Asteazken honetan, uriak 13, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, 'Genero ikuspegia errepresioan' izeneko hitzaldia egingo da Bidebarrieta Kulturguneko liburutegiko areto nagusian. Hitzaldi hau 'Begoñako Argia' izeneko zikloaren barruan antolatuta dago.

Begoñako hilerriak, gaur den egunean, bertan behera utzita dago; 1813tik 2006ra arte eman zuen zerbitzu eta Bilboren historiaren bilakaeraren, garapenaren eta hazkundearen lekuko leiala da. Izan ere, haren existentzia osoan zehar, hango hilobi eta panteoietan, Bilboko ehunka pertsonaren gorpuzkiak hobiratu izan dira. Eta lanean egon zen are une oso zailetan ere, hala nola Bigarren Errepublikan edo Gerra Zibilean zehar.

Hori dela eta, Aranzadi zientzia elkartearen ustean leku horrek aukera handia eskaintzen du gure iragana ezagutzeko, eta oso egokia da ikertzeko, zientziazko metodologia eta sentsibilitate tekniko egokiekin, eta, halaber, han biltzen diren elementuetan jardunak gauzatzeko, zeintzuek ondare materiala eta immateriala biltzen baitute aldi berean.

Hala, hitzaldi ziklo bat antolatuko da Bidebarrietako Liburutegian, proiektu hau protagonista dela. Herritarrei irekitako hitzorduak izango dira, eta herritarren zientzia garatzera bideratutako zenbait jarduera osatuko dituzte, tokian tokiko Memoria Historikoa testuinguruan kokatzen eta balioesteko helburuarekin.

Asteazkenean, hilak 13, Aranzadi Elkarteko Antropologia Saileko Lourdes Herrasti Erlogorrik emango du hitzaldia. Osteoarkeologian espezializatuta dago eta Historiaurretik gaur egunera arteko ikerketa proiektu ugari zuzendu eta horietan parte hartu du. Hileta-testuinguruen azterketan oinarrituta, osteoarkeologo gisa duen ospe aitortua argitalpen zientifiko askotan islatu da. Gerra Zibilean eta diktadura frankistan errepresaliatutako pertsonak hilobitik ateratzeko eta identifikatzeko proiektuetan modu aktiboan laguntzen du.

Bidebarrieta Kulturgunea kulturari eskainitako gunea da, Bidebarrietako liburutegiaren barruan. Kultura, literatura eta zientzia garatzea eta sustatzea du helburu.

GONBIDAPENAK

Hitzordu honetara joateko ezinbestekoa da webgunean eskuragarri dauden doako gonbidapenetako bat erreserbatzea.

Ezin bada parte hartu, hitzordua streaming bidez jarraitu ahal izango da esteka honetan.

Unean-unean indarrean dauden babes- eta higiene-neurriak zorrotz beteko dira. Era berean, ekitaldian zehar maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da.