Aurtengo Domu Santu Egunean Bilboko eta Deustuko hilerriak berriro irekita egongo dira guztientzat. Pasa den urtean, Covid dela-eta, itxiera perimetrala ipinita zegoen eta horregatik, jende asko ezin zen hilerrietara egun horretan. Baina orain hilerriak zabalik egongo dira eta ohiko ekitaldiak berrezkuratuko dira.

Ordutegiei dagokienez, Bilbokoa 08:00etatik 18:00etara egongo da zabalik, eta Deustukoa, berriz, 08:00etatik 15:00etara, azaroaren 1ean izan ezik, egun horretan 08:00etatik 18:00etara egongo baita herritarrentzat irekita.

DOLU PERINATALERAKO GUNE BERRIA

Aurten, berrikuntza gisa, Bilboko hilerriak dolu perinataleko gune bat izango du, oroitzapenerako topaleku pertsonalizatua eta intimoa, haurdunaldian, erditzean edo erditze ondoren alaba edo semea galdu duten familia guztientzat.

Ama edo aita izatearen ametsa, askorentzat, hastera zihoan unean bertan amaitzen da. Haurdunaldian edo jaiotzeko unean seme edo alaba bat galtzea oso egoera traumatikoa eta mingarria da, eta dolu perinatalak ikusezin izaten jarraitzen du gizartean. Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak isiltasun hori apurtu gura izan du, Bilboko udal-hilerrian intimitate- eta oroitzapen-espazio pertsonalizatu bat ezarriz, haurdunaldian, erditzean edo erditu ostean seme-alaba galdu duten familia guztientzat. Gunearen aurkezpen ofiziala laster egingo da. Dolu Perinatalari Laguntzeko Euskadiko Taldearen lankidetzarekin eta parte-hartzearekin, irekiera sinbolikoa azaroaren 1ean izango da.

Espazio horren bidez, familia horiei arreta emateko dagoen hutsunea bete, haien galerak ikusarazi, eta gurasoei doluan lagundu gura da. Memoriala irekia eta konnotazio erlijiosorik gabea da, 63. etxaldean dago. Mungiako errepideko atetik Hilerrira sartzeko sarbidearen ondoan, eta 30 metro karratuko azalera du.

COVID-AREN AURKAKO NEURRIAK ETA LANGILE GEHIAGO

Zalantza barik, udal-hilerrien kudeaketaren urteko egunik garrantzitsuenetako bat da. Hori dela eta, Bilbao Zerbitzuak-ek ekintza-plan berri bat jarri du martxan, hilerriak duintzeko eta haien zerbitzuaren kalitatea hobetzeko eta, aldi berean, pertsonen bertaratze masiboaren ondorioz gura ez den kutsadura-gune bihur ez daitezen. Ildo horretan, gogorarazten da musukoa erabili behar dela pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko segurtasunezko distantzia gordetzea ezinezkoa den egoeretan.

Modu berean, hilerriko sarrera nagusian gel hidroalkoholikoa hornitzeko lau puntu jarriko dira bisitarien eskura, beste bi kaperarako sarbidean eta beste bi Derioko Mungialde Etorbidea kaleko sarreran, eta, horrez gain, gel hidroalkoholikoa banatzeko ohiko guneek eskuragarri jarraituko dute, errausketa-laberako sarbideetan eta Bilbao Zerbitzuak-en bulegoetan.

Bulegoetako aurrez aurreko arreta ere indartu egingo da urriaren 30ean eta 31n, eta azaroaren 1ean pertsona bat gehiagorekin. Ondorioz, jende aurreko ordutegia goizeko 08:30etik arratsaldeko 17:00etara luzatuko da.

UDALTZAINGOAREN ETA GURUTZE GORRIAREN LAGUNTZA

Bilboko Udalak garraio publikoan joateko eskatu arren, euren ibilgailuan doazen pertsonek hilerrira sartzeko izango duten aukera bakarra sarrera nagusia izango da, Txorierriko BI 737-Erandio/Larrabetzu errepidetik, hain zuzen ere. Ibilgailuek horretarako erreserbatutako eta egokitutako guneetan aparkatu beharko dute.

Urriaren 30ean eta 31n eta azaroaren 1ean, Bilboko Udaltzaingoak etengabeko zerbitzu berezia emango du sarbideetako trafikoa antolatzeko eta segurtasuna bermatzeko. Hiru egun horietan, Bilbao Zerbitzuak-ek Gurutze Gorriko boluntarioen eta anbulantziaren laguntza ere izango du, bisitariek izan dezaketen edozein istripu edo kalte fisikoren aurrean osasun-estaldura egokia emateko.