BILBO. Bilboko Udalak 149.818 euroko aurrekontua bideratuko du Cabras mendian aisialdirako espazio berri bat eraikitzeko. Horrez gain, uriari begiratzeko begiraleku bat eraikiko da, gailurraren ondoan. Proiektu hau Artxanda Aktibatzeko Planaren barruan garatuko da. Lanak hasi dira dagoeneko, eta aurreikusita dago lau hilabeteko iraupena izatea.

Egikunearen asmoa da balioa ematea inguru horri, orain arte erabilerarik gabe utzita baitzegoen, eta, hala, Bilboren ikuspegi paregabe bat sorraraztea, hain zuzen, Zorrotzaurre uhartea eta Abra ikusteko ikuspegi paregabe bat.

Horretarako, zurezko azpiegitura bat ipiniko da, eta zenbait panorama-mahai ezarriko, ikuspegi batera eta bestera begira.

Begiralekurako irispidea, Enekuriko errepidearen ondoan doazen oinezkoen bidetik eta bidegorritik, egokitu egingo da. Hara sartzeko bide horrek 368 metro izango ditu, eta 3,5 metro zabal izango da; dena-bat materiala erabiliko da eraikitzeko, aldez aurretik hondealanak eta hutsartea eginik.

Ibilbidearen erdialdera, aisialdiko gune bat ipiniko da, gutxi gorabehera 1.500 metro koadro izango dena, eta bost mahai, edateko ura ematen duen iturri bat, hondakinak gaika bereizteko zakarrontziak eta umeen jolaserako gune bat izango ditu hornidura.

ERAZTUN BERDEA INDARTZEA

Bilboko Udalak osatu egin nahi du uri-bilbea natura zaindu, onik iraunarazi eta gozatzeko baloreekin, eta, hala, Bilbo inguratzen duten mendiak hobeto zaindu nahi ditu, bizilagunen bizi kalitatea nabarmenki hobetzearekin batera.

Horretarako, urigunea inguratzen duen ibilbide handi bat diseinatu du, uriko auzo guztietatik izango duelarik irispidea. Asmoa, horrekin, naturaren eta paisaiaren balioak indartzea da, eta herritarrei aisiarako eta denbora librerako jarduerak eskaintzea, eta aukera orekatuak eskaintzea natur inguruetara irispidea izateko eta erabiltzeko.

Ibilbide Handiaren sareak eraztun berdea eta hartarako sarbideak hartzen ditu, eta, guztira, 71,25 kilometro da luze. Gainera, ibilbidean zehar, aisiarako guneak izango dira, guztira 130 hektarea egiten dutenak. Cabras mendian eremu berri bat sortzea ere egitasmo horri zor zaio.