Bilboko Udalak 3.001.477,60 euroko aurrekontua bideratuko du María Díaz Haroko kalea korridore berde bihurtuko dituen lanak egiteko. Astelehen honetan, azaroak 15, hasi egin dira lanak, eta aurreikusi egin dute hamalau hilabeteko iraupena izango dutela.

Lan horrekin, Bilboko Udalak eraldatu egin nahi du kale hori, korridore berde bihurtuz Kaxilda Iturrizar parkearen eta Ametzola parkearen arteko tartean. Jardun globaleko eremu bat da, zeina kilometro bat luze baita luzeran, eta fatxadatik fatxadarako sekzioa 25 metrokoa da.

Lehenengo faseak (Parkearen fasea du izena), kalearen amaierako tartea hartzen du; hain zuzen, Simón Bolívar, Pérez Galdós, Egia Jenerala eta Autonomia kaleen arteko etxadiak. 9.000 metro koadro inguruko eremua hartzen du, eta, horietatik, 6.000 baino gehiago oinezkoen guneetarako eta berdegune berrietarako baliatuko dira.

Horretarako, berrantolatu egingo da kalearen sekzioa, eta gutxitu egingo da galtzadaren eremua, errei bat baino izango ez duelarik. Horri esker, zabaldu egingo dira espaloiak, 4 metro eta erdira arte, oraingo 3 metroen aldean, eta eremu zentral handi bat sortuko da korridore berde moduan. Hantxe kokatuko da parke bat ilaran, egonlekuak eta pasealekuak hartuko dituena. Era berean, umeen olgetarako gune bat sortuko da erdialdeko tartean.

DRAINATZE JASANGARRIKO HIRI SISTEMAK

Oro har, lehen zeuden zuhaitzak ordeztu egingo dira, ez baitaude onik; hala, zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dira, bai eta soropilak ere, parterreen gunean.

Nabarmentzekoa da Maria Diaz Haroko kalerako proposatzen diren berdeguneak eta zuhaiztiak ikuspegi jakin batekin proposatu direla: zuhaitza lurpearen protagonista izatea, ondo garatu eta haz daitezen. Formula berria da, uriko beste leku batzuetara ere zabaldu ahal dena.

Zuhaitza lurpearen protagonista nagusi izateko, haiei garatzen laguntzeko mekanismoak eta sistemak ezarriko dira, eta ezabatu egingo dira aurki ditzaketen oztopoak, eta inguru egoki bat sortuko da haientzat, bai drainatzeko, bai etorkizunean garatzeko.

Alde horretatik, bada, drainaketa jasangarriko sistema urbanoak (DJSU) prestatuko dira, bestelako ikuspegi bat bideratzeko, euri-urak hirietan kudeatzeko moduari begirunea gordeko diona. Maria Diaz Haroko kalean baliatuko diren DJSU deritzenen oinarria zera da: deposituak edo biltegi-gelak ipintzen dira tarte bakoitzeko lekurik beherenetan, halako moldez non ura lurrera iragazteko modua ematen den, eta horren guztiaren lagungarri, drainaketa sare bat, soberan geratutako ura euri-uren sarera eroateko.

Beste alde batetik, zenbaki bikoitien espaloiko txorkoen ilaran, eta baita ere ilarako parkearen luzera osoan joango de bidezidorraren pean, lurzoru egiturazko bat ipiniko da, gelen eta beste material batzuen bidez bereziki tratatutako legarrekin, zuhaitzen zuztarrei hazten lagunduz eta lur azalera atera daitezen eragotziz.

PAISAIA KROMATIKOA

Maria Diaz Haroko kalean berdegune berri bat sortuko da oinezkoarentzat, eta espazioa irabaziko da, eta paseatzeko lekuak sortuko dira, bai eta belardiak ere, zuhaixka tapiz gisako, dotore eta koloretsuarekin.

Zuhaitz masa handi bat sortuko da, eta Autonomiatik nahiz Kale Nagusitik eta aldamenetako eraikinetatik ikusi ahal izango da. Zuhaitzak kolorez nahiz eitez desberdinak izango dira, eta hosto galkorrekoak eta iraunkorreko espezieak nahastuko dira, eta, era horretan, paisaia kromatiko urtaroen arabera aldakor bat sortuko da.

Jabeturik zuhaitz handiek espazio handia behar dutela ondo zuztartzeko eta gorantz hazteko, Udalak lehentasuna eman dio haien ingurua hobetzeari, eta izan daitezkeen eraginak aztertu ditu (fatxadak, oinezkoen joan-etorriak, ibilgailuen joan-etorriak, lurpeko instalazioak...), orain edo gerokoak.

Hori dela-eta, hainbat espezie hautatu dira, eta haien espazio-beharrizanak aztertu, bai eta zuhaitz aleen artean izan beharreko tartea ere, guztiz garatu daitezen haien arkitekturan esku hartu beharrik gabe, ez orain, ez gero. Horrez gain, hautatuko diren espezieek nortasuna emango diote kaleari.

Zuhaitzak kalearen beraren ezaugarriei egokitu dakizkien, gune zolatuetako zuhaitzen lerrokadura aldendurik egongo da, ahal dela, fatxadetatik, eta asmoa da txorkoen artean ondo hazteko moduko tarteak uztea, aleen artean zazpi metroko tartea utzita.

ZUHAITZAK ETA ZUHAIXKAK

Parkearen gunerako, ezki ilauntsua hautatu da espezi nagusitzat. Hala, zuhaitzen kalitatea hobea izango da etorkizunean, trinkoagoa izango baita haien garapena, eta espezie tipoarena baino tamaina txikiagokoa.

Ezkia ugaria da Bilbon. Izan ere, Maria Diaz Haroko kalean, gaur ere, badago, ilaratan. Hala ere, leku eskasiagatik, inausketa larriak egin behar izaten zaizkie. Aleen artean tarte egokia utzita eta barietate hori hautatuta, trinkoagoa eta zutagoa baita, saihestu egingo da arazo hori.

Hosto iraunkorreko espezie bat ere hautatu da, kalearen osotasunari egonkortasuna emango diona, iraunkorra izanik, baita neguan ere. Artea izan da hosto iraunkorrekoen artean hautatua: gutxi erabiltzen da hirietan, eta, hala eta ere, ezin hobeto egokitzen zaio hiri inguruneari.

Tarte bakoitzaren muturretan, landaketarako gune bat hautatuko da, estrategikoki, eta txorko bat edo bi egin ahal izango da bakoitzean, Freeman astigarra landatzeko. Hibrido bat da, adaburu estu eta trinkokoa, erritmoa eta nortasuna eskaintzen dituena, udazkenean kolore bizi-biziak hartuz, zeren eta haren hosto berdeak gorri min-minak bihurtzen baitira, apurka-apurka, erori aurretik.

Zenbaki bikoitietako tarteetan, beste alde batetik, txorkoen artean 7 metro utziko dira, lerrokatzeko, eta haietan ere astigarrak landatuko dira, baina Red Shine barietatekoak.

Beste alde batetik, zuhaixken geruza sinplifikatu egin da, erraz zaindu ahal izateko. Landaketak iraunkorrak izango dira osoki, eta gogortxuak hautatu dira, Ever Price barietatekoak, espezie tipoa baino trinkoagoa baita. Landaketa mota horrekin, hesi bat sortuko da, galtzada ezkutatuz bakoitietako espaloikoentzat eta bulebarretik igaroko dan pasealekutik doazenentzat.

Parterreak handiagoak diren lekuetan, belardiak ereingo dira, espezie nahasketa landatar baten bidezkoa, eta, hala, inguruan baretze eta nasaitasun irudipena eragingo ditu.

Azkenik, gainerako gune lorategidunetan, tapiz irudipena eragiten duten bi espezieen nahasketa erabiliko da, biak ere oso gogorrak: liriopea eta neguko hortentsia; aldiz, landare-ontzietarako, geltokiaren inguruan baitaude, zuhaixkak eta landare bizikorrak nahastuko dira, bai hosto galkorrekoak, bai hosto iraunkorrekoak: ezpel uztaiak, arrosa zuria, berbena belarra, agapanto zuri eta urdinak eta gaurak.

UMEEN GUNEA

Txikienentzako eremuan hiru gune bereizi izango dira, Maria Diaz Haroko kalearen tarte honen luzera osoan: bi elipsi, 145 metro koadrokoak bakoitza, eta han izango dira jolaserako gailuak, adin guztietarako; eta orobat jolas librerako zona bat erdialdean, 170 metro koadrokoa. Azken horretan, ez da izango ez altzaririk, ez zuhaitzik, eta, hala, umeak lasai ibili ahal izango dira arineketan.

Umeentzako gune horietan, hormigoi armatuzko horma batzuk izango dira, bidetik babesteko. Gune batzuetan, horma horietan jarleku bat egingo da, lekuan bertan, hormigoi armatuz.

ARGIZTAPENA

Kalea argiztatzeko, argiak bi garaieratan ipiniko dira: 4 metrokoak, oinezkoen eremuetan, eta 6 metrokoak, bidearen aldera. Hainbat eratako argiak ipiniko dira, kokalekuaren arabera eta izango duten eginkizunaren arabera.

Alde batetik, argiztapen abangoardista eta funtzional bat proiektatu da espaloi eta bide inguruetarako; aldiz, parkerako, argi estetikoagoak eta modernoagoak izango dira.

Eite eta material desberdinak baliatuko dira, inguruaren erabilerarekin bat etorriko den giro bat lortzeko. Nabarmentzekoa da argiaren aldaketa kromatiko bat izango dela parkean, eguneko orduaren arabera, tonu hotzak edo beroak baliatuz urtaroaren arabera eta eguneko unearen argiaren arabera.

Horrez gain, iturri apaingarri bat ipiniko da, parkearen forma makurren araberako diseinu batekin, eta gai noblez egina, hala nola kareharria. Iturri horretan, gainera, gaueko argiztapena ere izango da.