Mercabilbaok, Arrain eta Fruta eta Barazkien Merkatu Nagusiak, ospakizuna izan du astearte honetan. Izan ere, 50 udaberri bete ditu aurten. Urteurrena zehazki maiatzaren 3an izan bazen ere, astearte honetan aitortu dute ‘familiako’ kide izan diren langile guztien lana, honekin ospakizunei amaiera emanez.

50 urte hauetan emandako urratsak oroitu eta omentzeko, eskultura bat aurkeztu dute gainera, eta ekitaldiaren buruak izan dira Mercabilbaoko Administrazio Kontseiluko presidente eta Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapena, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi Xabier Ochandianorekin, Udaleko eta Kontseiluko gainerako kideekin eta Mercasa Sozietate Estataleko presidente José Ramón Sempere Verarekin batera.

Ekitaldian ere izan dira Fruta eta Barazkien eta Arrainen eta Itsaskien handizkarien eta txikizkarien elkarteetako ordezkariak, Basauriko instalazioetan dauden enpresetakoak eta Bizkaiko Elikagaien Bankuko presidentea, Miguel Ángel Fernandino.

Hitzorduan Bilboko alkateak aitortu duenez, “hemen historia asko idatzi eta bizi izan dira. Baina bada historia nagusi bat, XIV. mendeko merkatu haren historia, Bilbon Erriberako Merkatua sortu zuen harena eta 1971z geroztik Mercabilbao dena. Gaur egun merkataritza gune handia da, handizkako ehun enpresa baino gehiago eta mila langile baino gehiago ditu. Zalantzarik gabe garrantzi handiko motor ekonomikoa da eta enpleguaren motorra ere bai Bilborentzat, Bizkaiarentzat eta Euskadirentzat”.

Ospakizunak. Bideoa: Jose Mari Martinez

Mercabilbao conmemora su 50 aniversario

Mercabilbao conmemora su 50 aniversario

LIBURU SOLIDARIOA

Amaitzeko, astearte honetan 50 años, 50 recetas liburu solidarioa aurkeztu dute, Bilbo eta Bizkaiko jatetxeetako sukaldaritzako proposamenekin, non hasierakoak, arrain, itsaski eta haragiz egindako plater nagusiak eta azkenburukoak dauden. Errezeta liburua Bilbao Dendak eta Bizkaia Dendak programari atxikitako dendetan banatuko da, asoziazio sareen bidez salmentan laguntzen duten elkarteak baitira.

Aurreratu dutenez, liburuaren salmentarekin biltzen den guztia Bizkaiko Elikagaien bankura bideratuko da, Mercabilbaok 25 urte baino gehiago baitarama erakunde honekin lankidetzan, egunez egun handizkarien enpresek egiten dituzten elikagai donazioen bidez.