Euskalduna Jauregiak "Lainoen artean" kontzertua hartuko du datorren astelehenean, azaroak 8a. Bilboko Udal Txistulari Bandak eta Elisabeth Pérez ilustratzailea elkartuko dira kontzertu berezi honetan, Alzheimerrari burzkoa izango dena.

Garikoitz Mendizabalek zuzentzen duen txistularien boskoteak Elisabeth Pérez ilustratzailearen irudi eta poemekin fusionatuko ditu bere doinu tradizionalak, eta giro bero eta intimoan murgilduko dute publikoa. Ikuskizun eder eta hunkigarria izango da. Ilustratzaileak berak idatzi eta ilustratutako «Arrain on baten memoria» liburua berreskuratuko da. Bertan, neska gazte batek istorio maitagarria kontatzen du bere izebaren gaixotasunari buruz duen ikuspuntua erakutsiz. Kontzertu honetan une nostalgikoak eta erritmo tradizionalen alaitasuna nahastuko dira, ilustrazioaren magia eta dinamismoa eta txistuaren musika uztartuz.

"Lainoen artean", Txistulari Banda Euskalduna Jauregian eskaintzen ari den kontzertu-zikloaren bigarren hitzordu musikala izango da. Boskoteak urriaren 18an ekin zion eszenatoki honetako emanaldien denboraldiari

Kontzerturako sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabankeko kutxazainetan eros daitezke. 2 euroko prezioa dute, gehi kudeaketa-gastuak (1,50 euro).

Bilboko Udal Txistulari Bandaren hurrengo emanaldia azaroaren 20an izango da, larunbata. Bidebarrietako Liburutegian eskainiko duen urteko hirugarren eta azkenaurreko kontzertua izango da, banda tradizionalaren formatuan.

BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA

Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina.