Jose Rafael Pascual-Vilaplana Bilboko Udal Musika Bandaren gidaritza berrriro hartuko du datorren igandean, azaroaren 7a. Zehazki, Euskalduna Jauregiak hartuko duen "Gertuko ahotsak" kontzertua zuzenduko du, denboraldiko hirugarrena izango dena. Gainera, hitzordu honetan kolaborazio berezi bat izango du, antolatzaileek jakinarazi dutenez, Jordi Ripoll fagot bakarlaria eta Enrique Azurzak zuzendutako Bilboko Koral Elkartea parte hartuko dute.

Kontzertuan zehar, "Gertuko ahotsak" izenburupean, publikoak ikuskizun zoragarri batez gozatzeko aukera izango du. Bertan, William Francis McBethen "Masque op.44", Maxime Gouleten "Le Basson fait son circus", J. Vicent Egearen "Tempus Vernum" eta John Rutterren "Gloria" interpretatuko dituzte, besteak beste.

Sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank kutxazainetan eskuratu ahal izango dira. Prezioari dagokionez, 5 euroko kostua dute publiko orokorrarentzat eta 4 eurokoa 65 urtetik gorakoentzat, pentsiodunak, erretiratuak eta Gazte Txartelaren titularrak, gehi kudeaketa-gastuak (1,50 euro).

Bandaren hurrengo hitzordua azaroaren 21ean izango da, "Hurbileko munduak" kontzertuarekin. Bandak eszenatokia errepikatuko du, baina berritasun nagusia zuzendaritzan egongo da, Martin Baeza-Rubio maisuak gidatuko baititu musika taldeko 40 musikari baino gehiago. Ikuskizun horretan, besteak beste, Jesús Guridi, Giuseppe Verdi, Joaquín Turina, Pietro Mascagni, Richard Wagner eta Manuel de Falla musikari handien lanak entzungo dira.