Gaur, ekainak 17, Bilboko Udalak amaiera eman dio Agroplaza Kirikiño proiektuari. Iralabarriko auzoan garatu den proiektu honetarako, Udalak 72.710,98 euroko inbertsioa egin du.

Proiektua Europar Batasuneko ‘Desingscapes’ deialdiaren barruan gauzatu da, zeinaren bidez ehunka europar ekimen finantzatzen baitira (50 bideragarritasun azterlan, 40 prototipo garapen eta 10 eskalabilitatek proba), hiri-espazioak diseinuaren bidez berritzea sustatzen dutenak.

Agroplaza Kirikiño proiektuak, zehazki, plaza baten eraldatze sozial eta ekologikoa du xede, eta sistema ekologiko eta inklusiboen eta eraldatze praktiken hiri-laborategi baten moduan pentsatu zen. Diseinua Pez Estudio arkitektura-estudioak garatu du; hiri-altzari ekologiko eta beregainak ezartzean datza, auzotarrekin batera egin den parte hartze bidezko diseinu baten ondorioen arabera.

Proiektuak Europar Batasunaren finantzaketa izan du, eta Bilboko Udalaren laguntza ere bai, berak finantzatu baitu parte hartze bidezko prozesuan diseinatutako moduluen fabrikazioa, eta gero, orain duten kokalekuan kokatu. Bestalde, aurreikuspenen barruan, Udalak plaza osoa diseinatzea eta hobetzea ditu asmotan, kontuan hartuta proiektu honen barruan orain arte landutakoa.

Bi prototipo ipini dira:

  • Lorategi-jarleku bat, hainbat zabalera eta luzerako harmailak dituena jarleku moduan baliatzeko, eta bi estalki dituena aterpe moduan, elkarren kontrako isuria dutenak. Atzeko aldean, bizikleten aparkalekuak dauzka. Elkartzeko gune bat da, ekitaldiak egiteko ere balia daitekeena, eta badauzka, gainera, telefono mugikorra kargatzeko sistema bat LED argiztapena.
  • Agertoki soinudun bat, 20 metro koadroko plataforma bat duena, 54 zentimetro garai lurretik, eta sarbidea aldamenean. Aurreko kasuan moduan, aterpea du euria egiten duenerako, kontrako isuria duten bi estalkiz osatua. Erabilera anitzeko gune bat da, egoteko leku aterpedun moduan nahiz ekitaldi, proiekzio eta bestetarako oholtza goratu moduan pentsatua...oholtzaren alde bietatik ikusi ahal izango direlarik ekitaldiak. Baditu, gainera, ispiluak entseguak egiteko, eta landare-ontziak ere bai landaretza igokariarentzako. Argiztapenerako energia-hornidurako sistema bat darama, eta orobat soinua anplifikatzeko sistema bat, aukera ematen duena telefono mugikorra bluetooth bidez konektatuta musika entzuteko, betiere Ingurumena Babesteari buruzko Udal Ordenantzan ezarritako mugekin. Gailua 10:00etatik 21:00etara dago programatuta, herritarrei eragozpenik ez eragiteko.

PARTE HARTZE BIDEZKO PROZESUA

‘Agroplaza Kirikiño’ proiektuari heldu eta gauzatzeko, Pezestudio estudioak tokiko elkarte eta eragile finkatuekin lan egin du, eta baita herritarrekin ere. Parte hartzeko tresnak erabili ditu, prozesuaren inklusibitatea eta sormena indartuz.

Online plataforma bat garatu zen, agroplazakirikino.wordpress.com, proiektuaren berri emateko, eta inguruaren erabiltzaileak nortzuk ziren jakin eta haiengana jo zen, batez ere gazte eta nerabeengana, familiengana eta adinduengana.

Aldi berean, diagnostiko tekniko bat egin zen (hirigintza arloko arauak, planoak...). eta espazioa aztertu zen eguneko une batzuetan eta besteetan eta asteko egun batzuetan eta besteetan, plazak zer erabilera mota zeukan ikusteko.

Azterlan horien ondotik, herritarren arteko lehen bilera bat egin zen proiektua aurkezteko, eta inkestak banatu ziren, beharrizanen eta iritzien berri jasotzeko. Halaber, online galdetegi bat prestatu zen, bilerara joan ezin zirenen iritziak biltzeko.

Informazio hori guztia bilduta, inguruaren beharrizanak zeintzuk ziren hauteman zen, eta ingurua egun zer egoeratan dagoen ikusi, asmoa zelarik esku hartzearekin nola hobetu jakitea.

Ondoren, jendaurreko work shop bat antolatu zen, tokiko eragileekin baterako sorkuntza bidez, eta auzotar guztiei egin zitzaien gonbita.

Ideia horiekin guztiekin, lehen diseinu bat definitu zen, eta ondoren berrikusi egin zen auzoko elkarteekin batera, telematika bidez, osasun egoera zela eta. Horrela atera zen diseinua berraztertu egin zuen lehenik Bilboko Udalak, eta ondoren onetsi.

Behin betiko proiektua eskuan, aurkezpen ireki bat antolatu zen, ezagutzera ematearren prozesu osoaren emaitzak eta plazan instalatuko ziren moduluen ezaugarriak.