BILBO. Gaur goizean, maiatzak 17, uriko gazteen STEAM azterketaren emaitzak aurkeztu ditu Bilboko Udalak, Elhuyarekin batera. Horrez gain, Bizilabe Bilbao proiektuaren Parekoen Topaketa ekimena egin da.

Bilboko Udaleko Ekonomia Garapena, Merkataritza eta Enplegua Saileko zinegotzia den Xabier Ochandianok eta Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzailea den Garazi Andonegi Beristainek aurkeztu dute txostena.

Bi erakundeek indarrak batu dituzte hiriak laster behar izango dituen premia profesionalei aurrea hartzeko. Europa da gure ispilua. Epe laburrera, gainera, zientzia eta teknologian lan egiteko prest dauden pertsona gehiago eskatuko dituen lan-merkatu bat du. Aurreikuspenen arabera, ez dira premia horiei erantzuteko profesional kualifikatu nahiko egongo.

Xabier Ochandianok hauxe nabarmendu du: «Bilbon Talentuaren eta Ezagutzaren Zorrotzaurreko uhartea eraikitzen ari garen unean, unibertsitate-hiri bat izan nahi dugun honetan, ezinbestekoa da gizarte berri honek eskatzen dizkigun profilak lortzeko pausoak ematea. Zehazki, etorkizuneko enpleguen % 80an STEM gaitasunak ezinbestekoak izango dira mundu jasangarri bat lortzeko ditugun erronkei aurre egiteko. STEM profesionalak sektore ekonomiko guztietan izango dira beharrezkoak».

Hala eta guztiz ere, gazteen gaur egungo asmo profesionalen proiekzioak ez datoz premiekin bat, eta nesken kasuan egoera bereziki larria da. Nazioarteko askotariko azterlanetan jaso da, zientziarekiko eta teknologiarekiko nolabaiteko jarrera positiboa eta interesa erakusten badute ere, gutxi batzuek baino ez dutela alor horietako graduak ikasteko erabakia hartzen. Txostenen arabera, zientzietako graduetan matrikulazioen kopurua baxua izateko arrazoietako bat herritarrek zientzia ulertzeko duten modua da. Alde batetik, ulertzeko zaila dela jotzen dute, eta, beste alde batetik, irtenbide bakarra ikerketa eta irakaskuntza direla uste dute.

Bilbon ez da egoera aldatzen. Horren jakitun, Udalak eta Elhuyarek diagnostiko hau prestatu dute 14 eta 16 urte arteko gazteek STEM gaien eta lanbideen inguruan duten pertzepzioaren berri izateko, bai eta asmoen joera aldarazteko ere, batik bat, nesken kasuan. Izan ere, argi dute bokazioak oso goiz zehazten direla eta eskolaz gain asmo horiek definitzeko orduan eragina duten beste aldagai asko ere badaudela, hala nola familia, eremu pertsonala, soziala, hezkuntza edo testuinguru ekonomikoa€

ZER GERTATZEN ARI DA BILBON?

Anbizio handiko txostena da, eta ikasleek zientzia eta teknologiagatik zein STEM lanbideengatik eta gaiengatik duten bokazioaren interesa jaso da bertan. Hain zuzen ere, hiribilduko 14 ikastetxetako DBHko 3. eta 4. mailetako 1.029 gazteren emaitzak jaso dira. Parte-hartzaileen % 47,9 neskak izan dira, % 48,4 mutilak eta % 3,7 ez binarioak.

Elhuyarreko Zientzia Unitateko Garazi Andonegi Beristain koordinatzaileak erantzunen bidez lortutako ondorio nagusiak aurkeztu ditu:

  • Betiko genero-estereotipoek eragina dute gazteek gai horretan duten interesa zehazteko orduan. Oro har, neskek interes handiagoa dute askotariko gaiengatik, eta mutilak, ordea, gai zehatz batzuetan ardazten dira, askoz gehiago egin ere. Zientziak eta teknologiak espazio mugatua dute neskei interesatzen zaizkien askotariko gai guztien artean. Mutilen interesei dagokienez, aldiz, ugarienak dira.
  • Genero-estereotipoek, halaber, eragina dute etorkizuneko lanbideak hautatzeko orduan. Neskek, batik bat, irakaskuntzarekin eta osasun-zientziekin zerikusia duten lanbideak hautatu dituzte, eta, mutilek, berriz, teknologiarekin zerikusia duten gaiak aukeratu dituzte.
  • Ikasgaiekiko interes-maila, oro har, baxua da. Neskek artearekiko eta biologiarekiko interes handiagoa erakutsi dute, eta mutilek informatikarekiko zein teknologiarekiko interesa.
  • Gazten arabera, STEM profesionalak pertsona langileak, azkarrak, buru-jantziak eta pazientzia handikoak dira eta ikusmina dute. Kalifikatzaile horietako batzuk oso ohikoak dira ikasle onak deskribatzeko orduan. Gazte askoren iritziz, lanpostu horietan lan egiteko, ikasketa-prozesu luze, zorrotz eta zail bat bete beharra dago. Ondorioz, gora egiten du beste mota batzuetako ikasketak aukeratzeko probabilitateak.
  • Etorkizunean STEM alorrean lan egiteari dagokionez, neskek eta mutilek gaitasun-maila ezberdina aitortzen diote beren buruei: mutilen % 46,9k uste du sektore horretan lan egingo duela, bai eta nesken % 29k eta ez binarioen % 26,3k ere.
  • Neskek eta mutilek oso ikuspegi ezberdina dute STEM profesionalen bizitzeko moduari dagokionez: mutilek modu altuagoan baloratzen dute (6,7) eta interes handiagoa dute etorkizunean STEM alorrean lan egiteko. Mutilen % 43,1ek eta nesken % 24,6k STEM alorrean lan egiteko interesa erakutsi dute.
  • Orokorrean, gazteen aburuz, zientzia eta teknologian ari diren emakumeen eta gizonen lan-baldintzak ezberdinak dira, baina ikuspegi positiboagoa dute Bilbori dagokionez, ezberdintasun horiek leundu baitituzte.
  • Gazteen erdiak (% 46,5), gutxi gorabehera, ez du Bilboko industriaren berri, eta ez zaie bereziki erakargarria iruditzen eskualdeko industrian lan egitea. Hala eta guztiz ere, gazte batzuek, neskak zein mutilak, alderdi positiboekin lotu dituzte eskualdeko industria eta lana.

Oro har, azterlanaren emaitzen arabera, Bilbon STEM jardueraren inguruko ezagutza baxua da, eta neskek bokazio zientifiko-tekniko txikiagoa dute mutilekin alderatuta. Galdetegiaren emaitzak ikus-entzunezko ekoizpen batean laburbildu dira: Bilboko STEAM Diagnostikoa.

Ikastetxe hauek parte hartu dute azterlanean: Artxandape Ikastola, Berrio-Otxoa ikastetxea, Jesuitas-Indautxu ikastetxea, Ignacio Ellacuria-Zurbaran BHI, Kirikiño Ikastola, El Ave María ikastetxea, Eskurtze BHI, Ibaizabal BHI, San Adrian BHI, San Inazio BHI, Sagrado Corazón ikastetxea, Esclavas SC - Fátima ikastetxea, San Pedro Apóstol ikastetxea eta Deustuko Salesianos ikastetxea.

BILBOKO UDALAK ETA ELHUYARREK BAT EGIN DUTE: BIZILABE BILBAO - PAREKOEN TOPAKETA

Bilboko Udalak eta Elhuyarrek aspaldi batu zituzten indarrak. Izan ere, 2017. urtean BIZILABE BILBAO jarri zen martxan, gazteentzako STEAM arloetako ikerketarako eta aisialdirako Euskadiko lehenengo zentroa. Horrela, Bilboko gazteek zientziarekiko eta teknologiarekiko zuten interesa eta motibazioa sustatu nahi ziren, bai eta gazte-gazteei inguruko lan-jarduera erakutsi ere.

Bizilabe Bilbao zentroa Bidarte eraikinean dago, eta zientziari zein teknologiari lotutako jarduerak eskaintzen ditu (tailerrak, proiektuak, bisitak enpresetara eta abar), bai eta 10 eta 17 urte arteko gazteentzako eskolaz kanpoko jarduerak ere.

Gaur bertan, ikertzaile profesionalekin egoteko aukera izan dute Parekoen Topaketan parte hartu duten gazteek. Andonegik azaldu duenaren arabera, azterlanetan argi geratu da gazteek benetako erreferentziak behar dituztela. Horrez gain, Elhuyarren garrantzia nabarmendu du, gazteak zientziaren eta teknologiaren benetako mundura hurbiltzeko bitarteko eragile aditu gisa. Horri dagokionez, ekimenean gaur parte hartu duten ikerketako enpresa eta entitateei asko eskertzen die emandako laguntza: Joana Hevia Anbiolabekoa (Aclima Clustereko kidea), Lore Zumerta BCAMekoa, Sandra Ahedo González-Zabaleta Eusko Trenbide Sarekoa, Ainhoa Ye Xu Formula Student eta Maite García Garay Bisky Team UPV/EHUkoak, Felipe Colsa Gestionetekoa, Jaione Lanborena Ihobekoa eta Maitane Alonso Monasterio, IAMekoa, Innovating Alimentary Machines.

Parekoen Topaketan, ikasturtean zehar gazteek Bilboko enpresetako eta ikerketaren munduko STEM profesionalekin partekatu dituzte beren zientzia eta teknologiako proiektuak, eta profesionalek, aldi berean, zein proiektutan lan egiten duten erakutsi diete. Hobetu daitezkeen alderdien inguruko oharrak eta iruzkinak partekatu dituzte. Hauexek izan dira gazteek aurkeztu dituzten proiektuetako batzuk:

  • Programazioa: kutxa gotor bat eraikitzea eta programatzea, ping-pong pilotak botatzen dituen pistola bat programatzea eta bideo-joko bat programatzea.
  • Mikrobiologia: askotariko desinfektatzaileen eraginkortasun-analisia.
  • Energia: eguzki-energia bidezko kargagailu mugikor bat eraikitzea.
  • Mikroplastikoak: hondartzan dauden mikroplastikoak zenbatzea eta ezaugarriak zehaztea.
  • Tropismoa: pizgarri batekin landareek mugitzeko duten gaitasuna aztertzea.

Irekita dago Bizilabe Bilbao 2021-2022 ikasturtean izena emateko epea

Gaur bertan ireki dute Bizilabe Bilbao 2021-2022 ikasturtean izena emateko epea. Bizilabe Bilbao zentroaren webgunean adierazi dira izen-emateari buruzko xehetasun guztiak, eta hor bertan bete behar dira datuak. Ekainaren 10ean, izena eman dutenen gazteen artean esleituko dira plazak, eta, hala ere, plazak bete gabe geratzen badira, nahi dutenek udan eman ahal izango dute izena.

Bizilabe Bilbao proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ere badu.