Bilboko Udalak Campo Volantin pasealekua eta Tiboli zeharbidea lotuko dituen igogailu berri bat jarriko du hurrengo hilabeteetan, irisgarritasun unibertsalaren aldeko bere apustuan.

Udalak gogoratu duenez, plataforma ezberdinetan daude kale horiek, eta batetik bestera joateko eskailerak edo malda handiko arrapalak daude (kasu batzuetan, malda % 21,5era iristen da). Zehazki, San Agustin estratara lehenengo eta Tiboli zeharbidera ondoren doazen arrapalak eta eskailerak Campo Volantinetik abiatzen dira, 5. eta 7. zenbakien atarian dauden ataripeetatik.

Egoera hori nabarmen hobetuko da Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Sailak aurreikusitako elementu mekaniko bertikal berriarekin. Obrak gaur bertan hasiko dira. Igogailuak 16,36 metroko altuerako desnibela gaindituko du, eta bi geraleku izango ditu 180º tan eta larrialdiko geraleku bat, eta hamahiru lagunentzako tokia.

Aurreikusitako lanen artean daude, halaber, pasabide bat egitea -18,31 metro izango ditu-, jendea errazago joan dadin igogailuaren goiko geralekutik Tiboli zeharbidearen eta San Agustin estrataren arteko elkargunean dagoen plazara. Udalak plaza hori konponduko du, baita ondoko ezponda ere.

Igogailuaren kabina eta goiko pasabidea egitura metalikoz egingo dira. Igogailuak 24 orduko bideo-zaintza eta argiztapenerako led proiektagailuak izango ditu; pasabidean, berriz, bi zutabe jarriko dira, led argiak dituztenak.

Gainera, igogailuak berak eskatzen dituen zerbitzuen hartuneak egingo dira eta obrek ukitzen dituzten sareak ere bideratuko dira.

Urbanizazio berriko guneetan hiri-altzari berriak eta lorezaintzako elementuak jarriko dira.

Igogailu honen aurrekontua 1.247.851,74 eurokoa da (BEZa barne), eta datozen bederatzi hilabetean egitea aurreikusten da. Igogailu horrekin, Udalak irtenbide irisgarria proposatzen du, hortik hurbilen dauden atarietako bizilagunei mesede egiteaz gain, Matiko eta Castaños auzoetako herritar guztien bizi-kalitatea hobetzen lagunduko du; izan ere, abian jartzearekin, eremu osoko barne-mugikortasuna erraztuko da.

HAMAR IGOGAILU ERAIKITZEN

Honekin, hamar igogailu egiten ari da Udala une honetan.

Bat gehiago 2. barrutian (Uribarri). Zehazki, bat Abasolo kalearen eta Lezamako Trenbide Zaharreko bidearen artean.

Beste lau garatzeko fasean daude Otxarkoagan: hiru, Txotena kalean (4., 29. eta 34. zenbakien ondoan) eta laugarren bat Ángela Arregui plazan.

Altamiran ere, lau ari dira egiten, auzoko Irisgarritasun Plan Integralaren barruan