Bilbao Kirolakek udal webgunea berritu du, zerbitzuak modernizatzeko eta digitalizatzeko lehen urrats gisa. Helburua da eskaintza eta arreta egokitzea erabiltzaileen egungo beharretara. Berritasunetako bat da orain erabiltzaileek karnet birtuala deskargatu ahal izango dutela, zehazki, QR kode bat da instalazioetarako sarbidea ematen duena.

Prozesu hau abian jarri zen Udalaren www.bilbaokirolak.eus webgunea berrituz, Udalaren kirol-entitateak eskaintzen duen informaziorako eta zerbitzuetarako sarbidea hobetzearren.

Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak, Marcos Muro Bilbao Kirolak udal entitatearen zuzendariarekin batera, gaur goizean aurkeztu du online gune berria, eta hau nabarmendu du: "kalitatezko zerbitzu bat eskaini nahi dugu, irisgarria, arina eta erraza, erabiltzaileekiko harremana hobetzeko, eta, kasu honetan, teknologia berriekin eta telematikoki eskaintzen dugun zerbitzua hobetzeko".

Errotetak honako hau gehitu du: "berritu egin dugu web-gunea, eta orain irudi modernoagoa, erakargarriagoa eta egungoa ematen du", eta hau nabarmendu nahi izan du: "aldaketa ez da izan ikusizko edo antolamenduzko egitura aldatzeko bakarrik; aitzitik, funtzioak hobetu eta berriak erantsi dizkiogu, eta erabiltzaileek, hala, beren ordenagailu, tableta eta telefono mugikorrak erabiliz egin ahal izango dituzte gestioak. Eta, hori guztia, hala nahi dutenak edo behar dutenak bulegoetara bertara joateko aukerari eutsita".

WEB-GUNEAREN EGITURA

Webgunearen egitura erraza da, aise nabigatzeko aukera ematen du, eta intereseko informazioa eta guneak arin sartzeko modukoak dira.

Orrialde nagusian edo home deritzonaren barruan, Bilbao Kirolak-en egunean eguneko berriak agertzen dira nabarmenduta: herritarrentzat interesgarriak diren gaiak dauzkaten berriak biltzen ditu.

Gero, bada menu nagusi bat, Bilbao Kirolak-en zerbitzuetarako sarbidea eskaintzen duena:

  • Ezagut gaitzazu: aurkezpena, Entitatearen Plan Estrategikoa, dirulaguntzei buruzko informazioa, maiz egiten diren galderen eta intereseko beste dokumentu batzuen atal bat (segurtasun sanitarioko neurriak, inprimakiak edo tarifak).
  • Jarduerak: Bilbao Kirolak udal entitatearen ikastaroen eskaintza, direla jokalekuetan edo igerilekuetan eskaintzen direnak edo entitateak eskolako oporraldietarako eskaintzen dituen aisialdi hezigarri eta osasungarriko programen gaineko informazioa.
  • Instalazioak: 11 kiroldegien eta beste instalazio batzuen geolokalizatzaileak aurkituko ditugu bertan, bai eta haien helbideak eta harremanetarako telefonoak ere. Orobat, haietara iristeko informazioa, ordutegiak, ikastaroen eskaintza eta zein klubek erabiltzen dituzten.
  • Erreserbak: erabiltzaileek, hala, instalazioak eta zerbitzuak libre dauden edo ez begiratzeko.
  • Komunikazioa: eguneroko berriak jasotzeko atala, berriak, abisuak eta multimedia materiala.
  • Esan!: Webguneak aukera ematen du, inprimaki erraz bat erabiliz, erabiltzaileek beren kontsultak, iradokizunak edo informazio eskaerak igor ditzaten.