BILBO. Urtero bezala, Bilboko Udalak bat egingo du aurten ere bai datorren astelehenean, maiatzak 17, ospatuko den Homofobiaren, Lesbofobiaren, Transfobiaren, Bifobiaren eta Intersexfobiaren aurkako Nazioarteko Egunarekin. Horretarako, 'Bagara/Somos' izeneko kanpaina abiarazi du.

Horrela, bada, Udalak pertsona guztiek dituzten eskubide sozialen inguruan sentsibilizatzen jarraitzen du. "LGTBI eskubideak. Tresna eraginkorrak politika publikoetan" izeneko mintegi telematiko baten bidez eta komunikazio-kanpaina baten bidez, bai euskarri fisikoetan, bai hiri-altzarietan, bai formatu digitalean, www.bilbao.eus-en webgunean eta sare sozialen udal-kontuetan, Udalak sexu- eta genero-aniztasuna aldarrikatzen du, eta erabat gaitzesten du LGTBIfobia.

"Nahiz eta LGTBIfobia edozein unetan edozein eta sozializazio-espaziotan ugaltzen den, gertaera horrek oso nabarmen markatzen ditu kolektibo horietako pertsonen eguneroko bizitzako alderdi guztiak, oso garrantzitsua iruditzen zaigu herritarrak hezten eta horren aurka borrokatzeko beharraz kontzientziatzen jarraitzea", adierazi du Nekane Alonso Berdintasun Saileko zinegotziak.

Gainera, beharrezkotzat jotzen da LGTBIQ+ pertsonek jasaten duten estigmari eta diskriminazioari buruzko isiltasuna hausten duen gizarte bat eraikitzea, "horregatik, berdintasuna, LGTBIQ+ kolektiboaren ikusgaitasuna eta sexu-orientazioko eta genero-adierazpeneko arrazoiengatiko edozein bereizkeria, gorroto edo indarkeria desagerraraztea sustatzen duten sentsibilizazio-ekimenak babesteko bidean jarraitzen dugu", adierazi dute Berdintasun Sailetik.

Nekane Alonsoren iritziz, garrantzitsua da, halaber, gizarteak, erakundeek, elkarteek eta, jakina, norbanakoek ahalegina egitea LGTBIfobia ezabatzeko. Horregatik guztiagatik, Bizkaiko uriburuko Udalak dei egiten du LGTBIfobia arbuiatzeko konpromiso aktiboa, banakakoa eta kolektiboa hartzeko.

WEB-MINTEGIA: "LGTBI ESKUBIDEAK. TRESNA ERAGINKORRAK POLITIKA PUBLIKOETAN"

Bilboko Udalak, giza eskubideak eraginkortasunez lortze aldera, LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak babesteko eta errespetatzeko konpromisoa hartu du, berdintasun benetakoa eta eraginkorra lortzeko. Gai hori mintegi telematiko batean jorratuko da, datorren astelehenean, maiatzak 17, 12:30ean.

"LGTBI eskubideak. Tresna eraginkorrak politika publikoetan" izenarekin, web-mintegi honen helburua da LGTBIfobia gizartean zergatik eta nola sortzen den identifikatzea, LGTBIQ+ pertsonen eskubideak sustatzeko eta babesteko politika publiko berariazkoak ezarriz horri aurre egin ahal izateko.

Udalaren web orriaren bidez ikusi ahal izango da, eta LGTBIQ+ politiketako bi adituk hartuko dute parte: alde batetik, Lucas Platero, Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea, gizarte-psikologiako irakaslea da URJCn eta editorea da Ediciones Bellaterran; eta, bestetik, Miguel Missé, sexu- eta genero-aniztasunaren aldeko politika publikoen arloko aholkularia eta prestatzailea.

Sexu- eta genero-aniztasunaren aldeko apustua Udalarentzat estrategikoak diren bi proiekturen barruan sartzen da: Bilbao Balioen Hiria eta Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuak. Horien bidez, balioak garapen-eragile dituen hiri bat eraikitzen lan egiten da.