Bilboko Udala aurrera darrai uriko gazteriaren parte hartzea eta gazteekiko lankidetza ardatz izango dituen 'bilbo Hiri Gaztea' izeneko planarekin. Oraingo honetan Gazte Planaren bigarren fasea jarri du martxan. Plana 2024ra arte egongo da indarrean.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziarekin batera, bigarren epe honetako ekintzak aurkeztu ditu, eta hau gogorarazi: "Bilbok uri moduan duen xede edo desafioetako bat da uri erakargarria izatea gazteentzat; nahi dugu gazteek Bilbo hauta dezaten formatzeko, lan egiteko, ekintzaile izateko, dibertitzeko eta nahi duten familia-modua osatzeko; azken batean, nahi dugu Bilbo izatea beren bizi proiektua hasi, garatu eta osatuko duten uria; gogobeteko dituen proiektu bat, alderdi guztietan zoriontsu bihurtuko dituena".

Alde horretatik, Aburtok berriro gogorarazi du zeinen garrantzitsua den parte hartzea, lankidetzan aritzea eta elkarrekin aritzea: "ez da soilik gazteentzat eraikitzea; haiekin batera eraiki behar dugu; haiek gidatu behar gaituzte, haiek direlako beren errealitate, beharrizan eta gurariekin konektatu behar gaituztenak".

Alkateak, gainera, azaldu du prozesu honen xedea dela "gida" moduko dokumentu bat diseinatzea gazte politiketarako; beste hau gaineratu du: "Plan bizi, arin eta ireki bat izango da, eta egokitu egin nahi dugu, zabaldu eta hobetu denboran zehar".

Plana egiteko bigarren zati honetako lehen ekintza izan da Udalak Gazte Talde Eragilea sortu izana, adin bateko eta besteko 6 gazterekin, zeintzuk bizitzako aldi batean edo bestean baitaude. Alde horretatik, Erroteta zinegotziak hau aipatu du: "gure talde erreferentea izango DA, oso modu ekinean lagunduz Bilboko gazteen errealitatea bideratzen", eta, halaber, gaineratu du: "talde askotariko bat sortu dugu, neskek eta mutilek eratua, zeinek bere ardurak eta errealitate txikiak dituela, baina berdin konpromisoa harturik, Bilbo gazteago eta hobe bat eraikitzen laguntzearren".

Talde eragileko kideek parte hartu dute gaur goizean aurkezpenean, eta haietako bat plana egiteko lehen fasean parte hartutakoa da; Aida García Orio, 24 urte dituenak hitza hartu du Udalari eskerrak emateko prozesu hau abian jartzeagatik eta gazteei entzuteagatik eta parte hartzeko gune eta tresna eraginkor eta benetakoak eskaintzeagatik. Aida dagoeneko parte hartua zen plana egiteko lehen fasean, gizarte-hezitzailea da, eta masterra du esku-hartze sozialean, kulturan eta aniztasunean. Esperientzia du boluntariotzan, eta gizarte- eta hezkuntza-arloko Europako partaidetza-prozesuetan parte hartu du.

Talde honek eta Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak eta sail horretako eta Bilboko Udaleko beste sail batzuetako hainbat langilek 6 jardunalditan parte hartu dute Bilbo Hiri Gaztea plana definitzeko lanean aurrera egitearren. Jardunaldi horietako lehena bihar izango da, urriaren 5ean, martitzenarekin, eta gainerako jardunaldietan metodologia arin eta lankidetza bidez eraikitzekoak baliatuko dira.

PARTE HARTZEKO BESTE EKINTZA BATZUK

Prozesuaren helburua, beraz, jardun lerro batzuk eta besteak alderatzea eta aztertzea da, eta ahalik eta ekarpen gehien jasotzea gazteengandik. Horretarako, talde eragilearen dinamikez gain, honako beste ekintza hauek garatuko dira:

  • Gune mugikor bat: urriaren 8tik (astelehena) azaroaren 21era (domeka), gune mugikor bat aterako da kalera 15 eta 30 urte bitarteko 100 bat gazteri iritzia eskatzera, ahalik eta askotarikoenak hautatuz, adinari, sexuari, kultur nortasunarik, sexu joerari eta dibertsitate funtzionalari dagokionez. Horretarako, gune mugikor hori uriko 8 barrutietan zehar ibiliko da, gazteak bildu ohi diren lekuetan, hala nola ikastetxe, gaztegune, saltoki, plaza, aisialdiko gune eta beste.
  • Sare sozialak: Gune mugikor horrekin batera, Bilbao Gazteren sare sozialak baliatuko dira, bai eta talde eragilea osatzen duten pertsonenak ere, gazteek parte hartzeko eta haiei entzuteko dauden eremua zabaltzearren Planerako ekarpenak egin nahi dituzten beste gazte batzuentzat.
  • Alderatze jardunaldia: azaroan, alderatze jardunaldi bat izango da, herritar guztiei irekia, eta han aurkeztuko dira prozesu osoan zehar jasotako ondorioak.
  • Koordinazio mahaia: tresna honen bidez, "Bilbo Gazte Hiria" planaren jarraipena egin ahal izango da eta nola betetzen den neurtu.
  • Gazteen parte-hartze foroa: Udalak foro hau abian jarriko du, denboran iraun dezan, eta aldian-aldian gazteen errealitatera hurbiltzeko baliatzeko.

LEHENENGO FASEA, URTARRILETIK MARTXORA

Bigarren fase honen ondorioak eta ideiak lehenengo parte hartze eta alderatze fasean lortutakoei gehituko zaizkie; lehen fase horretan, 15 eta 30 urte bitarteko 43 gaztek parte hartu zuten, 2021eko urtarriletik martxora.

Lehen fase horretan, 3 hezkuntza-arlori ekin zitzaion: gazteria beregain jarria, gazteria ekina eta gazteria engaiatua, eta areago landuko dira orain.

Lehen faseko jardunaldietako hondarrekoa izan zen ondorioak aurkeztekoa; Bilboko alkatea izan zen han, aurkezpenean, eta hitza eman zuen aurrerantzean ere Udalak gazteei aktiboki entzuteko eta gazteek parte hartzeko guneak antolatuko zituela, orain hasi berria bezalakoak.