Datorren larunbatean, erraldoi eta buruhandiak Bilbora itzuliko dira, 'Bilboko erraldoiak eta buruhandiak. Erraldoiak lekualdatze-garaian' izeneko erakusketaren bitartez. Euskal Museoak uztailaren 3tik irailaren 12ra bitartean jasoko du lana. Erakusketa Euskal Museoko klaustroan egongo da ikusgai.

Oraingoan, 1988ko belaunaldikoak dira euskal festetako pertsonaia ezagunak, eta Bizkaiko museoarentzat oso garrantzitsua den une batean iritsi dira. 1921eko uztailaren 3an inauguratu ziren Aldundiaren eta Udalaren menpe zegoen Arkeologia Museoa eta soilik Aldundiaren menpe zegoen Museo Etnografikoa. Biek espazio fisiko bera eta arduradunaren figura bera zuten, titulartasun desberdin hori zuten arren. Beraz, 100 urte bete dira inaugurazio hori egin zenetik.

Gainera, Euskal Museoa erabat berritzeko prozesuan sartuta dago gaur egun, eta eraberritze-lanari ekiteko atarian. Egun hauetan, erakusketa iraunkorra kanpoko gordailu batera eramaten ari da, eta hortik dator aurten erraldoien erakusketak duen izena. Lan horiek direla-eta, museoak klaustroa baizik ezin du irekita eduki udako hilabeteetan, eraberritze-lanak hasi arte, eta hor egongo dira Bilboko erraldoiak.

Pertsonaia horiek Bizkaiko museoan izandako erakusketa-historia joan den urtean berridatzi zen, Covid-19ak sortutako pandemiaren ondoren. Hala, oraingo honetan erraldoiek osatutako bikoteek uda osoan hitz egingo dute beraien artean, osasun-arauak une bakoitzean ezartzen duen distantzia soziala gordez. Gainera, udako uneren batean, agian, beraien neurriaren araberako maskararekin ikusiko ditugu distantzia hori gorde ezin duten figuren bikoteak. Erakusketa honetan dena aldatuko da, gizarteko gainerako kideentzat egoera aldatzen den erritmo berean.

Bizkaiko museoak keinu hori egin nahi izan zuen 2020ko erakusketan, eta errepikatu egingo du, egoerak hobera egin badu ere, besteak beste, txertaketari esker. Izan ere, izan den osasun-krisiaren ondoren, kulturaren eta artearen bidez errealitatera hurbiltzeko modu bat da, bisitatzen duten pertsona guztiak kontzientziatzeko, banakako segurtasun-neurriek pandemia desagertzeko izan duten eta duten garrantziaz. Hala ere, erakusketaren alderdi historikoak ez du indarra galtzen. Aurten ere indartu egingo da alderdi hori, eta erraldoi bakoitzaren janzkeretatik kartel bat zintzilikatuko da, bere ibilbide historikoari buruzko informazio garrantzitsuarekin; lokarri eta kateorratzez lotzen ziren antzinako prezioen etiketei egindako keinua.

Izan ere, Bilboko erraldoi eta buruhandiak erakusketak euskal folklorearen zati garrantzitsu batera hurbiltzen du bisitaria. 4 metrotik gorako altuera duten irudi hauek Ingelesa, Bilbainita, Pichichi, Lina eta beste pertsonaia batzuk aurkezten dizkigute. Guztira 14 erraldoik eta 10 buruhandik osatzen duten erakusketa hau, urteen poderioz, Bizkaiko hiriburuan uda garaian bisitatuenetako bat da.

JARDUERAK

BISITA GIDATUAK

Klaustro osotik banatuta, erraldoi eta buruhandiek lagun egingo diete museoko Hezkuntza Sailak uda honetarako antolatu dituen bisita gidatuak egitea erabakitzen duten pertsonei. Jarduera uztaileko eta abuztuko ostegunetan izango da, 17:30ean. (Gutxienez 5 laguneko taldea badago).

Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da online, Euskal Museoaren webgunean. Sarrerak 1 €-ko prezioa izango du pertsonako, eta taldeak ezin izango dira 6 lagunetik gorakoak izan. (*Egungo araudian zerbait aldatuz gero, litekeena da edukiera ere aldatzea).

Bisitak aukera emango du Bilboko erraldoi eta buruhandien historia, ezaugarri nagusiak eta haien inguruan dagoen tradizioa ezagutzeko. Gainera, jantziak eta nola muntatzen edo dantzatzen diren ere ikusi ahal izango da. Hori guztia, historiaz beteriko gune batean, Bizkaiko museoaren klaustroan, hain zuzen ere.

"EGIZU ZURE ERRALDOIA" HAURRENTZAKO TAILERRA

Etxeko txikienek oso modu berezian gozatu ahal izango dute erraldoiez eta buruhandiez uztaileko eta abuztuko ostegunetan, 12:00etan. Euskal Museoko Hezkuntza Zerbitzuak lagunduko die beraien erraldoirik gogokoenaren txotxongilo bat egiten. Txotxongilo horrek besoak mugituko ditu, eta baliagarria izango zaie Bilboko erraldoien ezaugarri bereziak azaltzeko.

Tailerraren prezioa euro batekoa da parte-hartzaile bakoitzeko, eta, horretaz gozatzeko, aldez aurretik izena eman beharko da online museoaren webgunean.

"ERRALDOIAK DANTZATZEN" FAMILIA TAILERRA

Erraldoiak dantzatzen guneak Erraldoien Ondalan Konpartsa izango du museoko klaustroan. Sei erraldoitxoen bidez, erraldoiak dantzatzen irakatsiko diete 7 eta 13 urte bitarteko gaztetxoei, uztaileko eta abuztuko ostiraletan (abuztuaren 27an izan ezik), 11:30ean, 12:15ean eta 13:00ean. Txikienentzat: Marrazketa, pintura eta txapak.

Aldez aurretik izena eman behar da online museoaren webgunean, eta sarreraren prezioa 1 € da.

ERRALDOIEN DANTZA

Irailean, Bilboko erraldoiak eta buruhandiak erakusketa itxi baino lehen, erakusketari buruzko jarduerarik arrakastatsuenetako bat izango da. Erraldoiak Euskal Museoko klaustroan dantzatuko dira irailaren 3an (19:00), 4an (12:00), 5ean (12:00), 9an (19:00), 10ean (19:00), 11n (12:00) eta 12an (12:00).

Covid-19ak sortutako pandemia iritsi arte, erraldoiek Bilboko Zazpikaleetatik egiten zuten dantza, baina, iaz, museoak aukera hau hautatu zuen, egungo araudia betetzeko eta arriskuak saihesteko.

Sarreraren prezioa 1 € da, eta, bertan izateko, aldez aurretik erreserba egin behar da museoaren webgunean.