Zorrotzaurreko Hiri Antolamenduko Plan Berezia 2012an behin betiko onartu zen arren, zonaren hirigintza-garapena gauzatzeko beste hirigintza-dokumentu batzuk izapidetu behar izan dira. Azken berrikuntza aste honetan bertan izan da, Zorrotzaurreko Plan Berezia Bilboko Hiri Antolaketako Plan Orokor berrira egokitzea onartu baita, Udalak berak jakinarazi duenez.

Horregatik, Bilboko Udalak planteatu du komenigarria dela Plan Bereziaren oraingo testuan zenbait aldaketa egitea, kontu batzuk argitzeko eta HAPO berrian ageri diren zehaztapenak txertatzeko, adibidez, bizikleta eta ibilgailu elektrikoen aparkalekuetarako dotazioak, eta eraikinen segurtasun (genero-ikuspegia sartzea) eta irisgarritasun baldintzak.

Gainera, Plan Berezian azpiegituren lur-zati berri bat sartu behar da, energia elektrikoko azpiestazio bat jartzeko, uhartea hornitzen duena. Horretarako, bi lur-zati aldatu beharko dira (RZ-9 eta RZ-10).

Modu berean, ekipamendu publikoetarako lur-zatien mugak eta eraikuntza-parametroak berregokituko dira, haien antolaketa erabilera berriek behar dituzten programei egokitzeko.

BILBOKO UDAL PLANGINTZAKO AHOLKU BATZORDEA

Bilboko Udal Plangintzako Aholku Batzordea sortzea 2008ko irailean erabaki zuen Bilboko Udalbatzak. Sektorez osatutako kontseilu bat da, parte hartzeko eta eztabaidatzeko. Honako eragile hauek esku hartzen dute bertan: auzokide-elkarteek, ingurumena babesteari eta hirigintzari lotutako entitateek, helburu sozialak zein ekonomikoak dituzten elkarteek, eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako ordezkariek.

Aholkurako organo honen eginkizun nagusietako bat da hirigintza alorrean herritarren benetako parte-hartzea bermatzea. Horretarako, udal-plangintza orokorrari buruzko aholkuak eman eta txostenak egiten ditu. Hala, Aholku Batzordean, Hiri Plangintzako Sailak edo beste hirugarren batzuek eskatuta landu beharreko gaien gaineko txostenak egiten dira, batzordeko kideek ezagutu ahal izan ditzaten, dagozkien espedienteak idatzi aurretik, eta euren ekarpenak egiteko aukera izan dezaten, Udalak espediente horiei dagozkien izapideak egin aurretik.