Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du aurten ere bai 'Birziklatu! Sartu birziklatzearen gurpilean' izeneko kanpainarekin. Horren helburu nagusia ondo birziklatzeak duen garrantziaz ohartaraztea da.

Hala, abenduaren 17ra arte, bi ingurumen-hezitzailek gidatutako motogurdi bat hirian zehar ibiliko da eta mota guztietako informazioa eskainiko du in situ hondakinak gaika biltzeari buruz.

Erraz identifikatzeko moduko informazio-gunea da, eta Bilboko auzoak zeharkatuko ditu. Informazioa eskatzera edo birziklatzearekin zerikusia duen konturen bat galdetzera hurbiltzen diren herritar guztiek bi tablet elektronikoren zozketan parte hartu ahal izango dute. Sariketan parte hartzeko, inkesta soil bat erantzun beharko da: birziklatzeari eta gaikako bilketari buruzko 10 galdera dira.

Motogurdiaren ibilbidea erantsitako koadroan kontsultatu daiteke. Halere, eguraldia txarra balitz aldaketaren bat jasan lezake.

ECOEMBES

Ecoembes irabazi-asmorik gabeko erakundea da, plastikozko ontziak, latak eta brik motako ontziak (edukiontzi horia) eta kartoizko ontziak eta papera (edukiontzi urdina) berreskuratzea eta birziklatzea Estatu osoan kudeatzen duena. “Kolaborazioaren boterea” da haien lema. Herritar guztien artean, ontzien hondakinek ingurumenean daukaten inpaktua murrizten laguntzen dugu, haien bizitza luzatzeko eta ekonomia zirkular baterantz joateko.

2020an, covid-19aren pandemiak markatutako urtean, birziklatze-plantetara bidali ziren etxeko plastikozko ontzien, briken, metalezko eta paper eta kartoizko ontzien pisu osoa -gerora gaikako bilketaren bidez eta gainerako hondakinen edukiontzitik berreskuratu zirenak- ia 1,5 milioi tona izan zen. Bilketa honi esker, ingurumen-onura dezente lortu dira, besteak beste, atmosferara CO2 gasaren 1,6 miloi tona gutxiago isuri zen eta 6,2 milioi MWh energia aurreztu zen (600.000 etxetan urte oso batean kontsumitzen den energia). Halaber, 20,2 miloi metro kubiko ur aurreztu ziren.

ECOVIDRIO

Irabazi-asmorik gabeko entitate honek Estatuan beirazko ontzien hondakinak birziklatzea kudeatzen du 1988az geroztik. Birziklatze-kate osoa, sentsibilizaziorako ekimenak, gaikako bilketa, beirazko ontzien hondakinen garraioa, tratamendua eta merkaturatzea kudeatzen ditu.

Ecovidrio-k zerbitzu publikoa eta unibertsala bermatzen du herritarrentzat eta, halaber, produktuak beiran ontziratzen dituzten konpainiei kudeaketa-eredu eragingarria (ingurumenaren eta ekonomiaren aldetik) eskaintzen die. Gaur egun, 8.000 ontziratze-enpresa dira birziklatze-sisteman ekarpena egiten dutenak. Entitatean integratutako sektoreek Espainiako BPGaren % 3 baino gehiago osatzen dute eta beirazko ontzien % 99 merkaturatzen dute.