Biboko Udalak jakinarazi duenez, datorren asteartean ospatuko da Unamunoren Eguna eta udaletatik parte hartuko dute lore-eskaintza batetik. Zehazki, omenaldi hau hasiko da 10.30etan eta Bilboko alkatea, Juan Mari Aburto, joango da autore honen 157. urteurrena ospatzeko.

Arratsaldean, Bidebarrieta Kulturguneko udal espazioak, arratsaldeko zazpietatik aurrera, "La doble muerte de Unamuno" liburuaren aurkezpena hartuko du. Hitzordu horretan, liburuaren bi egileek parte hartuko dute: Luis García Jambrinak eta Manuel Menchónek.

1936ko abenduaren 31n, Miguel Unamuno bat-batean hil zen, etxean. Espainia Gerra Zibilean murgilduta zegoen, eta Salamanca Francoren armadaren prentsa eta propagandako erdigunea zen, Millán Astrayren zuzendaritzapean. Kronikaren eta gogoetaren artean, ikerketa historiko eta biografikoaren eta birkreazio literarioaren artean, "La doble muerte de Unamuno" pertsonaia polemiko eta liluragarri honen heriotzaren inguruabar ilunen miaketa zirraragarria da.

"Palabras para un fin del mundo" dokumentala egiteko burututako ikerketa xehea da abiapuntua, film hori zabaldu eta sakontzeko. Emaitza kontra-kontakizun bat da, batetik, gertakarien bertsio ofiziala gezurtatzen duena (lekuko bakarraren testigantzarekin osatu baitzen), eta, bestetik, frogatzen duena Unamunok propaganda-operazio bat pairatu zuela. Operazio haren bidez, faxistek Unamunoren figura bereganatu gura zuten, eta beraren memoria eta legatua bahitu. Haren "heriotza bikoitza" kulturaren eta adierazpen askatasunaren aldeko borrokaren sinbolo bihurtu du, basakeriaren aurrean.

Luis García Jambrinak Filologia Hispaniarra ikasi zuen Salamancako Unibertsitatean, eta bertan doktoretza egin zuen. Unibertsitate horretako irakaslea da. Gainera, literatur kritikaria da zenbait komunikabidetan, ABCn adibidez, eta saiakerak, kontakizunak eta eleberriak idazten ditu. "El manuscrito de piedra"rekin (2008) ezaguna egin zen: Fernando de Rojasen figurari buruzko bost liburuko seriea da, 2009an Ciudad de Zaragoza eleberri historikoaren nazioarteko sari ospetsua eskuratu zuena. Kontakizunen antologiak argitaratu ditu ("Muertos S.A." eta "Oposiciones a la morgue"), baita eleberri poliziako bat ere, "En tierra de lobos", 2013an argitaratua.

Manuel Menchón zinema-zuzendaria eta gidoilaria da. Publizitatean ere lan egiten du. Haren lanak Estatuko eta nazioarteko jaialdi garrantzitsuetarako aukeratu dituzte, eta Mar de Plata Nazioarteko Jaialdian saritu dute. RTVEren Días de Cine saria eskuratu du, besteak beste. 2016an, Miguel Unamunori buruzko lehenbiziko fikzio-filma idatzi zuen.