Begoñako hilerrian zientziazko ikerkuntza, zabalkunde eta formazio proiektu bat garatzeko inbertsio handia egingo du Bilboko Udalak. Guztira, 325.000 euroko aurrekontua bideratuko dio Aranzadi Zientzia Elkarteari, 'Begoñako argia' izeneko proiektua martxan jartzeko.

Proiektuaren izena ‘Begoñako Argia /Luz de Begoña’ da, eta beraren xedea da unibertsitate-praktiken campus bat ezartzea hilerrian, historiaren, ondarearen eta antropologiaren inguruko ikerkuntza egiteko. Eta, hori guztia, oneratze, ikerkuntza eta zabalkunde zientifikoko prozesu baten barruan, betiere leku horri eta Bilboko memoria historikoari zor zaion sentsibilitate sozialarekiko begirunez.

MEMORIA-LEKU BAT

Begoñako hilerriak 10.000 metro koadro ditu, eta, gaur den egunean, bertan behera utzita dago; 1813tik 2006ra arte eman zuen zerbitzu (eta 2006an itxi; azken hobiratzea 2003an egin zen), eta Bilboren historiaren bilakaeraren, garapenaren eta hazkundearen lekuko leiala da. Izan ere, haren existentzia osoan zehar, hango hilobi eta panteoietan, Bilboko ehunka pertsonaren gorpuzkiak hobiratu izan dira. Eta lanean egon zen are une oso zailetan ere, hala nola Bigarren Errepublikan edo Gerra Zibilean zehar.

Memoria historiaren arloan duen balioaz gain, hilerrian badira interes handiko multzo batzuk, XIX. eta XX. mendeen amaierako hilerri-arkitektura aztertzeko. Izan ere, dokumentuetan jasota dago arkitekto eta artista entzutetsuek diseinatutako panteoiak dauzkala, hala nola Vicente Larrea, Emilio Amann edo José María Basterra, eta, are beste eraikin batzuk ere, hala nola kapera, hezurtegia eta beste.

Hori guztia dela eta, Aranzadi zientzia elkartearen ustean leku horrek aukera handia eskaintzen du gure iragana ezagutzeko, eta oso egokia da ikertzeko, zientziazko metodologia eta sentsibilitate tekniko egokiekin, eta, halaber, han biltzen diren elementuetan jardunak gauzatzeko, zeintzuek ondare materiala eta immateriala biltzen baitute aldi berean.

"Euskadin ez da beste hilerri bat bertan behera utzia aukera hain handia eskaintzen duenik", adierazi du Juantxo Agirre Aranzadi elkartearen idazkari nagusiak, proiektua gaur goizean aurkeztu duenean. "Uste dugu Begoñako hilerria aukera bakarra dela, ez dena berriro agertuko, zientziazko zabalkunde eta formazioaren eredu bihurtzeko nazioartean, antropologiaren, memoria historikoaren eta kultur ondarearen arloan. Eta, hori guztia, gure zientzia entitatea sortu zeneko helburuekin bat etorriz", zeren eta, izan ere, 1947an hartu baitzuen bere izena Telesforo de Aranzadi Euskadin antropologiaren aitzindari izan zenaren ohoretan.

Hain zuzen ere, Aranzadi zientzia elkartearen "esperientzia eta egiten jakite hori" nabarmendu ditu Juan Mari Aburto alkateak, uste osoa agertu baitu "haren ibilbidea, esperientzia eta lan egiteko moduak berme direla "Begoñako Argia" proiektua zientzia- eta teknika-koordinazio bikain batekin gauzatuko dela, Begoñako hilerriari zor zaizkion bezalako protokoloak ziurtatuz, zeren eta, ez dezagun ahaztu --adierazi du alkateak- memoria-leku baten gainean ari garela, eta, hala denez, lotura estua duela beti sentimenduekin, bai kolektiboekin, bai bakoitzarenekin".

Biek ala biek adierazi dute, gainera, ezen, "Begoñako Argia" proiektuaren barruan gauzatuko diren jarduera guzti-guztiak, bai aholkularitzakoak, bai formaziozkoak nahiz zientzia hutsezkoak, "kontakizuna eta ezagutza sortzeko" izango direla, eta haiek zuzenean herritarrei bihurtu eta zabaldu ahal izateko. Izan ere, jendearentzako irekita egongo den jardun bat izango da, eta herritarrek, hala, aukera izango dute ikustaldi gidatuetan parte hartzeko, eta baita ere adituek Bidebarrieta Liburutegian emango dituzten hitzaldietara joateko.

IKERKUNTZA KOORDINATZEKO JARDUERAK

Alde horretatik, zenbait jardun gauzatuko dira hilerri barruan, desobiratuko diren hezur gorpuzkiak eta materialak ikertu eta sailkatu aurretik.

  • Lurra eta/edo hilerri-arkitekturako elementuak inola ere kendu aurreko lanak, ondorengo desobiratzeak eta gorpuzkiak kudeatzeko lanak errazteko.
  • Dokumentazio lanak, landaretza kendu ostean barruti barruan egitekoak (topografia, 3D argazkigintza...).
  • Dokumentazio idatzia eta grafikoa biltzea hilerri/panteoi bakoitzetik eta hobiratze bakoitzetik.
  • Dokumentazio arkeologikoa biltzea hilerrietatik/panteoietatik/kaperatik, eta haien balorazio ondarezko bat egitea.

FORMAZIO JARDUERAK

Hezkuntzazko jardueren barruan, Aranzadi zientzia elkarteak induskatze/desobiratze prozesu bat egingo du, unibertsitate-ikasleentzako campus baten bidez.

Horretarako, unibertsitate-zentroak eta zientzia-entitateak ariko dira proiektuan, betiere Bilbon kokatuta dauden unibertsitateei emanez lehentasuna (Euskal Herriko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, UNED), eta, betiere, uriko giza kapitalaren formazioan eta uriko unibertsitate sarean inbertsioa eragitearren, eta, hala, zientziazko ikerketan eta zabalkundean erreferente izatekoa den proiektu baten garapen materialean parte hartuz. Aranzadi zientzia elkarteak berak hartu du ardura ikasleak erakartzeko eta kudeatzeko.

Desobiratze/hobiratze prozesuan sartzen dira:

  • Hezur gorpuzkien induskatze mekaniko/eskuzkoa eta arkeologiazko dokumentazioa.
  • Hondakin materialak garbitu, analizatu, sailkatu eta tratatzea.

Aranzadi zientzia elkarteak, bere esperientzia eta ezagutza zabaletik, lan egiteko arloak eta lantaldeak definituko ditu, eta panteoiak eta hilobiak desmuntatzeko lanen zuzendaritza, kontrola, dokumentazioa eta arkeologiazko kontrola gauzatuko ditu.

Horrez gain, desobiratze lanak amaitzean, azken memoria bat egingo du gorpuzkiei buruz, eta desmuntatzeko proposamen bat ere bai, eta eduki grafikoak eta idatzizkoak aurkeztuko ditu, beharrezkoak direnak proiektuaren ondorio izango diren ezagutzen eta emaitzen zabalkundea egiteko eta gizarteratzeko.

ZIENTZIAZKO, DOKUMENTAZIOZKO ETA SOZIALIZAZIOZKO JARDUERAK

Hain proiektu espezializatu baten zabalkunde soziala egitearren, honako hauek egingo dira:

  • Kontrolatu, jarraipena egin eta dokumentatu egingo dira ikerkuntzaren arloko lanak, sozializazio-plan bat eginez, ahalik eta zabalkunderik handiena ziurtatzearren.
  • Aldi bateko erakusketa-gunearen gidoia eta diseinua, non panelen bidez erakutsiko baita Begoñako memoriaren sintesi bat, bai eta abian den ikerketa prozesua ere, Arte Ederretako ikasleek egindako artelan batzuekin batera.
  • Esku hartze artistikoko tailer bat, EHUko Arte Ederren fakultatearekin batera, eta beste bat hilobien petrologiari buruzkoa, Zientzia eta Teknologia Fakultateko Geologia Departamenduarekin batera, zeinarekin Aranzadi elkarteak hitzarmen espezifiko bat baitauka eta Leioako Geo-Q zentroa kudeatzen baitu.
  • Jardunaldiak eta hitzaldiak ikertzaile, arkeologo eta forentse ospetsuen eskutik, jendearentzako irekiak (memoria eta giza eskubideak, arkitektura, paisaia...), prozesuak horren beharrezkoa duen zientziazko zabalkundea ziurtatzeko.
  • Ikustaldi gidatuak prozesu osoan zehar, herritarren artean zientziazko zabalkundea eta herritarrek lekuari izango dioten atxikimendua indartzearren.

IKUSTALDI GIDATUAK ETA HITZALDIAK

'Begoñako Argia' publikoari irekitako proiektua da, eta dibulgazio-bokazio argia du.

Lehenik eta behin, Begoñako Andra Maria kaleko hilerrirako sarbidean erakusketa-gune bat jarri da. Bertan azalpen-panel batzuk jarri dira eta, datorren astean, lehengo gorpua hobitik ateratzen denean -ziurrenik asteartean edo asteazkenean- proiektuari izena ematen dion argia piztuko da. Hau argituko da hilerriko azken gorpua atera arte.

Era berean, bisitaldi gidatuak antolatuko dira hilerrira, hala nahi duten guztiek Aranzadi Zientzia Elkartea egiten ari den lanetara hurbildu eta bertatik bertara ezagutu ditzaten.

Gainera, aldi berean, hitzaldi ziklo bat antolatuko da Bidebarrietako Liburutegian, herritarrentzat ere irekiak. Horiekin, herritarren zientzia garatzera bideratutako zenbait jarduera osatzen dira, tokiko memoria historikoa testuinguruan kokatzeko eta haren balioa nabarmentzeko.

Lehen hitzaldia datorren astelehenean, urriak 4, izango da, “Ikerketak Sevillako hilerrian. Memoria eta Giza Eskubideak Espainian irekitako hobi handienean”. Juan Manuel Guijok eta Jesús Románek emango dute, Aranzadi Zientzia Elkartea Sevillako hilerrian lantzen ari den proiektuaren ikerketa-taldeko zuzendariek.