeaga-Zorrotzaurre; Atxuri-Zamakola.

Aparkalekuetarako erreserba arautzea, mugikortasun jasangarria arautzen duten irizpideen arabera; eta nahitaezkotzat ezartzea zuzkidura horren zati bat beste era bateko ibilgailuentzat (hala nola, bizikleta) izendatutako espazioetan egin dadila.

10. Intereseko kultura-ondarea zaintzea. Katalogo berri bat eginez, non, edukia Euskal Autonomia Erkidegoko Kultur Ondareari buruzko 2019ko maiatzeko Legearen edukien arabera egokitzeaz batera, irizpide batzuk ezarriko diren. Honako hauek nabarmendu daitezke:

  • Babestutako elementuen kopurua handitu da.
  • Kategoria berezi bat sortu da, industria-eraikinak babesteko.
  • Atal berezi bat sortu da, zurezko begiratokiak babesteari buruzkoa.
  • Lokal jakin batzuen babesa mantendu da.
  • Arautu egin da ostalaritza-erabilera galdu duten lokal babestu batzuek erabilera hori berreskuratzeko aukera, Ordenantzan ezarritako arauen kalterik gabe.

Horren guztiaren ondorioz, Katalogoaren irismena datu hauekin adieraz daiteke:

  • 1.000 eraikin baino gehiago biltzen ditu Katalogoak, bost kategoria edo babes-mailatan sailkatuta.
  • 220 begiratoki baino gehiago sartu dira, 3 babes-mailetan.
  • Lokalak ez ezik, hiri-espazioak, ingurumen-intereseko multzoak eta arkeologia-ondareko zenbait inbentario ere sartu dira.