Hemen da uriko emakume etorkinak duen garrantzia goraipatzea helburu duen Bilboko Emakume Etorkinen Aintzatespenaren hirugarren edizioa. Bilboko Udalak deialdi berri bat egin du, aurreko edizioetako arrakasta errepikatzeko xedearekin.

Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saileko zinegotziak hau gogorarazi du: "Bilbok badu populazio etorkin indartsu bat, ekina, engaiatua eta ekintzailea, gogotsu dagoena ekarpenak egiteko Bilboren gizarte-, politika- eta ekonomia-garapenerako. Haiek saritzea da Aintzatespen honen xedea, alegia, Bilboko komunitate handi honen barruan zeregin funtsezko bat betetzen duten emakumeak saritzea".

6 KATEGORIA, HAINBAT HELBURU

  • Emakumea eta komunitateko agentea: sekzio honek emakumeek auzoetan egiten duten lan komunitarioa aitortu eta ikusgai jarri nahi du, batzuetan ikusezina izan arren ehun sozialerako garrantzi handikoa delako.
  • Emakume ekintzailea: sekzio honetan, ekonomia sozial eta solidarioan proiektu arrakastatsu eta jasangarriak taldean, elkarteetan edo bakarka garatzen dituzten emakumeak sartzen dira.
  • Emakume politikaria: sekzio hau, berriz, politikan eragina duten ekintzak gauzatzen dituzten emakumeena da, alegia, edozein arlotan politika publikoak eraldatzeko xedea duten ekintzak, dela alderdi politiko baten barrutik edo dela parte hartzeko edo gauza publikoetan eragiteko beste gune batzuen bidez gauzatuak.
  • Emakume artista: atal honetan, aitortza egin nahi zaie arteekin zerikusia duen edozein jardunetan nabarmentzen diren emakume migratzaileei.
  • Emakumea eta giza eskubideen defendatzailea: giza eskubideen defentsan ibilbide bat egin duten emakume migratzaileei agertzen zaie ezagutza, bereziki garapen jasangarriko helburuekin zerikusia izan dezaketen eskubideak badira.
  • Emakume gaztea: kategoria honetan, emakume etorkin gazteak bereizten dira, 30 urte artekoak, ibilbidea egina dutenak lehen aipatutako kategorietako beste edozeinetan.

Hautagaitzak urriaren 1etik abenduaren 15era bitartean aurkez daitezke; on-line baino ezin izango dira aurkeztu, Bilboko Udalaren web-orriaren bidez.

DEIALDIAN PARTE HARTZEKO BETEKIZUNAK

Hirugarren edizio honetan hautagai izateko, hautagaitzat aurkezten den emakumeak atzerrian izan behar du jatorria (kontuan hartuz maila askotan elkar eragiten duten nortasun-ardatz guztiak, hala nola genero-nortasuna eta/edo sexu-nortasuna) eta Bilbon eduki behar dute bizilekua, nahitaez; gainera, bi urteko ibilbidea behar dute, gutxienez, aintzatesten den kategoria horretan egina.

Hautagaitzak bi modutan aurkez daitezke. Alde batetik, entitate, elkarte, fundazio koordinatzaile, federazio eta enpresen bidez.. Bestetik, nork bere hautagaitza aurkeztuta. Azken kasu horretan, betekizunak betetzen dituela uste duen emakume etorkinak artez aurkeztuko du bere hautagaitza, kategoria bakar baterako (zeinetarako aurkezten duen adierazi behar du). Hautagaitza-modalitate honetan, beharrezkoa izango da bi entitateren abalak aurkeztea.

Epaimahaia honako pertsona hauek osatuko dute: Itziar Urtasun, Bilboko Udaleko Lankidetza eta Bizikidetza Saileko zinegotzi ordezkari eta Bilboko Udaleko Immigrazio Kontseiluko presidentea; Milagros Acea, Bilboko Immigrazio Kontseiluko lehendakariordea, Sierra Maestra elkartekoa (Euskadin bizi diren kubatarren komunitatea), eta Norma Vázquez, psikologoa eta feminista.

IZAPIDEEN GAINEKO INFORMAZIO TAILERRA, URRIAREN 8AN

Izapideak egiteko laguntza eta informazioa eskaintzearren, informazio tailer bat egingo da urriaren 8an, 18:00etatik 20:00etara, Boluntaren ekitaldi aretoan (Zabalbide kaletik du sarbidea). Tailerrerako izena emateko, idatzi posta elektronikoko helbide honetara: inmigracion@bilbao.eus.

BILBOKO UDALEKO IMMIGRAZIO KONTSEILUA

Immigrazio Gaietarako Bilboko Kontseilua da ekimen hau sustatzen duen udal organoa, eta sortu zen demokraziazko parte hartzea bermatu nahirik etorkinen elkarteen artean eta Bilboko politika-, kultura-, ekonomia- eta gizarte-bizitzako arlo batzuetan eta besteetan integrazio eta bizikidetza politikak garatzeko eta sustatzeko zereginetan dabiltzan gainerako eragileen artean. Haren zereginetako bat da herritarrentzako sentsibilizazio-programak proposatzea eta kudeatzea, udalerriko etorkinen inguruko ezagutza eta irudia hobetzeko, "Bilboko emakume etorkinen aintzatespena", adibidez.

Ekimen hau Herritarren eta Aniztasunaren Udal Planaren barruan sartzen da, zeinak genero-ikuspegia hartzen baitu, ahalduntzea eta sentsibilizazioa xede dituzten zeharkako jardun eta proiektu berariazkoen bidez, hala nola Emakume Etorkinen Aintzatespenerako ekimen hau.