BILBO. Bilboko udal musika bandak 'Suitera hurbilketa' izeneko kontzertu berri bat eskainiko du Areatzako kioskoan ostiral honetan, maiatzak 28, arratsaldeko 19:00etan. Banda José Rafael Pascual Vilaplanaren zuzendaritzapean egongo da.

Bandak hiru suite originalekin gozaraziko ditu entzuleak: Gustav Holsten First Suite ospetsua, J. Enric Canet valentziarraren Giovinezza, R. Jager estatubatuarraren Third Suite eta José Franco Ribateren Lau Urtearoak balleta. Kontzertua Ernest Guiraudek, G. Bizet hil eta lau urtera, konpositorearen abesti originalak erabiliz, moldatu eta argitaratu zuen l'Arlésienne: suite nº2 obrarekin amaituko da.

Kontzertu honen ondoren, Bilboko Udal Musika Banda datorren ostiralean, ekainak 4, itzuliko da agertokira, Garikoitz Mendizabal (txistu lehena eta zuzendaria), Idoia Kareaga (txistu bigarrena), Gorka Zabaleta (silbotea), Sabin Bikandi (silbotea) eta Asier Garciak (atabala) osatutako Bilboko Udal Txistulari Bandak lagunduta. Iñaki Urkizuren zuzendaritzapean, "Irekitzeko musikak" kontzertuaz gozatzeko aukera izango dugu. Oraingoan, txistulariek euskal konpositoreen hiru suite joko dituzte eta Bilboko udal musika Bandak lau obertura eskainiko ditu.

Aurreko bi hitzorduetan bezala, egoera pandemikoa dela eta, eta artisten, publikoaren eta teknikarien segurtasuna ahalik eta gehien bermatzeko, espazioa mugatuta egongo da, eta aulki bakoitzak gutxienez 1,5 metroko distantzia izango du elkarren artean, indarrean dauden arauen arabera. Era berean, jendearentzako osasun-jarraibideak jasotzen dituen kartel bat jarriko da, eta aulkiak, instalazioak eta gainerako elementuak dagokion jarduera hasi aurretik desinfektatuko dira.