Urtero bezala, Bilboko Udala heriotza-zigorraren aurka agertuko da aurten ere bai, 'Hiriak bizitzaren alde- hiriak heriotza-zigorraren kontra' izeneko nazioarteko kanpainarekin bat eginez. Hori dela eta, Arriaga Antzokiaren aurrealdea urdinez argiztatuko du astearte honetan, hilak 30.

Ekimen honek baditu jada 2.300 hiri baino gehiago mundu osoan, eta, oraingo aldi honetan, 18:00etatik 21:00etara gauzatuko da. Aurreko edizioetan bezala, Bilboko Udalak pantaila erraldoi bat jarriko du Arriaga Antzokiko Plazan, giza eskubideen aldeko bideoak eta mezuak proiektatzeko, eta jaima bat, non Amnesty International-eko boluntarioek heriotza-zigorraren aurkako sinadura bilketa egingo duten eta arratsaldea musikaz girotuko duten.

Horrela babestuko du Bilboko uriak Heriotza Zigorraren aurkako Munduko Koalizioak sustatutako kanpaina. Koalizio horretako kide dira Amnesty International eta mundu osoko 60 erakunde, abokatuen elkargo, sindikatu eta eskualdeko eta tokiko agintari baino gehiago.

"Heriotza-zigorra defendaezina da, eta justizia-sistema hutsezina balitz ere, inor ez litzateke exekutatu behar, ezta heriotzara kondenatu ere", azaldu du Itziar Urtasun Lankidetza eta Bizikidetzako zinegotziak, eta gaineratu du "heriotza-zigorra giza eskubideen ukazio handiena dela, eta justiziaren izenean kalkulatutako indarkeria hori erabiltzeak edozein justizia-sistema zikintzen duela."

1977an, 16 herrialdek soilik indargabetu zuten heriotza-zigorra, beren legedian eta praktikan. Gaur den egunean, mundua, oraindik ere, abolizioaren bidean urratsak egiten ari da. 2018aren amaierarako, 106 herrialdek, munduko estatu gehienek, deuseztatua zeukaten legedian, delitu guztietarako, eta bi herenek baino gehiagok, 142k, deuseztatua zeukaten legeditik edo praktikan. Izan ere, 2020an, Amnesty International erakundeak 483 exekuzio erregistratu zituen, 18 herrialdetan banatuta, 2019an baino % 26 gutxiago, hau da, azken hamar urte honetan erregistratutako exekuzio-kopururik txikiena.