BILBO. Joan den ostiralean, maiatzak 28, aparkalekuetarako erreserbatutako espazioan aurreko urtean terrazak jarri ezin izan zituzten ostalariei zuzendutako terrazak jartzeko baimenak eskatzeko epea itxi zen. Guztira, 135 eskaera jaso dira epea zabalik egon den bitartean. Orain, Bilboko Udalak eskaera horietatik 98 onartuko ditu.

Neurri horren onuradun izan dira, besteak beste, 2020an eskabidea epez kanpo izapidetu zutenak, tarte horretan establezimendu berriak ireki dituztenak edo lokalen titulartasun-aldaketak egin dituztenak.

Ez da onartu galtzadetan lehendik ziren terrazak handitzeko eskabiderik.

Halaber, ez da terrazarik jartzeko baimenik eman eskatzen den eremuan lurreko seinaleak edo zutikoak daudenean (zamalanetarako guneak, elbarrien aparkalekuak…) eta horrek eragotzi egiten duenean; edo, eremu horretan, edukiontziak badaude ipinita.

Espaloiak 4 metro baino gutxiago duenean bakarrik onartu dira eskabideak.

SEKTOREARI LAGUNTZEA

Iaz, Bilboko Udalak salbuespenezko neurri iragankor batzuk hartu zituen, covid-19aren osasun-krisia dela-eta osasun-egoerak sektoreari eragin zizkion kalte ekonomikoak arintzen saiatzeko, udalak ahal zuen neurrian. Horien artean zegoen terraza berriak eskatu ahal izatea edo horretarako eremuak handitzeko eskatu ahal izatea. Eskaera guztiak, 1.093 inguru, banan-banan aztertu ziren, eta ondorioz, Espazio Publikoko Zuzendaritzak 746 baimen eman zituen.

Krisi sanitarioa oraindik ez denez amaitu -salbuespenezko eta aldi baterako neurriak hargatik hartu ziren- Udalak berriro eman die aukera ostalariei, eskaera izapidetzeko hartarako epea zabalik izan zen bitartean (2020ko maiatzaren 11tik ekainaren 26ra) aparkalekuetarako gordetako eremuan honegatik edo hargatik terrazarik ipini ezin izan zutenei.