BilbaoArte Fundazioaren aurtengo erakusketa datorren astelehenean, hilak 13, irekiko da, lau egunez. Juan Mari Aburto Bilboko alkatea aurreko inaugurazioan egon da ostegun honetan. Bertaratzen direnek aurtengo 26 artista bekadunen lanak aurkituko dituzte erakusketa honetan. Gainera, horien guztien artean zazpi aukeratuko dira datorren urtean bakarkako erakusketa baterako.

Inaugurazio ekitaldi honetan, Juan Mari Aburtok lan bakoitzaren lan-prozesua ezagutu ahal izan du, egileek eurek azalduta; zorionak eman dizkie artistei, eta jakitera eman die Udalak konpromisoa duela BilbaoArte produkziorako zentroak eskaintzen duen ereduari eusteko eta hura sendotzeko. "Bera da arte-sorkuntzako gune batek izan behar duen erreferentea eta eredua: irekia, askotarikoa, zeharkakoa eta etengabe hazten ari dena. Erreferentziazko eta topaketako gune berezi bat. Ez dago Estatuko lurralde osoan beste zentro bat Bilbao Artek eskaintzen dituen goi-mailako zerbitzuak eskaintzen dituenik", adierazi du.

Udalaren arte-produkziorako zentroko aretoetan, aurten, 27 proposamen izango dira erakusgai jarrita, adin bateko eta besteko 27 artista garaikiderenak, bertako nahiz Estatuko artistenak eta nazioarteko artistenak (Mexiko, Kolonbia edo Brasil). Lanen artean ikusi ahalko dira arte garaikidearen azken joeren eta lanerako modu eta prozesuen erakusgarri diren aleak. "Era bateko eta besteko arte-praktiken bidez jartzen da agerian proposamenen kalitatea, eta, proposamen horietan, Fundazioaren eta haren profesionalen bitarteko teknikoak funtsezkoak gertatzen dira asmo handiko erakusketa hau gauzatzeko", adierazi dute BilbaoArteko arduradunek.

ARTISTEKIN ELKARTZEA

Hona zeintzuk diren erakusketa kolektibo honetan parte hartzen duten 26 artistak eta arte-kolektiboa: Urtzi Canto, Liben Svaart, Cristina Zafra, Malu Hatoum, Miquel Ponce, Julia Martos, Mikel Escobales, Roberto Coromina, Begoña Zubero, Miguel Alejos, Fernando Cremades, Amaya Suberviola, Rocío Agudo, Gari Arambarri, Carlos Ramírez-Pantanella, Miguel Ángel Madrigal, Natalia Suárez Ortiz De Zárate, Bernarda Beñat Garmendia eta Maialen Gallastegi, Jon Ander Terroba, Ibon Landa, Helí García, Gin Ro, Sara Padilla, Leire Lacunza, Santiago Ortiz, Guillermo Velasco eta Elvira Amor.

Erakusketaz gain, abenduaren 14a eta 15a osoki emango zaizkio artistak eta haien proiektuak ezagutzeari, eta proposamen bakoitza zeharo aurkeztuko da. Topaketa hauek Fernando Castro Flórez arte kritikariak koordinatuko ditu, eta goiz eta arratsalde izango dira, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Martitzenean, abenduaren 14an, mintzaldi bat izango da Fernando Castrok emana.

Barikuan, hilak 17, jardunaldietako atzenengo egunean, Ana Laura Aláez (artista), Mafalda Rodríguez (Reina Sofía museoa) eta Nekane Aramburu (artearen historialaria, kultur kudeatzailea, museologoa eta jagolea) guneetan zehar ibiliko dira eta 2022an zehar banakako erakusketak egiteko zazpi proposamenak hautatuko dituzte. Haien erabaki jendaurrean emango da ezagutzera arratsalde horretan bertan, artisten aurrean