Datorren astelehenean, irailak 13, irekiko da Bilboko Udalak uriko umeei eta adingabeei bideratutako Haurgune eta Kidegune programetan izena emateko epea.

Haurgune eta Kidegune udal programen helburua da adingabekoei aisialdi hezitzailea izateko espazioak eskaintzea eta, aldi berean, familiei laguntzea lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzen.

Zozketa irailaren 16an egingo da, eta emaitza biharamunean (irailak 17) kontsultatu ahalko da udal web-orrian eta 944 010 010 / 010 Udalaren informazio-telefonoan (astelehenetik igandera, 8:00etatik 20:00etara).

Izen-emateak irailaren 17tik (ostirala) 20ra (astelehena) egin daitezke.

Aurreko edizioetan bezala, talde bat eratzeko gutxienez 6 pertsonak egin behar dute eskaera. Bestela, izen-emateak erreserban geratuko dira, eskaera gehiagoren zain. Plaza hutsik badago, urriaren 4tik aurrera eskatu ahalko dira, telefono hauetako batera deituz: 94 420 43 94 eta 94 420 43 97.

AISIALDIRAKO ETA KONTZILIAZIORAKO ESPAZIOAK, 3 URTETIK AURRERA

Haurgune programaren pilotuak joan den ikasturtean Abandon izan zituen harrera eta esperientzia onen ondorioz, ikasturte honetan bere adin-tartea zabalduko du barruti guztietan, 3 urtetik gorako umeentzat (lehen, 5 urtetik gorakoentzat zen).

Hala, Haurgune 3 eta 8 urte arteko umeentzat izango da (2013 eta 2018 artean jaioak) eta Kidegune, berriz, 9 eta 11 urte artekoentzat (2010 eta 2012 artean jaioak). Haurgune programan 12 plaza eskainiko dira espazio eta egun bakoitzeko, eta Kidegunen, berriz, 15, espazio eta egun bakoitzeko. Bi udal programa horiek Uriko barruti guztietan egingo dira, zehazki, Abandoko, Basurtuko, Begoñako, Iralako, Otxarkoagako, Deustuko, Zorrotzako, Castañoseko eta Abusuko udaltegietan eta Harrobia Ikastolan.

Ikastaro honetarako tarifak 16,40 eurokoak dira Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta edo Bizitzeko Gutxieneko Errenta jasotzen duten familientzat, 49,15 eurokoak familia ugarientzat eta 68,50 eurokoak gainerako familientzat.

Espazioei eta ordutegiei buruzko informazio guztia, Bilboko Udalaren webgune ofizialean.

CUIDÁNDONOS-GEU ZAINTZEN

Haurgune eta Kidegune programetan, ikasturtea urriaren 4an hasi eta 2022ko ekainean amaituko da. Gaia zaintza izango da (norberarena eta besteena). Umeei irakatsiko zaie inguruan daukatena zaindu behar dela: familia, gizartea, planeta. Planeta zaintzea, osasuna eta ongizatea, kalitatezko heziketa, genero-berdintasuna, klimaren aldeko ekintza, produkzio eta kontsumo arduratsuak. Hartara, Bilboko Balioen Gutuna eta NBEk proposatutako Garapen Jasangarriaren Helburuak izango dira oinarriak.

Haurrek euren burua eta besteak zaintzen ikasiko dute, jolasen, esku-lanen eta talde-dinamiken bidez. Batez ere euskaraz egingo dira, familien eskaerari erantzunez.

OSASUN ARLOKO NEURRIAK

Jarduerak unean uneko osasun-neurri eta -gomendioak betez egingo dira.

Zerbitzu horietan parte hartzeko, ezinbestekoa izango da osasun-neurrien gaineko konpromisoak onartu eta sinatzea, eta programatik kanpo geratzeko arrazoia izango da horiek ez onartzea edo ez betetzea.