Azaroaren 3tik 5era bitartean, Azkuna Zentroak 'Joan-etorriak eta iragateak' izeneko Gizarte Inklusioari eta Arte Eszenikoen Hezkuntzari buruzko jardunaldiak hartuko ditu. Gaur goizean, urriak 19, egin da ekitaldi honen hamahirugarren edizioaren aurkezpena.

Osasun-murrizketak zirela-eta osorik online egin zen aurreko edizioko deialdiak izan zuen arrakasta ikusita, oraingo honetan formula mistoa aukeratu da, aurrez aurreko parte-hartzea berreskuratu baita eta modu birtualean parte hartzeko aukerari ere eutsi baitzaio, programazioko jarduera nagusiak streaming bidez emango dituen plataforma digital bati esker.

Jardunaldien programa askotarikoa da, eta, besteak beste, sartu dira inklusioaren arloan nabarmendu diren profesional ezagunen hitzaldiak, tailerrak, komunikazioak, eztabaidak ikusleekin, ikus-entzunezko piezen proiekzioak, ikuskizunak eta hainbat jarduera. Horien bidez, oraingoan, nabarmendu nahi da prozesu artistiko inklusiboek egileengan, gizartean eta horiek sustatzen dituzten instituzioetan izan dezaketen inpaktua. Horregatik, programazioaren edukiek berariaz azpimarratzen dituzte elkargunean dauden proiektu hibridoak, hor aberastasuna dibertsitatearen ondorioa baita eta eskualdatze baliotsua izaten baita lengoaien, pertsonen eta kolektiboen artean.

Halaber, herritarren eta gizartean baztertuta geratzeko arriskuan dauden kolektiboen parte-hartzea eta eskubide kulturalak aldarrikatuko dira. Instituzio-arlotik sustatu beharreko premisa eta erantzukizuna da, eta jardunaldi hauek antolatzen dituztenen jarduna markatzen du. INAEMekin batera, Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaok, Titulartasun Publikoko Antzerki, Auditorio, Zirkuitu eta Jaialdien Espainiako Sareak, Andaluziako Juntako Kultura Instituzioen Andaluziako Agentziak eta Murtziako Udalak parte hartzen dute.

XIII. JARDUNALDIEN PROGRAMA

Jardunaldiak hilaren 3an hasiko dira, "Atik Zra" ikuskizunarekin. Ekintza performatibo horretan, Los Bárbaros kolektiboak gonbit egingo digu Azkuna Zentroa bisitatzeko. Gero, inaugurazio ofizialaren ondoren, piano-jotzaile baten eta dantzari baten arteko bat-egitearen ondorioz sortutako Kataluniako Les Impuxibles konpainiak Suite Toc número 6 aurkeztuko du, kontzertuaren eta ikuskizunaren arteko mugan dagoen pieza bat, TOC (nahasmendu obsesibo-konpultsiboa) sintomatologia jorratzen duena. Aurtengo programazio artistikoaren osagarri, HQPC proiektu kolektiboaren mugimenduaren ospakizun handi bat izango dugu, Habrá que ponerse cachas izenekoa, eta MUR kolektiboaren De tú a tú! zirku-pieza, duo poetikoa bi bizikletaren gainean izanda. Biak ala biak Lantegian antzeztuko dira, Azkuna Zentroan, azaroaren 4an.

Bigarren egunean, hainbat jarduera, tailer eta konbertsatorio egingo dira, eta, hasteko, Egly Larreynaga artista salvadortarraren testigantza izango dugu. Teatro del Azoro eta La Cachada Teatro sortu zituen artista honek inaugurazio-hitzaldia egingo du, "Teatro de lo vivencial, social y político hecho en El Salvador, Centro América" izenekoa. Ondoren, "Iragateak" konbertsatorioa izango dugu, María Oliver (OVI Barcelona taldeko kidea eta Diversorium proiektuko komitentea), Maylis Arrabit ("Habrá que ponerse cachas" laneko zuzendari artistikoa) eta Rubén Alonsorekin (Talleres Antropoloops).

Arratsaldean, parte-hartzaileak sei tailerretan banatuko dira, eta proposatuko digute hainbat diziplinetara hurbiltzeko inklusioaren ikuspegitik, hain zuzen performancera, musikara, zirkura eta dantzara. Horrela, Larreynagak "Hablando desde mi yo, para hablar del otro/a" tailerra emango du; Los Bárbaroseko Javier Hernandok eta Miguel Rojok "Maneras de no estar solos" izena jarri diote beren tailerrari; HQPC kolektiboko Maylis Arrabitek, Ebi Soria Corónek eta Xabier Madina Manterolak "Buscando la forma, encontrando narrativas en los cuerpos y el espacio" emango dute; MUReko (Camaleònica producciones) Jordi Masek eta David Candelichek "Proximidad al circo"; eta Antropoloops-eko Rubén Alonsok "La remezcla musical como espacio de encuentro".

"Dançando com a diferença" Portugalgo konpainiako zuzendari artistiko Henrique Amoedok, tailer bat emateaz gain, "De la ultraperiferia hacia el centro-dançando com a diferença em movimento" hitzaldia aurkeztuko du azken egunean. Madeira uhartean kokatutako dantza inklusiboko proiektu bat da, periferiatik eta uhartetasunetik abiatu, eta hainbat herrialdetako hirurogei hiri baino gehiagotan izan dena, nazioarteko koreograforik garrantzitsuenekin lanean.

Aurreko edizioetan bezala, azken jardunaldian hitza emango zaie sektoreko profesionalei, kudeatzaileei eta artistei, eta deialdi ireki baten bidez hautatu diren eta edizioaren leloari lotuta dauden zortzi proiektu inklusiboak aurkeztuko dira hamabost minutuko iraupeneko komunikazioetan. Gainera, programazioa osatzen duten jardueren artean, ikus-entzunezko sei pieza labur tartekatuko dira, "Arte pittin bat" izenburupean multzokatuta.