Datorren asteartean goizean, irailak 14, Uriaren Egoerari buruzko Osoko Bilkura ospatuko da Bilboko udaletxean. Bertan, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok udal kudeaketaren balantzea egingo du Udalbatzarraren eta herritarren aurrean, besteak beste.

Oraingo aldi honetan, Osoko Bilkurak berezitasun bat izango du, zeren eta, preseski, alkateak agintaldiaren erdia beteko baitu une horretan, bi urteko aldia, zeinaren ezaugarri nagusia izan baita, 2020ko martxoaz geroztik, covid-19aren birusaren ondorioz munduan tupustean sortu den osasun krisia.

Tarte honetan, alkateak azalduko duenez, presaz eta lehenbailehen erantzun zaie unean uneko beharrei eta egoerei, "baina, betiere, epe luzeari begira, pandemiatik ateratzen lehenak izateko, eta aurrera egiteko Bilbo sendo, moderno, seguru eta proiektu eta balioak dituen eta pertsonak erdigunean jartzen dituen honen alde. Zirraraz betetako aldi bat izan da, errusiar mendi baten modukoa, bai arlo pertsonalean bai profesionalean, baina agerian geratu da eredu bat garela maila instituzional, profesional eta politikoan".

Juan Mari Aburtok balantze bat egingo du bi urte honetan egindako kudeaketaz, eta bereziki nabarmenduko ditu ezohiko planak, pandemiari aurre egiteko abian jarri behar izan direnak, erasandako sektoreekin eta udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiekin batera. Era berean, Udalak asmotan dituen zenbait proiektu eta jardunen berri aurreratuko du, uriaren eta uriko herritarren egoerari buruzko gogoeta eta analisi bat eginez, une "zail batean, erronka handiak ditugularik aurrean, baina suspertzen ari garelarik dagoeneko".

GOGOETA ETA EZTABAIDA

Uriaren Egoerari buruzko Osoko Bilkura, udal araudiak agintzen duenez, urtean behin egiten da, eta irailaren 30a baino lehen beti; ostera, hauteskundeak izaten diren ekitaldietan, ezin da egin. Era berean, bilkura ezohiko honetan, gainerako osoko bilkuretan ez bezala, ezin da erabakirik hartu.

Datorren irailaren 14an izango da, martitzenean, goizeko 9:00etan hasita, alkateak uriaren egoera orokorrari eta haren ezaugarri nagusiei buruz egingo duen azalpen zentral batekin. Etenaldi baten ondoren, eztabaidari ekingo zaio, talde politiko guztien hitzaldiekin, ordezkaritza txikiena duenetik handiena duenerako hurrenkeran parte hartuko dutelarik, eta gehienez ere 15 minutu izango duelarik bakoitza (hau da hurrenkera: PP; Elkarrekin Bilbao-Podemos/Ezker Anitza-IU/Equo-Berdeak; EH Bildu; Euskal Sozialistak eta EAJ-PNV). Ondoren, beste etenaldi bat egingo da, eta Udalbatzarra amaitzeko, Juan Mari Aburto alkateak ihardesteko azken txanda izango du, gehienez ere 15 minutukoa.

Datorren martitzenekoa, hala, bigarrena izango da agintaldi honetan, eta laugarrena, berriz, 2017an egungo alkateak berrezarri zuenetik, urteak zirela egiten ez zela.