Joan den ostiraletik hasita, abenduak 3, eta hilaren 14ra bitartean, Bilbok 'Zorrotzaurreko Memoria Bisuala' erakusketa jasoko du. Erakusketak Zorrotzaurreko jatorri historikoaren balioa goraipatuko du. Erakusketa uriko hainbat lekutan egongo da ikusgai, ibiltaria izango baita.

Juan Mari Aburto alkatea izan zen buru ostiralean goizean egin zen inaugurazio ekitaldian, non, berarekin batera, auzotar batzuk eta uriaren inguru estrategiko horren eraldaketan zerikusia izan duten profesionalak ere izan baitziren, eta, alkateak esan duenez: "Zorrotzaurre da Bilbok etorkizunaren alde egin duen apustu handia, baina, gainera, leku egokia da gure historia irakurtzeko eta berregiteko, gure uriaren historia, alegia".

Hala, bada, Zorrotzaurreren eta Deustuibarraren historia ezagutu daitezke erakusketa honetan, non, bat-bateko argazkiak balira bezala, oraintsuko historiako gizarte eta ekonomia zikloetako ikusizko lekukotzak eta protagonistak biltzen baitira; halaber, itsasadarraren ertz honen jatorria bere inguruabarretan erakusten da, ontziolen, marinelen eta nabigatzaileen jarduerarekin baitago lotuta (XIV-XIX mendeak). Beraz, memoria kolektibo bat berreskuratu nahi da, auzotarren eta langileen eta erakundeen gomuten, bizipenen, egitateen, sentimenduen eta harreman eta jardueren bidez, gogoeta eragitearren eta ohartu zeinen ardura handikoa den auzoaren memoria, eraikitzeko eta auzoaren geroari buruz aurrera egiteko.

Erakusketa ibiltaria bi lekutan kokatuko da:

  • Abenduaren 3tik 14ra, Zorrotzaurren: Eugenio Olabarrieta plazan.
  • Abenduaren 17tik 30era, Casilda Iturrizar parkean (Arte Ederren Museoaren ondoan.

Gainera, erakusketan plan osagarriak proposatzen dira, betiere era guztietako jendearendako jarduerak eskaintzearren, eta Bilboko bizilagunek beren historia ezagutzeko aukera izan dezaten, bestelako modu batean, era jostagarrian eta parte hartuz.

Ostiralean goizean bertan, Josu Elvira txalapartariak animatu ditu bertaratu direnak bere musikarekin, eta Zirkozaurrek zirkuko 6 profesionalen jarduerak eskaini ditu.

Beraz, gaur hasi eta abenduaren amaierara arte, proposamena honako hitzordu hauekin osatuko da:

Zirkozaurre

Gaur, abenduaren 3an, 18:30ean, Zirkozaurre irabazteko asmorik gabeko elkarteak, zirkuaren alde eta Zorrotzaurreko inguruaren alde konpromisoa harturik, proposatzen du "Auzoko Zirkuan" parte hartzen dutenen eskutik izango diren zirku erakustaldiez gozatzea. "Auzoko zirkua" Zirkozaurreren ekimen bat da, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailarekin elkarlanean eskainia, eta asmoa du zirkua kontzepturik egungoenean hurbiltzea ikusle multzo batzuei eta besteei, oraindik ere haren inguruan dagoen irudi tradizionalak ezartzen dituen hesiak hautsiz.

Esfera puzgarri bat plazan bertan

Hacería Arteak izeneko taldearekin elkarlanean, esfera erraldoi bat ezarri da Eugenio Olabarrieta plazan. Cadenas Vicinay enpresa ospetsuaren omenez inprimatu da; enpresa hori Deustuibarrean 1946an eraikitako eraikin batean egon zen, eta bera da Bilboko Udalak "arkitekturaren eta historiaren aldetik duen balioagatik" onik iraunarazi dituen 19 eraikinetako bat.

Esfera, bestalde, Hacería Arteak taldeak agindu zuen bere ZAWP proiekturako, eta, zehazki, Zorrotzaurreko memoria bisualaren aldeko lan ildo baten barruan. CULTURVR-en jabetzakoa da, eta Cardiffetik ekarri dute hona, Galesetik.

Grafitiak

Abenduaren 3an, 4an eta 5ean, Clino eta M Gren grafitiaren arloko artistek bertatik bertara egingo dute beren obra, horretarakoxe egokitutako bi edukiontziren pareten artean, eta bi gai jorratuz: kaiko jarduera eta industriakoa, alde batetik, eta auzoa eta auzotarrak, bestetik.

Ikustaldi antzeztuak

Abenduko lau asteburuetako zapatuetan (hilak 4, 11, 18 eta 25), 12:00etatik 12:40era, eta 13:00etatik 13:40era, ikustaldi antzeztuak egingo dira etxeko txikienek aukera izan dezaten esperientzia bakan eta berezi bat bizitzeko ipuin moduan moldatutako gaietara hurbilduz.

Ikustaldiak Nuria Veliente (gaztelaniaz) eta Ana Otxoa (euskaraz) aktoreen eskutik egingo dira.

Oihal gaineko inprimaketa tailerra

Abenduko domeketan (hilak 5, 12, 19 eta 26), 12:00etatik 12:45era, eta 13:30etik 14:15era, oihalezko zorroen gaineko inprimatzeari buruzko tailerrak izango dira. Tailerretan Zaloa Ipiña eta Irati Retozala grabatzaileak ariko dira irakasle.

Irratsaioa eta hitzaldiak

Jarduera hauetan, protagonistak izango dira Zorrotzaurrerekin zerikusia duten pertsonak, eta auzoaren eta haren eraldaketaren garrantziaz jardungo dira. Hala, beraz, era bateko eta besteko eragileak hurbilduko dira irrati ibiltari honetara, lekukotzak, pasadizoak eta istorioak kontatzera, uhartearen iraganaz, orainaz eta etorkizunaz.

Irratsaioak ordubete iraungo du gutxi gorabehera, eta abenduaren 12an eta 19an izango da, 12:30etik 13:30era.

DJak eta bideo-artea

Era bateko eta besteko DJak igaroko dira edukiontzietako batetik, zeintzuk lehenengo Zorrotzaurren egongo baitira, eta ondoren Casilda Iturrizar parkean, musika elektronikoko saioak eskainiz bi orduan zehar, Bilboko bizilagunak erakusketara erakartzeko.

Hitzorduak, beraz, abenduaren 4an, 6an, 8an, 11n, 18an, 23an eta 29an izango dira, 18:00etatik 22:00etara.

Gainera, DJak musika jartzen dabiltzan bitartean, jendeak bideo-artezko zenbait lan gozatu ahal izango ditu.

  • Zapatuan, abenduaren 4an: Family Men DJak.
  • Astelehenean, abenduaren 6an: Felix Daniel & Lourdes Madow.
  • Eguaztenean, abenduaren 8an: Lourdes Madow.
  • Zapatuan, abenduaren 11n: Family Men DJak.
  • Zapatuan, abenduaren 18an: Estrella Electrónica
  • Eguenean, abenduaren 23an: Bell Brown
  • Eguaztenean, abenduaren 29an: Lourdes Madow.

Sarrera doakoa izango da harik eta lekuak bete arte. Gehienezko jende kopuruak mugatu egingo dira, jarduera guztiak erosotasunez eta seguru egin ahal izateko, eta maskara beharrezkoa izango da kasu guztietan.

EUROPAKO PROIEKTUA

Bilboko Udalean, 2020 Europar Estrategiaren eta Hazkunde Iraunkorreko Programa Operatiboaren (POCS) ildoari jarraituz, Zorrotzaurre eremuan Hiri-garapen Jasangarri eta Integratua (DUSI) ezartzeko plana garatu da; diziplina anitzeko proiektu handia da, FEDER Funtsak kofinantzatuta dago eta Udaleko hainbat sailek hartu dute parte.

Plan honen xedea da gune historikoki industrial bat berreskuratzea, gaur egun erabiltzen ez diren espazioak baititu, eta Bilboren trakzio-auzo berria izatea. Hiriarekin ongi konektatuta egongo da azpiegituren bidez eta mugikortasun iraunkorreko eredua izango du, kutsatzen ez duten enpresa-ezarpen eremuak, etxebizitza irisgarria, hainbat gizarte-ekipamendu eta kultural, eta herritarrek ongi pasatzeko eremu zabalak.