BILBO. Urtero bezala, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatu da ostiral honetan, apirilak 23, eta Bilboko Udalak bat egin du ekimenarekin.

Bilboko jarduneko alkate Amaia Arregik eta Kultura eta Gobernantzako zinegotzi Gonzalo Olabarriak Bizkaiko Liburu-saltzaileen Elkarteak antolatutako ekitaldian —Kepa Torrealdai presidenteak ordezkatuta— parte hartu dute. Horiekin batera, Félix García Modroño, Txani Rodriguez, Jon Arretxe, Antón Arriola eta Toti Martínez de Lezea idazleak eta Bilboko kulturaren arloko eta erakundeetako beste ordezkari batzuk ere izan dira.

Aurten, ohi den egunean egingo da Liburuaren Eguna; izan ere, iaz, covid-19aren pandemiak eragindako konfinamendua zela eta, uztailaren 23ra aldatu behar izan zuten. Amaia Arregik eskerrak eman dizkie sektoreari eta liburuei, azken hilabeteetan jendearen babesleku izan baitira, "iazko konfinamenduan, milaka pertsonak lortu zuten liburuei esker gure bizitza betiko aldatu zuen egoera distopiko hartatik ihes egitea". Izan ere, liburuak hor daude jendeari ihes egiten laguntzeko: "Gaur egoera bestelakoa da, itxaropen handiagoa daukagu, pandemiak eragindako nekea gorabehera... Eta, beste behin ere, horri aurre egiteko, liburuak orriak zabalik zain ditugu lagun onak bezala, gure ikuspegia zabaltzeko prest dauden lagun desinteresatu gisa".

Hala, liburuetan babesa bilatzen duten pertsona guztiek azken nobedadeak aurkituko dituzte, modu seguruan eta osasun- eta higiene-berme guztiekin, Pedro Ibarretxe kalean saltzeko jarritako 44 etxetxoetan; gainera, egun horretan ohitura denez, loreak banatuko dira.

Duela 26 urtetik, UNESCOk eskatuta, Liburuaren Nazioarteko Eguna apirilaren 23an egiten da, literatura unibertsaleko hiru autore klasiko handiren heriotza -1616an- gomutatzeko: Miguel de Cervantes, William Shakespearen eta Inca Garcilaso de la Vega.