Bidaideak Bilbao BSR taldeak aurtengo Bilboko Ibiltaria Saria jaso du. Nahiz eta taldeak 2021eko Ligako txapelduna den, saria da bere hobetzeko ahaleginaren, inklusioaren eta harrera-konpromisoaren balioengatik.

Txema Alonso gurpil aulkidun saskibaloiko taldeko presidentea agertu da ekitaldira taldeko jokalari batzuekin, eta berak jaso du saria, Bilboko Udalaren Arabiar Aretoan. Horrela eman zaio urrezko amaiera MEA21honi.

Alfonso Gil Bilboko Udalaren alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi-ordezkaria izan da buru ekitaldian, eta nabarmendu du "saria dela seinale ahaleginarekin guztia lortu daitekeela, eta ezagutza agertzeko modu bat, horregatik".

"Talde honek erakutsi digu badirela pertsonak beste beharrizan batzuk dituztenak hirian zehar mugitzen direnean, eta horregatik ematen zaie sari hau, ondo merezia. Eskerrik asko, bada, horregatik, eta konpromisoa agertzeagatik, Udalarekin batera inklusibitatean aurrera egiteko ideiaren eredu moduan parte hartu baituzue hainbat eta hainbat bider", gogorarazi du.

Alfonso Gilek, halaber, eskerrak eman nahi izan dizkie BSR taldeko kide guztiei, harrotasunez erakusteagatik gure uriaren irudia han eta hemen, eta baita ere harrera egiteagatik Nilofar Bayat Afganistango gurpil-aulkidun saskibaloiko taldeko kapitainari, erakutsi duen konpromiso handiarengatik.

"Gaur Nilofar Bayat Arabiar Areto honetan gurekin izateak uri honek dauzkan balioak erakusten ditu; BSR taldeak jakin du balio horiek bete-betean gauzatzea esku hori eskainirik, Nilofar Bayat gure artean bizi ahal izan dadin eta uri hau eta bere filosofia hau goza ahal izan dezan gurekin".

Beste alde batetik, Txema Alonso Bidaideak Bilbao BSR klubeko presidenteak, sariagatik eskerrak eman ostean, Udalaren ahalegina nabarmendu nahi izan du, uria mugikortasun urrituko pertsonen beharrizanei egokitzeko lanagatik; "ageri-agerikoa da Bilboko herritar guztientzat nola, apurka-apurka, hirigintzazko eta arkitekturazko oztopoak ezabatzen ari diren urian, eta, era horretan, guztien mugikortasuna errazten, baita ere mugikortasun urritua dutenena edo mugitzeko inoren beharra dutenena".

"Bilboko garraio publikoak, 30 urtean, irisgarritasunean 0 eskaintza izatetik % 100 izatera igaro da, eta adibide argia da erakusteko nola egokitu daitekeen uri bat mugitzeko desgaitasunen bat duten pertsonen beharrizanetara ere. Oraindik bada egitekorik arlo horretan, jakina, nahiko genukeen baino gehiago, aitortu beharra dugu; baina gu, izatez, eraldaketa sustatzen dugun eragile bat gara, ez soilik salaketetatik abiatuta, baita lankidetzatik abiatuta ere; arlo honetan eragiten ari garen eraldaketari txalo jo baino ezin dugu egin". Hala ere, zera gogorarazi nahi izan du: "Bilboren xedea da uri inklusibo bat izatea, ezinbestean eta, horretarako, lanean jarraitu behar da, lan handia dago egiteko, ala erakundeen mailan, ala gizartearen mailan".

Ibiltaria 2021 saria entregatzeko ekitaldian, amaitutzat eman da Mugikortasunaren Europar Astea, zeina, aurten, "Zure osasunaren alde, mugitu modu jasangarrian" goiburuarekin amaitu baita, eta, hala, mugikortasun aktiboari jarri zaio arreta, bizi kalitatea eta buru- eta gorputz-osasuna hobetzeko ardatz den aldetik.

Bizikleta elektrikoan ibiltzen ikasteko ikastaroak 50 urte baino gehiagokoentzat, urian garraio publikoa sustatzeko lehiaketak, paseatzeko ibilbideak elikadura osasungarriko gosari osasungarriekin, bigarren eskuko bizikletan azoka, edota erositako anbulantzia elektriko berriak aurkeztea... hara hor aste hauetan gauzatutako jardueretako batzuk.