Bilboko Udalak berdintasun-politikak bultzatzeko aurrerapausu garrantzitsu bat eman du ostegun honetan, irailak 30. Udalak Bizkaiko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Lurralde Sarearekin bat egin du osteguneko osoko bilkuran, hau da, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta lurraldeko udalerrien arteko koordinaziorako sarearekin.

Bizkaiko hiriburuko Udalak, Foro berri honetan parte harturik, areagotu egin nahi du gainerako erakundeekiko elkarlana, eta aurrera egin nahi du administrazio publikoetan berdintasun politikak zeharkako bihurtzeko funtsezkoak diren tresnak sistematizatzeko bidean.

Hori dela eta, Nekane Alonsok, Berdintasun Saileko zinegotziak, hau adierazi du: "gu bat gatoz axola handikoa dela tokiko, estatuko eta nazioarteko beste erakunde batzuekiko elkarlan estrategikoak sendotzea, eta baita mugimendu feministarekiko elkarlana eta herritar guztiekikoa ere, hartara aukera izango delako elkarrekiko sinergiei heltzeko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren eraginkortasuna, norainokoa eta ikusgaitasuna hobetzearren".

BILBO BERDINTASUNAREN ALDEKO BESTE SARE BATZUETAN

Ohiko osoko bilkuran mintzatuz, Nekane Alonsok azaldu du Bilbok baduela ibilbide luze bat egina entitate publiko eta pribatuekiko elkarlanean eta partaidetzan, eta "sare mota hauek lanerako, koordinaziorako, solaskidetzarako, ikasteko eta elkarrekin gogoeta egiteko guneak direla, eta aberasgarriak, eta berdintasunerako politika publikoak finkatzeko lana erraztu dutela, herritar guztien onurarako gertatzen diren politikak, alegia".

Bilboko Udalean parte hartzen duten sare eta lantaldeen artean, nabarmentzekoak dira Berdinsarea, Berdintasunaren aldeko eta genero indarkeriaren kontrako Euskadiko Udalerrien Sarea; Toki administrazioko bizimoduan Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko Europar Gutuna; Etxeko tratu txarren eta sexu indarkeriaren biktima izan diren emakumeen arreta hobetzeko Erakunde Arteko II. Akordioaren Jarraipena egiteko Batzordea, Emakundek koordinatzen duena; Bilboko emakumeen Udal Kontseilua; eta Denbbora Sare publiko-pribatua, Bizkaiko enpresek eta entitateek eratzen dutena.

Beste administrazio publiko batzuekin daraman elkarlan honetan, Bilboko Udalak hainbat arauren babesa du, hala nola Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legea eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako Udal Ordenantza.