Bilbao Universitario Rugby taldeak Errekaldeko Udal Kiroldegiko errugbi-zelaian jokatu ahal izango du nazioarteko eta estatuko maila goreneko partiduak hartzeko homologazioa jaso duelako. Akreditazio hau lortzeko, Bilboko Udalak parte hartu izan du belar artifiziala aldatzean eta jokalekuaren neurriak handitzean.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak eta Udal korporazioko beste kide batzuek zelaia bisitatu dute gaur goizean.

Juan Mari Aburtok azpimarratu du garrantzitsua dela Bilbo ekitaldien hiri izatea: "Ekitaldiak antolatzen dituen hiria izaten jarraitu nahi dugu. Eta kirol ekitaldiak antolatzen dituena ere bai, aukera ematen digutelako jarduera fisikoa eta aisialdia nahiz ohitura osasungarriak sustatzeko, eta, hala, Bilbo nazioarteko erakusleihoan kokatzeko, uriaren garapenean lagunduz. Zelai honen homologazioak helburu horretan aurrera egiteko aukera ematen digu, eta horretaz gain, zelaia errugbilarien zerbitzura ez ezik, uriaren zerbitzura jartzeko aukera ere bai", amaitu du.

HOMOLOGAZIOA LORTZEKO ESKU HARTZEAK

Zelaia homologatzeko, beharrezkoa izan da jokalekuan esku hartzea eta Worl Rugbyren eskakizunetara egokitzea.

Alde batetik, Bilboko Udalak belar artifiziala aldatu du, jolaserako egoera onean egon arren, maila goreneko lehiaketek eskatzen dituzten materialen estandarrak betetzen ez zituelako. Kendutako belarraren zati bat berrerabili egingo da, eta beisbol-zelai batean jarriko da, El Fangoko kiroldegian bertan, eta horrela, hobekuntzak egingo dira han ere.

Bestalde, hegalak aldatu ditu Udalak, zelaiaren neurriak handitzeko, beharrezkoa baitzen maila horietan.

Azkenik, lanak aprobetxatu dira kirol-ekipamenduak berritzeko eta ureztatzeko, urak biltzeko eta euri-urak biltzeko sistemak hobetzeko.

Bilboko Udalak, Bilbao Kirolak entitatearen bidez, 290.000 euro bideratu ditu lan horietara.