Uriko trafikoan segurtasuna hobetzeko ahaleginean, Bilboko Udalak trafiko-kanpaina berri bat jarriko du martxan astelehen honetan, uztailak 12. Oraingo honetan Bilboko Udaltzaingoak ibilgailuen abiadura kontrolatu egingo du. Kanpaina datorren igandera arte, hilak 18, egongo da martxan.

Horrela, Bilboko Udaltzaingoak egunero batez beste lau kontrol egingo ditu kanpainaren zazpi egunetan, urian baimendutako abiadura zenbat ibilgailuk gainditzen duten ikusteko. Era berean, radarretan ezarritako muga gainditzen dutenak salatuko dituzte.

Kasu batzuetan, udaltzainek unean bertan jakinaraziko diote arau-hausleari, kanpaina dibulgaitzailea baita. Horrekin, gidatzean duten erantzukizunaz jabe daitezen lortu nahi da. Besteetan, aldiz, jakinarazpena etxean jasoko dute.

Bestalde, Bilboko Udaltzaingoaren Segurtasunaren Dibisioan jasotako datu guztiak taula batzuetan sartuko dira, estatistikak egite aldera, eta datuak horretarako aldez aurretik ezarritako adierazle batzuetara egokituko dira.

Gogoan izan behar da abiadura orduko 30 kilometrora murrizteak zuzeneko eragina duela harrapatze bat izanez gero izaten diren lesioen larritasunean, bai eta heriotza-arriskuan ere, talkaren energia txikiagoa delako eta balaztatze-distantzia txikiagoa delako.

Abiaduraren murrizketa hori Bilboko erdigune osoan ezarri zen iaz.

Gainera, araudiaren arabera, maiatzaren 11tik aurrera, abiadura-murrizketa hauek aplikatuko dira Estatuko gainerako erkidegoetan:

  • Orduko 20 kilometro, galtzada eta espaloia plataforma bakarrean dauden bideetan.
  • Orduko 30 kilometro, noranzko bakoitzeko errei bakarra dagoen bideetan.
  • Orduko 50 kilometro, noranzko bakoitzeko errei bi edo gehiago dauden bideetan.

2020an EGINDAKO KANPAINETAKO DATUAK

Iaz Bilboko Udaltzaingoak abiadura kontrolatzeko hiru kanpaina egin zituen; horietan 240.529 ibilgailu kontrolatu eta 1.113 salaketa jarri zituen, hau da, guztirakoaren % 2,16.