Bilboko Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu Ramiro Arrue margolariaren heriotzaren 50. urteurrena dela eta, euskal pintura tradizionalaren erakusle den bilbotar hau oroitzeko asmoz.

Ospakizun honekin, Udalak Ramiro Arrue bilbotarraren bizitza eta lana ezagutarazi nahi ditu, bere lana publikoari hurbildu, eta euskal artearen barruan bere figurak duen garrantziari balioa eman.

Ramiro Arrue (Bilbo, 1892 - Donibane Lohizune, 1971). 1907an, Parisera joan zen; bertan, marrazketa- eta pintura-ikasketak egin zituen, eta maiz ibiltzen zen Nemesio Mogrobejo, Franciso Durrio eta Antoine Bourdelle eskultoreekin eta Ignacio Zuloaga margolariarekin. 1911n, Ziburun kokatu zen. Urte horretan bertan, Euskal Artisten Elkartearen sorreran parte hartu zuen, eta hainbat zuzendaritza-kargu bete zituen, bere anaiek bezala. 1929an ezkondu zenetik -eta hil zen arte- Donibane Lohizunen bizi izan zen. Margolaria izateaz gain, eszenografoa eta esmalte finen egilea izan zen bere anaia Ricardorekin batera, baita ilustratzaile eta kartelgilea ere.

Horrela, Udalak bi ekitaldi antolatu ditu Bidebarrietako liburutegian. Sarrera librea eta doakoa, Ramiro Arrueren figura ezagutu nahi duten guztiak bertara daitezen. Bi ekitaldiak Udane Goikoetxea kazetariak aurkeztu eta moderatuko ditu:

  • Asteartean, azaroaren 23an, Olivier Ribeton Baionako Euskal Museoko kontserbatzaile nagusi erretiratuak «Ramiro Arrue: abangoardia eta tradizioaren artean» hitzaldia emango du. Ribeton Baionan jaio zen 1952an, eta arte-historialaria da. Bere jaioterriko museoa 31 urtez zuzendu zuen, eta Ramiro Arrueren lana oso ondo ezagutzen du.
  • Asteazkenean, azaroaren 24an, «Ramiro Arrue. Bera, él, lui» dokumentala proiektatuko da -efemeride hau aitzakia hartuta egin eta editatu da-. Lekukotzen eta irudien bitartez, artistaren bizitza, haren lan ugaria eta askotarikoa eta gaur egun oraindik dirauen aztarna erakutsiko dira. Proiekzioaren ondoren, dokumentalaren egileek -Glasso Agentziako taldea- ikus-entzunezko lan hori nola bideratu eta garatu zuten kontatuko dute