Doakoa da

Bilboko Udalak martxan jarri du berriro Perretxikoak Identifikatzeko Zerbitzua

13.10.2021 | 16:01
Martxan da berriro Perretxikoak Identifikatzeko Zerbitzua.

Perretxikoak hartzeko garaia heldu da eta, urtero bezala, Bilboko Udalak martxan jarri du aurten ere bai Perretxikoak Identifikatzeko doako Zerbitzua. Ogasun eta Kontsumo sailak abiarazitako ekimen honi esker, bildutako aleen kontsumorako segurtasuna zehaztuko dizkiete perretxikozaleei, intoxikazioak saihesteko asmoz. 

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumoko zinegotzi Yolanda Díez Castañoseko Udal Zentrora joan da zerbitzua aurkeztera. Adierazi duenez, "perretxikoak eta onddoak biltzeko zaletasuna duen komunitatearen artean asko baloratzen den jarduera da Perretxikoak Identifikatzeko Zerbitzua. Iaz, pandemiak behartutako murrizketak gorabehera, 56 pertsonako 165 kontsulta artatu ziren; 2019an, berriz, 256 kontsulta jaso ziren, eta erabiltzaileak, berriz, 119".

Aurten, berritasun gisa, Castañoseko Udaltegian eskainiko da zerbitzua (Castaños kalea, 11). Ordutegia: 9:30etik 13:30era, urriaren 13, 18 eta 25ean eta azaroaren 2, 8, 15, 22 eta 29an.

PERRETXIKOAK IDENTIFIKATZEKO ZERBITZUA

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak udazkenero bezala martxan jartzen duen doako zerbitzua da, kontsumorako egokiak ez diren aleen aurrean osasunerako egon daitezkeen arriskuak gutxitzeko. Aurten mikologia gustuko dutenek Castañoseko Udal Zentrora joan beharko dute (Castaños kalea, 11).

Ordutegia 9:30etik 13:30era da eta zerbitzua zabalik egongo da urriaren 13, 18 eta 25ean, eta azaroaren 2, 8, 15, 22 eta 29an. Bertaratzen direnek maskara jantzita eraman beharko dute instalazioetara eta pertsonen arteko 1,5 metroko segurtasun-distantzia errespetatu beharko dute.

Ahal dela, biltzaileak hurbiltzea gomendatzen da, habitatari eta inguruneari buruzko datuak eman ahal izateko. Komeni da, halaber, bildutako espezie bakoitzeko ale batzuk lekuz aldatzea (lurpetik ateratzea, oin osoarekin eta ebaki gabe), nahastu gabe.

GOMENDIOAK

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak mikologiazaleei gomendatzen die ale garatuak eta osasuntsuak soilik biltzea (harabartu gabeak). Era berean, hobe da perretxikoak biltzen direnetik ahalik eta lasterren kontsultatzea (gehienez ere bi egun geroago) eta aleak plastikozko poltsetatik kanpo gordetzea, ahalik eta zabalduen eta hozkailuaren behealdean, trapu garbi eta lehor batez estalita.

Ez da gomendagarria identifikatu aurretik aleak garbitzea edo izoztea, kolore eta usain natural asko galtzen baitute, eta ez da komeni perretxiko mota desberdinak ontzi berean nahastea.

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak herritarrei dei egiten die zerbitzua erabil dezaten eta bildutako perretxiko edo onddoei buruz sor dakiekeen edozein zalantza kontsulta dezaten. Era berean, elikagai hauen kontsumitzaileei gogorarazten zaie, ondoezaren zantzurik txikiena izanez gero, larrialdietako mediku-zerbitzuetara jo behar dutela.

noticias de deia