Kontsumitzaileen erreklamazioetan

KIUBak 140.000 euro baino gehiago berreskuratu ditu pandemian

21.07.2021 | 18:24
KIUBak 140.000 euro baino gehiago berreskuratu ditu pandemian

Koronabirusaren pandemia hasi zenetik 2021eko ekainera bitartean, kontsumitzaileek erreklamatutako 140.000 euro baino gehiago berreskuratu egin ditu Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak (KIUB). Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo sailaren menpeko erakunde honek denbora horretako balantzea aurkeztu egin du.

2020. urtea koronabirusaren pandemiak markatu zuen eta honen ondorioz bidaien ezeztapenekin lotutako kontsulta eta erreklamazioen kopuruak gora egin zuen. Erreklamazio horien zenbateko ekonomikoa oso handia izan zen, kasu askotan 3.000 eurotik gorakoa erreklamazio bakoitzeko.

Gobernuak koronabirusak eragindako krisiaren ondorioei aurre egiteko hartutako salbuespenezko neurriei esker, bidaia-agentziek, ordaindutako dirua itzuli beharrean, kontratatutako bidaiaren zenbateko bereko bonu bat eskaini ahal izan zieten erabiltzaileei. Neurri hori aldatzea erabaki zuen ondoren Kontsumo Ministerioak eta besteak beste, bidaia konbinatuetako bonuen borondatezkotasuna ezarri zuen. Hala ere, denbora horretan, erabiltzaile askok Bilboko KIUB-ra jo behar izan zuten eskubide hori nola urratzen zen ikustean; izan ere, kasu batzuetan, konpainiek ez zituzten itzulketa horiek eskaintzen edo partzialki egiten zituzten.

2020an kudeatutako 1.591 erreklamazioetatik, % 17 aire-garraioarekin lotuta egon ziren; kasuen % 70ean kontsumitzaileen aldeko bitartekaritza lortu zen, justizia-auzitegietara jo beharrik gabe eta 40.000 euro baino gehiagoko itzulketak lortu ziren.

Kasu gehienen konplexutasuna zela eta, erreklamazioak ixteko batez bestekoa 10 hilabetekoa izan zen. Oro har, hegaldiak ez ziren zuzenean kontratatu airelinearekin, bitartekari batekin baizik eta horrek zailtasun handiagoa ekarri zuen erreklamazio horiek izapidetzeko orduan, bai eta atzerapen handiagoa ere, lehen bitartekaritza-saiakera batean erantzunik ez emateagatik.

BIDAIA KONBINATUAK

Hegazkin-txartelekin batera, bidaia konbinatuena izan zen erreklamazio gehien sortarazi zituen sektoreetako bat, erreklamazio guztien % 24 hain zuzen ere. Bidaiaren helmugaren arabera (Kanada, Mexiko, New York, Thailandia, Zeelanda Berria, etab.) zenbatekoak, kasu askotan, 4.000 eurotik gorakoak izan ziren eta Bilboko KIUB-ren aldeko bitartekaritzarekin, kontsumitzaileei 65.000 euro baino gehiago itzultzea lortu zen.

DENTIX-EN AURKAKO ERREKLAMAZIOAK

Dentix-en hartzekodunen konkurtsoak hortz-kliniken katearen aurkako 113 erreklamazio izapidetzea ekarri zuen; gehienek (100) banku-erakunde batekin finantzatutako tratamenduak kontratatuta zituzten. Kasu askotan, finantzazioa 7.000 eurotik gorakoa zen eta kasu gehienetan tratamendua baino ez zen hasi.

KIUB-ren bitartekaritzarekin, hortz-klinikekin loturiko bost erreklamaziotan 14.000 euro itzultzea eta kasuen % 70ean tratamenduarekin jarraitzea lortu zen, auzibidera jo beharrik izan gabe.

Telefonia-konpainiekin, gimnasioekin edo akademiekin lotutako erreklamazioen bitartekaritzan ere emaitza onak lortu ziren. Besteak beste, ezkontza-oturuntzetarako aurrerapen gisa emandako seinale batzuk eta bermetan zegoen gama altuko auto baten motor baten aldaketa berreskuratu ziren.

KIUB doako zerbitzua da eta kontsumitzaileen eskubideen defentsa eta sustapena bermatzea eta herritarren bizi-kalitatea hobetzea du helburu.

noticias de deia