Zazpi hilabete eta gero, Juan XXIII Plaza obrak amaitu dira eta horiei esker Zabalbideko oinezko konexioa hobetu da. Lan hauek 628.200 euroko inbertsioa jaso dute, Bilboko Udalak jakinarazi duenez.

Nahiz eta plaza egokitu den, forma eta diseinua mantendu dira. Aldaketa batzuk dira zorua, argiak eta lorategiak, baita hiri-altzariak ere (eskudelak, paperontziak, bankuak bernizatu eta margotu dira, eta abar). Modu berean, eskailerak eta hormak garbitu eta konpondu dira.

Jarduketarik garrantzitsuenen artean, plazan sartzeko arrapala baten eraikuntza dago, plazaren goiko plataformaren eta Zabalbide kaleko oinezkoen sarbidearen artean. Horrela, arkitekturako oztopo bat kendu da eta Basilikatik oinezkoentzako konexioa osatu da.

Juan XXIII plaza zuhaitzez inguratuta dago, eta zenbait ezponda dauzka, zuhaitzekin eta parterreekin. Egokitze obrak egitean, aglomeratua fresatu da eta narriatutako zonak saneatu dira. Gero, plazaren eta inguruaren zorua berriz jarri da, aglomeratu gorriarekin.

Gainera, irisgarriak ez ziren eskudelak kendu dira, eta haien ordez burdinurtuzko eskudel berriagoak jarri dira; horiek koherentzia eta batasun estetikoa ematen dizkiote zonari. Orobat, lorategiak berritu dira, eta lore sortak eta zuhaixkak landatu dira.

Plazako eta Begoñako Basilikaren inguruetako argiak berriztatu dira, LED sistemako farola handiekin ordezkatuz. Horrela, energia-aurrezpeneko baldintzak betetzen dira. Argiztapena areagotu da, 16 argi-puntu berri ipiniz.

Azkenik, obrak egitean harresi batean ikusi ziren pitzadurak konpondu dira: metalezko sare bat ipini da, eta inguruan dagoen kareharriaren antzeko kareharriz estali.

Lan horietan 628.200,4 euroko inbertsioa egin du Udalak: 461.717,9 € plaza berritzeko eta 166.482,5 € harresia konpontzeko.

AUZOKIDE PLANA

Lan hauek auzoak hobetzeko Auzokide Planaren barruan daude, Bilboko Udalak herritarren parte hartzerako daukan tresnarik garrantzitsuenetako bat.

Auzokide Planaren aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean, hau da, 1,5 milioi euro barrutiko eta urteko.