Gaur hasi eta ostegunean amaituko den 'Hiri berriaren mapa diseinatuz' izeneko Madrilgo Hirien Foroaren edizio berrian parte hartuko du Bilboko Udalak.
'Hiri berriaren mapa diseinatuz' goiburuarekin, nazioarteko deialdi honek agerira ekarri nahi ditu zenbait proiektu eta ikuspegi, hirietan eraldaketa esanguratsuak eragiten ari direnak covid-19aren pandemiak eragindako krisiaren aurreko erantzun gisa. Foro honetan, Bilbo ez ezik, Estatuko eta Latinoamerikako berrogeita hamar bat hirik parte hartuko dute.
Bilboko Udaleko ordezkaritza, beraz, Alfonso Gil Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi ordezkariaren gain eta Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotzi ordezkariaren gain izango da.
Abaunzak bihar parte hartuko du, asteazkenean, mahai-inguru honetan: 'Hiri Plangintza: nahi dugun eta behar dugun hiria'; hiri plangintzako prozesua izango da gaia, hura tresna beharrezko eta estrategikotzat jorik hiriak biziberritzeko eta haien diseinua jasangarriagoa, osasungarriagoa eta erresilenteagoa izan dadin.
Beste alde batetik, Gil zinegotziak ostegunean parte hartuko du, 'Hiri eraldaketan aitzindari diren mugikortasun berriak' jardunaldian, eta han azalduko du nola abian jarri diren aldaketek mundu mailako erreferente bihurtu duten Bilbo mugikortasun jasangarri eta osasungarriaren arloan. Hala nola abiadurari 30 km/h-ko muga jarririk hiri-bilbe osoan, neurri horri esker Europar Batasunak 2020ko hiririk seguruena izatea ezagutu baitio.