San Ignazion 97 komunitatean igogailuak jartzea bultzatzeko SURBISAK, bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Sailaren bidez, bulego bat irekiko du auzoan. Bere helburua da laguntzei buruz informazioa eta tramitazioa auzokideei hurbiltzea. Beste era batera esanda, izapideak errazteko eta igogailuen kokalekuaz eta irisgarritasunaz sor litezkeen zalantza guztiei bertatik bertara erantzuteko.

Astelehen goizetan irekiko da herritarrentzako hurbileko arretako zerbitzu hau, San Ignazioko Udaltegian, bizilagunak eraikinetan igogailuak jartzeko laguntza ekonomikoei buruzko informazioa jasotzera joan daitezen, dauzkaten zalantzak galdetu ditzaten, eta laguntzak izapidetu ditzaten.

Hiri Berroneratzearen Sailak ondo daki zer garrantzitsua den prozesu honetan eskatzaileekin egotea. Horregatik, bulego honetan laguntza emango diete etortzen diren pertsonei: aholkua eskainiko zaie erabakiak hartzean, proiektuaren idazketa eta obra kontratatzean, obren finantzaketan, administrazio-izapideetan eta laguntza ekonomikoen izapidean.

Jarduketaren eremua Obra Sindikaleko 97 atariek osatzen dute, guztiak igogailurik gabekoak; 968 etxebizitza dira eta 2.071 pertsona bizi dira beraietan. 23 etxaditan batuta daude, eta beste 55 eraikinen ondoan daude, etxadi itxurarekin eta igogailuarekin, baina denak ez dira irisgarriak. Surbisaren bidez, Hiri Berroneratzearen Sailak igogailuak instalatzen eta irisgarritasuna hobetzen lagunduko die jabeen elkarteei.

Zehazki, bere lana lau urratsetan gauzatuko du: egoeraren diagnostikoa, konponbiderako proposamena, kontratazioa bultzatzea, eta finantzaketan laguntzea.

“Lagundu nahi dugu bizileku-eraikinetan igogailuak ipintzen, pertsona guztiek, bereziki adinekoek eta mugitzeko zailtasunak dituztenek, euren bizi-kalitatea eta ataritik etxebizitzetarako irisgarritasuna hobetu ditzaten, errotzea eta autonomia pertsonala eta gizarteratzea sustatuz”, azaldu du Nora Abete Bilboko Udaleko Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotziak. “Helburua da pertsonek euren etxeetan bizitzen jarraitu ahal izatea, haien egoera edozein dela ere, eta, beraz, auzoan bizitzearen aldeko apustua egiten jarraitzea”.

Lehenengo urratsetan, SURBISAk aholkularitza teknikoa emango du igogailuaren kokapenari eta ezaugarriei buruz, eta aholkularitza juridikoa eskainiko du erabakiak hartzeko: gehiengoak, formalitateak, deialdiak, plangintza, Surbisan bilerak egiteko aukera, etab. Modu berean, obren finantzaketa antolatzen lagunduko du, laguntza ekonomikoen informazioa eskainiz. Hori guztia adostasunak formalizatze aldera.

Gainera, kontratazioa sustatuko du, arkitektoak eta kontratak hautatzeko aholkularitza teknikoaren bidez. Behar den finantzaketa lortzeko, finantza-soluzioak bilatzen lagunduko du, laguntza ekonomikoen izapideekin batera erabakiak hartzen eta irisgarritasuna hobetzen laguntzen dutenak. Azkenik, obran zehar arreta jarriko du berankortasunean, eta aholkularitza emango du lanak irauten duen bitartean sor litezkeen arazoen aurrean.