BILBO. Bilboko Udalak 2.107.426,39 euroko aurrekontua bideratuko du Santutxuko Basarrate Landan birmoldatzeko lanak egiteko. Obra horiekin tokiko ingurunea modernizatzea eta irisgarritasuna hobetzea lortu nahi da. Inguruko lekuetan hobekuntzak egingo dira baita ere, hala nola Juan de la Cosa, Iturriaga, eta Antonio Eguiluz Sendagilearen kaleetan.

Egoteko zona ahalik eta gehien handituko da. Horretarako, perimetroko horma eta parterreak kendu beharko dira, espazio bakar eta irekia sortzeko, oztoporik eta bereizketarik gabe.

Egonaldirako espazioa handitzeko asmo horretan sakontzeko, Basarrate landa kalea oinezkoentzat jarriko da, 1 eta 3. zenbakien artean, eta Juan de la Cosa, Iturriaga eta Antonio Eguiluz Sendagilea bideak txikitu. Hiru kale horiek ezaugarri bereziak dituzte, bai kontu teknikoengatik, bai erabiltzen dituzten pertsona motengatik. Hala eta guztiz ere, Udalak (Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Sailaren bidez) egingo duen proiektuak diseinu bera emango die guztiei.

Obra hauek 2.107.426,39 euroko lizitazioko aurrekontua izango dute (BEZa barne), eta adjudikatzen amaitu ondoren hamar hilabetetan amaitzea espero da.

PLAZA

Plazak funtzionala izaten jarraituko du, eta erabilera guztiak orain dauden lekuetan mantenduko dira: egoteko zona, jolasen gunea, ekitaldietarako, azoketarako eta abarretarako erabiltzen den espazioa eta abar.

Zorua osorik berriztatuko da eta ingurune osoan akaberako material berdinak erabiliko dira, osotasun-irudia indartuz. Zehazki, Basarrate Landaren azalera osoan, leundutako asfalto urtuzko geruza uniforme bat zabalduko da. Material hori labainketen aurkakoa da, erraz garbitzen da, eta jarri eta berehala hasi daiteke erabiltzen.

Udalak orain dauden zuhaitzak kontserbatu gura ditu (haietako hiru beste leku batzuetara eramango dira, baina eremuaren barruan), eta Iturriaga kaleko zuhaitzen sustraien hazkundearen arazoa konponduko du, espaloiak deformatzen baitituzte. Hartara, parterre- eta banku-eremu bat sortuko da, forma linealekin, plazako zuhaitzak isolatzeko eta espaloiaren gaineko eraginak saihesteko. Parterre hauetan, gainera, bankuak prestatuko dira plazaren alboan, jendea elkartzeko zona berriak sortze aldera.

Modu berean, trazadura linealeko landare-parterreak jarriko dira Basarrate Landa kalearen bidean, bidea behin betiko plazan txertatzeko.

Parterre horiek guztiak orain dauden drainatze eta saneamendu kanalizazioen gainean ipiniko dira. Beraz, sustraien aurkako soluzio geotestil bat ezarriko da bertikalki, sustraiak ez daitezen sartu eroanbideak dauden zonan. Hala, hor konponketarik egin behar balitz, zuhaitzak ez lirateke inola ere kaltetuko.

Parterreetan, zuhaitzak, soropila, zuhaixka txikiak eta loreak sartuko lirateke. Gainera, zenbait landare aromatiko ere landatuko lirateke, hala nola izpilikua, erromeroa, mendafina eta marialuisa.

Plazaren hegoaldean dagoen parterrean komun publiko bat ipiniko da.

Erdialdeko nahiz espaloietako maldak mantenduko dira. Iparraldean, desnibel hori berdintzeko, hormigoizko harmaila batzuk jarriko dira, anfiteatro baten itxurarekin, Juan de la Cosa kalerantz banku jarraitu bat osatuko dutenak.

Umeen jolasgunea oraingo lekuan geldituko da, eta horma mugakidea handituko da, kanpoko perimetroan beste banku korritu bat egin ahal izateko moduan. Jolas berriak sartuko dira eta, gainera, beste batzuk asfaltoan margotuko dira, margo akrilikoekin.

Umeen jolasguneetatik parterreekin eta bankuekin bereiziko dira elementu bioosasuntsuak. Orain daudenak berrerabiliko dira, garbitu eta margotu ondoren.

Gainera, hiri argiak eta altzariak berriztatuko dira.

JUAN DE LA COSA KALEA

Bide hau Santutxu eta Iturriaga kaleen artean doa. Espaloi altxatu bat dauka bidearen bi aldeetan, eta ez dauka ibilgailuentzako aparkalekurik.

Basarrate Landaren proiektuaren barruan, Juan de la Cosa kaleari dagokion tartean, Bilboko Udalak bidea errei bakar batera murriztuko du, aparkatzeko plazak sortzeko eta plazaren ondoan dagoen espaloia handitzeko moduan. Gainera, une honetan espaloian, zuhaitzen artean, dauden edukiontzi guztiak birkokatuko dira.

Oinezkoen pasabidea Iturriaga kalera eramango da, txorkoak kenduko dira eta parterre bat ipiniko da, bidea eta espaloia bereizten dituena. Haren ondoan, egoteko guneak sortuko dira, plazan erabiliko den zoladura drainatzaile bera edukiko dutenak.

ITURRIAGA KALEA

Kale honek bi noranzkotan dauka zirkulazioa Laurencín Markesaren kaletik Juan de la Cosaraino. Laurencín Markesaren kaletik Antonio Eguiluz Sendagilearen kaleraino, berriz, zirkulazioa noranzko bakarrean egiten da. Zirkulazioaren dentsitatearen eta auzoan duen eraginaren ondorioz, orain dagoen moduan mantenduko da.

Plazaren ondoko espaloian hamahiru zuhaitz daude; haien sustraiak espaloia eta haren zoladura altxatzen ari dira, eta oinez igarotzea oztopatzen dute. Egoera hau konpontzeko, arestian esan dugunez, parterreak egingo dira bideraino.

Iturriaga/Basarrateko autobus-geltokian, Bilbobusen 13. lineari dagokiona, leku berean jarriko da. Bilbaobizi udal bizikletak mailegatzeko guneak ez du jarduketaren ondoriorik jasango.

ANTONIO EGUILUZ SENDAGILEAREN KALEA

Antonio Eguiluz Sendagilearen kaletik plazara doan sarbide nagusia kenduko da: Iturriaga kalearen gurutzera aldatuko da, eta oinezkoen mugikortasuna hobetu.

Euspen-horma mantenduko da, eta zutabeak eta barandak kendu. Haien ordez, altzairu herdoilgaitzezko babes-barandak ipiniko dira, eskubandarik gabe. Gainera, hormaren egitura konponduko da pitzadurak edo narriadurak dauden zonetan.

ERAGINAK MURRIZTEA

Lanak faseka egingo dira, herritarrei ahalik eta eragin eta kalte gutxien egiteko, eta une oro bermatzeko oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioa eta zerbitzuen erabilera, hala nola autobusen eta Metro Bilbaoren geltokiak. Basarrate Landa birmoldatzeko planteatu diren lanik gehienek ez dute eraginik ibilgailuen zirkulazioan, salbu eta Iturriaga kalearen tartean (hemen zirkulazioa berrantolatu beharko da).

Proiektu honen barruan, beste fase bat izango da Unión Begoñesa Etxaldearen urbanizazioan argiztapen publikoa berriztatzea, eremuaren hegoaldean. Bertan, orain dauden argien ordez LED argiak jarriko dira, eta argiztapenaren eta kableen kanalizazioa eguneratuko da.