BILBO. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok parte hartu du asteazken honetan, ekainak 2, ospatu egin den ONCEren aldeko kriskitinen online lasterketan. Ekimen honen helburua gizarte inklusiboago bat eraikitzen hastea da.

Gaur egungo osasun-egoeraren ondorioz, kriskitinen lasterketak formatu berria izan du. Lasterketa honen bitartez, agerian uzten da itsuek nolako zailtasunak dituzten egoera honi aurre egiteko, hau da, teknologia berriak -lanean, eskolan eta gizarte-harremanetan- ezinbesteko bihurtu diren honetan.

Helburu horrekin, Euskadiko ONCEko 5 itsuk zenbait web-orritatik nabigatu dute, kriskitinen lasterketen espiritua mantenduz, hau da, "bizi garen gizartean sentsibilitatea pizteko ingurune irisgarri eta inklusiboak sortzearen beharraz, baita online izaerakoak ere".

Bilboko alkateak, ekitaldiko burua izateaz gain, ekimenarenganako interesa erakutsi du Rafael Ledesma Euskadiko ONCEren presidentearen eta Juan Carlos Andueza lurralde-ordezkariaren eskutik, eta Bilboko Udalaren web-orrian zehar nabigatu du, begiak estalita, Claudia Iturregi afiliatu itsuarekin batera, itsuen tokian egotea zer den jakiteko.

Modu berean, alkateak, covid-19aren osasun-egoeraren harira, adierazi du "osasun-krisiak ageri utzi dituela beste oztopo batzuk, hala nola arrakala digital famatua. Horregatik, teknologia berriak denontzat irisgarriak izatea zein garrantzitsua den nabarmendu nahi dugu, bai ikasketetan, bai lanean, bai administrazio-izapideak egitean". Ildo horretan, Bilboko Udalak gura du, abiatzen dituen politiken bidez, herritarrek berdintasunean erabili ahal izatea zerbitzu publiko guztiak, eta beraien bizi-kalitatea ez dadila kaskarragoa izan desgaitasun tekniko, kognitibo edo fisikoengatik.

ITSUAN NABIGATZEA, BIKOTEKA EDO TALDEKA

Petronor, Kutxabank-BBK eta Deustuko Unibertsitatearen ordezkariek besoz beso lan egin dute zenbait pertsona itsurekin, eta horiek azaldu diete nolako eragozpenak aurkitzen dituzten Internet bidez izapideak egin behar dituztenean.

Kutxabank eta BBKko bozeramaileek itsuan nabigatu dute Jabier Ríos Euskadiko ONCEko Lurralde Kontseiluko presidenteordearen era Sergio Fernández lurralde-kontseilariaren eskutik. Euren web-orrien irisgarritasun-maila ezagutu dute Nora Sarasolak (BBKren Gizarte Ekintzako zuzendariak), Ixone Zubietak (BBKren Gizarte Proiektuen arduradunak), Inés Monguilotek (Kutxabanken Marketing eta Publizitateko zuzendariak), eta Alba Corralek (Kutxabankeko Berrikuntza eta Kanalak).

Deustuko Unibertsitatetik, Alazne Olabarrieta ONCEko afiliatuarekin batera nabigatu dute Maitane Cortések (Deusto Online Unitatea), Roberto Sagastuyk (Komunikazio eta Marketing Zuzendaritza), Xiomara Martínezek (Gizarte Ekintza eta Inklusio Zerbitzua) eta Nekane Peñak (Informatika Zerbitzua).

Bestalde, Euskadiko ONCEko afiliatua eta Enpleguko teknikaria den Javier Ayoze García de la Cobak Maria Gaztelurekin (Petronorreko Pertsonen eta Antolaketaren Zuzendaritzako Talentuko kudeatzailearekin) eta Olaia Saralegi eta Joseba Arrutirekin (Petronorreko Komunikazio Arloko kideekin) parte hartu du.

Gizarte inklusibo baten aldeko kriskitinen online lasterketak Eusko Jaurlaritzaren babesa dauka. Gainera, Bilboko Udala, Petronor, Kutxabank-BBK eta Deustuko Unibertsitatea kolaboratzaileak dira.

ARRAKALA DIGITALEZ OHARTARAZTEN DUEN LASTERKETA

Gizarte inklusibo baten aldeko kriskitinen online lasterketak itsuek egunero aurkitzen duten arrakala digitalaz ohartarazi nahi digu. Arrakala hori are zabalagoa da pandemiaren krisiak ekarri digun egoeran. Izan ere, "teknologia berrien erabilera asko gehitu da, eta oso denbora laburrean aurrera egin eta egokitu behar izan dugu, batzuetan sano modu prekarioan", esan dute antolatzaileek. Gainera, adierazi du "oraindik ere arrakala digitalaren biktima askok aurkitzen dituztela oztopoak teknologia berriak erabiltzeko. Arazo hori modu kezkagarrian larriagotzen da desgaitasunen bat duten pertsonen artean".

ONCEk jakinarazi duenez, "zailtasun horien jakitun gara erabat, egunero bizi ditugulako. Teknologia berriak diseinatzeko orduan, erabiltzaileen dibertsitatea aintzat hartu behar da eta guztientzako tresnak eskaini. Ikasteko, lan egiteko, edo eguneroko izapideak egiterakoan irisgarritasuna bermatu behar zaie pertsona guztiei".