Bilboko Udal Txistulari Bandak 20 kontzertu eskainiko ditu irailaren 11n hasi zen denboraldi berri honetan. Denboraldia martxoaren amaierara arte luzatuko da.

Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko Kultura Zinegotziak; Ana Madariaga, Bilbao Musikako Zuzendari Kudeatzaileak, eta Garikoitz Mendizabal, Bilboko Udal Txistulari Bandako Zuzendariak kontzertu zikloaren zehaztasun guztiak azaldu dituzte ostiralean goizean.

Bilboko taldeak hogei bat emanaldi eskainiko ditu, batez ere Txistulari boskotearentzat ohikoak diren bi agertokitan, Euskalduna Jauregia eta Bidebarrietako Liburutegia txandakatuz. Azken gune honetan hilean kontzertu bat eskainiko dute, larunbatetan, banda tradizionaleko formatuan. Hitzordu horietan guztietan, publikoak erritmo eta melodia tradizionalen konbinazioaz gozatu ahal izango du, berrikuntzekin eta beste musika genero eta estilo batzuekin bat eginez. Denboraldi horretan, taldeak izan ohi dituen gainerako konpromisoei ere eutsiko die, hala nola protokolozko ekitaldiak, inaugurazioak, edozein motatako ekitaldi ofizialak, harrerak, zeremoniak, ekitaldi tradizionalak eta herrikoiak, dianak, kalejirak, erromeriak, eta abar. Programak eta formazioak edozein lekutara, momentura eta premietara egokituz.

Azpimarratu beharra dago, Bilboko Txistulari Bandak kolaborazio handiak izango dituela, hala nola, Xabier Zabala konpositore, moldatzaile eta musikaria, Oinkari Dantza Taldea, EuXhari hari Laukotea, Joserra Gutiérrez konpositorea, Elisabeth Pérez ilustratzailea, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleak, Bilbao Musikako Ahotsak abesbatza eta Ensemble Lux, Aitor Furundarena soinujolea, Xabier Saldias abeslaria, Iñar Sastre teklista, Gorka Eskauriaza baxua eta Zirkozaurre konpainia.

Bidebarrietako Liburutegian irailean egin zen denboraldiko lehen emanaldiaren ondoren, astelehenean, urriak 4, Txistulari Bandak ETB1 eta EITB BASQUEk Bilboko Guggenheim Museoarekin elkarlanean antolatutako kontzertu baten parte hartu zuen, Xabier Zabala musikariarekin eta Oinkari Dantza Taldeko dantzariekin batera, Museoko Atrioan. Kontzertua EITBk grabatu zuen eta abenduan emango du.

Halaber, asteazkenean, urriaren 6an, asteazkena, Garikoitz Mendizabalek zuzendutako taldea Bilboko Elkarte Filarmonikora tokialdatu zen, beste kontzertu berezi bat eskaintzeko, oraingoan EuXhari Laukotea hari laukotearekin batera, BOSeko lau emakumez osatua: Giulia Brinckmeier (Concertinoa), Laura Delgado (Bibolin bakarlaria), Adriana Grigoras (Biola) eta Teresa Valente (Txelo bakarlaria). "Haize-Boladak" izenburupean, txistua eta sokazko musika tresna klasikoak bat egin zuten Ruper Lekue, Javier Ituarte, Xabier Zabala, Alvaro Garcia, Jagoba Astiazaran eta Javier Martinez musikagile gazteen lanak aurkezteko.

EUSKALDUNAKO ETA BIDEBARRIETA KULTURGUNEKO KONTZERTU ZIKLOAK

Datorren urriaren 18an, Garikoitz Mendizabalek, Idoia Kareagak, Gorka Zabaletak, Sabin Bikandik eta Asier Garciak Euskalduna Jauregiko Zikloko lehen hitzorduari ekingo diote, "Ur tantak" saioarekin. Oraingoan, Bilboko Udal Txistulari bandak Joserra Gutierrez musikagile barakaldarraren obra originalez osatutako programa eskainiko du, Bilboko Txistulariekin elkarlanean eginiko ibilbidearen isla. Kontzertu honen ezaugarri nagusia bertan aurkeztuko diren doinuen arintasun eta erakargarritasuna izango da.

Aste horretan bertan, Bilboko taldea eszenatokiz aldatuko da, eta urriaren 23an, larunbata, Bidebarrietako Liburutegira itzuliko da, 19:00etatik aurrera hileroko bere bigarren kontzertua eskaintzeko formatu tradizionala hartuz.

Azaroaren 8an, astelehenean, Banda Euskalduna Jauregiko 0D aretora itzuliko da "Lainoen artean" emanaldiarekin. Elisabeth Perez ilustratzailearen irudiekin eta poemekin batera, giro goxo eta intimoan murgilduko da publikoa, eta ilustratzaileak "Arrain on baten memoria" ipuin xamurra kontatuko du, momentu nostalgikoak gure tradizio doinuen alaitasunarekin nahastuz eta irudien magia eta mugikortasuna txistu musikarekin uztartuz.

Azaroaren 20an, larunbata, Txistu boskotea Bidebarrietako Liburutegira itzuliko da berriz.

Abenduan, taldeak bi kontzertu eskainiko ditu, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleekin batera. Lehen kontzertua abenduaren 1ean izango da, asteazkenean, Bilboko Berreginen Museoan; eta bigarrena, abenduaren 10ean, ostiralean, Iruñeko Kondestablearen Jauregian.

Kolaborazio kontzertu hauen ondoren, abenduaren 11n, larunbata, taldeak bere laugarren eta azken kontzertua eskainiko du Bidebarrietako Liburutegian 19:00etatik aurrera. Ondoren, udal txistulariak Euskalduna Jauregira itzuliko dira beste bi emanaldirekin. Lehenengoa abenduaren 20an, astelehenean, izango da. "Elur malutak" izenburupean, urtero lez, Bilbao Musikako Ahotsak eta Ensemble Lux abesbatzarekin batera, garai honetan esanguratsuak diren hainbat doinu entzunaraziko dituzte: batzuk, denok ezagutzen ditugun gabonetako kantu mitikoak; eta beste batzuk aldiz, egungo euskal konpositoreek garai hauetarako sortuak.

Gabonen aurretik, abenduaren 22an, asteazkena, txistulari taldeak Bilboko Udal Musika Bandak Euskalduna Jauregiko Auditorioan eskainiko duen Gabonetako kontzertu berezian ("Gabonak gertu") parte hartuko du, Bilbao Musikako haur eta gazte abesbatzekin eta Gorka Hermosa Urretxuko akordeoi-jolearekin batera. Jose R. Pascual-Vilaplanak zuzenduta, publikoak Gorka Hermosaren 'Neotango', Gregory Fritzeren 'Euskal dantzak” obraren ‘Botxoa’, Oscar Navarroren 'Sueños de Sal', 'Eperra' kanta herrikoia Iñaki Urkizuren moldaketekin eta Toshio Mashimaren 'Dream in the Silent Night' abestiekin gozatzeko aukera izango du.

2022ko lehen hitzordua urtarrilaren 17an izango da, "Lurra terra" saioarekin. Oraingo honetan, bandak, akordeoi eta baxu elektriko baten laguntzaz, tradizio musika, musika etnikoa edo folk musika hurbilduko ditu, kutsu guztiz bizi eta eguneratuago batekin. Abesti herrikoiek ere beren tartea izango dute kontzertu honetan Aitor Furundarena akordeoi-jolearen eskutik.

Urtarrilaren 31n Banda ikuskizun berezi batekin (“Sua piztuz”) itzuliko da. Bertan, Txistulariek, Zirkozaurre zirku konpainiarekin batera, printzipioz oinarri oso ezberdineko bi mundu batuaz. Bi mundu ezberdin horiek eta magiak bat egingo duten ikuskizuna aurkeztuko dute.

Otsailaren 9ko kontzertuan, "Ilargi malkoak" izenburupean, Txistulariek txisturako errepertorio berri batera hurbilduko dituzte ikus-entzuleak, proiektatutako irudien laguntzaz, atmosfera intimo eta sentsualago batean murgilduko dituzte.

Euskalduna Jauregitik irten gabe, otsailaren 21ean boskoteak ikusleen gozamenerako, "Haziak eroan" emanaldia eskainiko du. Honako honetan, txistulariek beren doinuak laguntzeko euskal inauterien elementuak partekatu nahi dituzte, sentsazio musikalak eta ikus-entzunezkoak elkarlotuz entzuleak giro berezi batean murgiltzeko.

Denboraldia martxoaren 7an amaituko da "Eki izpiak" saioarekin. Beste behin ere, Bilboko Udal Txistulariek abesti enblematikoak abesteko aukera eskainiko die ikusleei. Baina kantu tradizionalik ezagunenez gain, Egan taldeak bere ibilbide oparoan famatu egin dituen hainbat doinu ere entzun eta abestu ahal izango dituzte. Taldearen sortzaile eta espiritua izan den Xabier Saldiasek jarriko du ahotsa eta berataz gain, laguntzaile izango ditugu Iñar Sastre eta Gorka Eskauriaza, pianoan eta baxuan hurrenez hurren.

Honela Euskalduna Jauregiko Zikloa amaituko da. Sarrerak Euskalduna Jauregiko leihatiletan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank kutxazainetan (2 euro + 1,50 euro kudeaketa-gastuak) erosi ahal izango dira.

Halaber, 2022ko urtarriletik aurrera Txistulari bandak Bidebarrietako Liburutegiko bere kontzertu-zikloarekin jarraituko du, hilean behin, larunbatetan, 19:00etan, banda tradizionalaren formatuko kontzertuak eskainiz.

BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA

Gaur egun hauek dira Bilboko Udal Txistulari Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina.

Bidebarrietako Liburutegian zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal Txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua” (2006); “Hala ere” (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Bihurrikeritan” (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin “Gogoeta” eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.