BILBO. Leku guztiak bete ditu tokiko taldeak sustatzea helburu duen VillaSoundBilbao jaialdiak bere lehenengo edizio honetan. Guztira zortzi kontzertu egin dira, eta publiko gazteak espazioak bete egin ditu.

Hala, bada, kontzertuetara joan diren gazteek, 18 eta 25 urte arteko neska eta mutilek, bete egin dute egungo jende-kopuru gehienezkoa (101 jarleku), Bilborocken, lehiatu diren 12 banden 4 kontzertuetan. Hain zuzen ere, publikoaren eta epaimahaiaren botoz erabaki da honako 6 talde hauek izango direla hurrengo fasera igaroko direnak: Suave (Bizkaia), Martin de Marte (Gipuzkoa), Nize (Bizkaia), Silitia (Bizkaia), Nun (Bizkaia) eta Ramona's First Evil Boyfriend (Gipuzkoa); alegia, VSB Mentoring fasera, zeinean formakuntza berezitua jasoko baitute produkzio teknikoaz, komunikazioaz, jabetza intelektualaz, sustapenez eta bestez.

VSB Mentoring 2021eko maiatza eta urria bitartean egingo da, eta hautatutako talde edo bakarlarien beharrizanen araberakoa izango da. VSB Mentoring programak talde eta bakarlariak sustatu eta bultzatu gura ditu, tresnak eta aholkularitza espezializatua emanez, euren jarduera profesionalizatu ahal dezaten.

Profesionalek emango dute prestakuntza hori, eta hainbat gai jorratuko dituzte: sare sozialetan edukiak ekoiztea, ekoizpen teknikoa, zuzeneko interpretazioa hobetzea eta optimizatzea, jabetza intelektuala edo eskubideen kudeaketa eta sustapena, kontzertuak, birak eta enpresa sustatzaileekiko harremanak.

Formakuntzako eta lagun egiteko aldiaren ostean, parte hartzen duten 6 taldeetako bat hautatuko da VSB TOUR itzulirako: lau kontzertu izango dira, Estatuko uri banatan, 2021eko azken hiruhilekoan zehar, banden proiekzioa eragiteko eta sinergiak sortzeko beste leku batzuetako beste talde gazte batzuekin, eta, orobat, pertsonen talentua proiektatzeko Bilbotik kanpora ere.

Hautatutako 6 bandak osatzen dituzten 17 pertsonen artean, 1 emakumezkoa da, eta 3k ez-binariotzat ematen dituzten beren buruak, eta gainerako 13ak gizonezkoak. Beren kantutegian darabiltzaten hizkuntzez den bezainbatean, berdin samar darabiltzate euskara eta ingelesa, eta neurri txikiagoan gaztelania. Haien batez besteko adina 25 urte da; horrek erakusten du Jaialdiak bertako musikari gazteen alde egindako apustua.

Epaimahaiak oso ondo iritzi dio honi: "Bilborock-en zuzenean aurkeztutako proposamenen estilo askotarikoak, eta haien kalitatea, kontuan hartuta haien lehen emanaldietako bat zela kasu askotan".

BESTE SARI BATZUK

Mentoring fasera igarotzeaz gain, VillaSoundBilbao jaialdiak sari hauek ere banatu ditu:

  • Aste Nagusia Saria: emanaldi bat datorren Aste Nagusian, bertako Rockaren agertokian (Bizkaiko taldeentzat bakarrik). Mona Rora.
  • Musika Bulegoa Saria: Kultura Live-ko areto batean kontzertu bat ematea, taldearen edo bakarlariaren jatorriko lurraldetik kanpo (Musika Bulegoak egingo du hautaketa): Martin de Marte.
  • Bilborock-en: 100 ordu Bilborock-en entsegu-lokaletan (Bizkaiko taldeentzat/bakarlarientzat bakarrik) Full Cab.
  • Jaialdia Saria: emanaldi bat Azkena Rock-en; antolatzaileen ustean talde hautatuari ez badoakio ondo leku hori, aztertuko da ea zein beste jaialditan sartu (BILBAO BBK LIVE,...): Martin de Marte.
  • Sarbide saria: 250 CD-ren argitalpena, epaimahaiak nabarmendutako hiru talderentzat/bakarlarirentzat. Suave, Nize, Silitia.

BESTE 4 KONTZERTU ETA 9 BANDA BERRI

Lehiaketan parte hartu duten banden kontzertuez gain, VillaSoundBilbao Fest jaialdia osatzeko, beste 4 kontzertu izan dira, 9 banda berrik emanak, urian han eta hemen, hala nola Deustuko Unibertsitatean, Bizkaia Aretoan, BBK aretoan edo Bilborocken bertan. Gazteen musika-panoraman gora datozen 10 taldek beren sorkuntzak erakutsi dituzte, emakumeen presentzia duten talde gazteen protagonismo sendoarekin eta musika-estilo anitzekin.

Lau kontzertu horietan publiko gazteak ere bete ditu guneak, eta lau kontzertu horietako 3tan edukiera osoko kartela jarri dute.