Gaur, abenduak 23, urte bat bete da Bilboko Auzo-Tailerrak segurtasun arloan martxan jarri zirenetik. Zehazki, aurten barruti guztietako ia ehun elkartek parte hartu dute herritarren partaidetzarako sarean, 14 tailer abian jarrita. Udalak jakinarazi duenez, hori da Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek osatzen duten Segurtasunaren aldeko Itunean jasotako konpromisoetako bat.

Foro horietan uriko 95 elkartek parte hartzen dute modu egonkorrean, eta «Udalak hurbileko polizia komunitario baten alde egindako apustuaren adibide garbia dira». Hala adierazi du Juan Mari Aburto alkateak. Azken hilabeteetan, Otxarkoagako edo Bilbo Zaharreko tailerretako saioren batean parte hartzeko aukera izan du.

Aburtok adierazi duenez: “Tailerren funtzionamendua oso positiboa izaten ari da, Herritarren Segurtasuneko Sailari aukera ematen baitio herritarrekin batera lan egiteko eta auzo bakoitzeko espezifikotasunak eta arazoak jorratzeko. Efikazia maila handiarekin, gainera”.

Amaia Arregi Herritarren Segurtasuneko zinegotziak eta tailer guztietako presidente denak esan duenez: “Planteatutako gaiak askotarikoak dira”. “Bizikidetzarekin lotuta dauden gaiak planteatzen dira batik bat”.

Zenbait gai behin baino gehiagotan ateratzen dira, tartean, “parkeetan eta aisia-guneetan prebentziozko patruila-zerbitzuak egiteko beharra”, segurtasun-pertzepzioa hobetzeko eta delituak egitea eta aisiarako toki horietako bizikidetza baketsuari eragiten dioten gizabidearen kontrako portaerak prebenitzeko. Guztira, halako arazoengatiko 108 zaintza egin dira ekitaldi honetan.

Segurtasun-tailerretan eragin handiena duen beste gai bat “segurtasun ezeko puntuak, hautemandakoak edo benetakoak, auzoetan detektatu edo komunikatu direnak” dira, eta askotariko gaiekin zerikusia dute, hala nola pertsonen legez kanpoko kokalekuak, zenbait pasagunetan argiztapenik ez izatea, hiri-ibilbide batzuetako tarteetan ikuspenik ez izatea, zenbait espazio publikoren hirigintza-konfigurazioa (bizikidetza-gatazkak errazten dituzte), ibilgailuen abiadura desegokia eskola-eremuetan, animaliak aske eramatea, zenbait tokitako begetazioak sortzen duen segurtasun eza, eta hiri-altzariak birkokatzea.

Arazo horiei premiaz heltzeko, beste udal-sail batzuekin komunikatzeko bide arin eta efizienteak ezartzen dira.

Ekitaldi honetan, segurtasunik ezeko 64 puntu eta horiei dagozkien arazoak landu dira.

Gainera, Bilboko Udaltzaingoak, tailerren esparruan, beste 85 kasu gehiago ireki ditu aurten herritarren segurtasunarekin eta bizikidetza-gatazkekin lotutako gaiei buruz. Horietatik 59 itxi dira eta 59 horietatik ia % 100 (55 guztira) ebatzi dira. Alde horretatik, ohikoenak auzotarren eragozpenak (10 kasu eta 7 konponduta), botilioia (9 kasu eta 7 konponduta) edo ostalaritzarekiko gatazkak (8 kasu eta 7 konpondu) izan dira, adibidez.

Segurtasun-tailerretan aurkeztu eta planteatutako arazoak aztertzen dituzten taldeak honako hauek osatzen dituzte: lurraldearen arduraduna den auzo-ikuskaritzako polizia-agintariek, auzo bakoitzeko herritarren segurtasuneko taldeetako agenteek eta kasu ireki bakoitzari lotutako jarraipena eta kontaktua egiteaz arduratzen diren polizia komunitarioko agenteek. Denen artean, bada, arazoak konpontzeko egin beharreko lan-sistematikak eta polizia-jarduerak planteatzen dituzte.

AUZO-TAILERREN HEDAPENA ETA FUNTZIONAMENDUA

Lehen tailerra Otxarkoagan eratu zen, eta 2018ko azaroaz geroztik dago martxan. Jarraian, Errekaldekoa ezarri zen, 2019ko otsailean. 2019ko udazkenean, Euskalduna jauregian, Bilboko Udaltzaingoaren 175. urteurrena zela-eta egindako jardunaldietan aztertu ziren biak, herritarren segurtasunaren arloko jardunbide egokien adibide gisa.

Jarraian, tailer hauek jarri ziren martxan: San Frantziskokoa (San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra), 2019ko abenduan eratua; Zorrotzakoa eta Abandokoa, 2020ko urtarrilean eratuak, eta Alde Zaharrekoa (Atxuri, Iturralde, Zazpi Kaleak eta Solokoetxe), urte horretako otsailean eratua.

2020ko martxoaren hasieran, Uribarrikoa eratu zen (Gazteleku, Matiko, Lorategi Hiria eta Uribarri auzoek osatua). Eta geroago, urrian, lau eratu ziren: Santutxukoa (Bolueta eta Santutxu hartzen ditu), Deustukoa (Doneperiaga, Erribera eta Arangoiti), Indautxukoa eta Iralakoa (Iralabarri eta Ametzola).

Azkenik, joan den azaroan, San Adrian-Miribillako eta Basurtuko tailerren txanda izan zen; eta hedapena amaitzeko, abenduan, San Ignaziokoa egin zen.

Tailer bakoitzaren barruan, auzo-ordezkaritzako foro iraunkor bat dago, bai eta bizilagun guztiei irekitako foro ireki bat ere. Eta, gainera, lantalde espezifikoak sor daitezke arazo jakinetarako hala eskatzen dutenean edo Udaltzaingoak edo herritarrek beraiek.

Foro iraunkorrak 10-12 kidez osatuta daude: auzoko auzo-elkarteetako ordezkariak eta udaltzainak. Hilean behin biltzen dira oro har, eta, saioetan, kasu irekiak ebaluatzen dituzte, ebatzitakoak ixten dituzte eta berriak irekitzen dituzte.

Lau hilez behin, foro ireki bat antolatu beharko litzakete, eta segurtasuneko tailerreko herritar guztiak daude gonbidatuta. Foro ireki horiek, baina, bertan behera geratu dira osasun-krisia dela eta.