BILBO. Orain dela 500 urte Juan Sebastian Elkanorekin batera munduaren lehen itzulia egin zuen Juan Arratiakoa omendu egin zuen atzo, apirilak 21, Bilboko Udalak. Ekitaldia Itsasmuseum Museoan egin zen, omenduko itsassgizonaren izen berdina daraman aretoan.

Ezagutza agertzeko ekitaldi honetan izan da Amaia Arregi Bilboko jarduneko alkatea ere, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza Saileko zinegotzia eta Jon Ruigomez Itsasmuseum-eko zuzendaria lagun zituela. Era berean, aurkezpenean, Bilboko Udalean ordezkaritza politikoa duten udal-talde guztien eledunak izan dira.

JUAN ARRATIAKOA

Juan Arratiakoa Victoria itsasontzian ontziratu zen, 15 urte zituela, txo moduan, Juan Zubiletakoa morroiarekin batera, zeina Barakaldon sortua baitzen. Eta eurak izango dira, eskifaia osoan, ontzi berberean zeharkaldi osoa egingo duten bi gizon bakarrak. Juan Sebastian Elkano maisuak eta Juan Akuriokoa kontramaisuak ekin zioten zeharkaldiari la Concepción ontzian, eta Victoria ontzian amaitu zuten, lehenak kapitain moduan, eta bigarrenak kontramaisu moduan.

Bidaia hartako 31 euskal herritarren artean, bederatzi txoak ziren, zazpi Bizkaikoak eta bi Gipuzkoakoak, baina haien artean bik baino ez zuten lortu munduaren itzulia egitea, Juan Arratiakoak eta Pedro Tolosakoak; azken hori preso egin zuten Cabo Verden , eta handik hilabete batzuetara iritsi zen helmugara.

Txoak 17 eta 20 urte bitarteko gazte ikastunak izaten ziren, eskifaiako itsasturi eta ofizialen esanetara egoten zirenak, eta belazurrunetan gora igotzea, haize-oihalak biltzea, bateletan abantean egitea eta salgaien zamalanetan aritzea bezalako lanak egiten zituzten, besteak beste, lanbidea ikastearren; eta behin 20 urte betetakoan, ikasketa-aldia ondo burutuz gero, marinel maila hartzen zuten.

"J. S. Elkano, Aztarnaren bila" izeneko erakusketa Bilboko Itsasmuseum-ean dago gaur egun, eta erakusketako dokumentazio ugariak aukera ematen du Juan Arratiakoaren gaineko datu gehiago jakiteko.

Alde batetik, Euskadiko Agiritegi Historikoan, "Elkanoren dokumentuak" izenekoen artean, zeintzuk Laurgain Dorretxean aurkitu baitziren berriki, bat gorde zen, ozta-ozta berba batzuk irakurri daitezkeela, ondorioztatzeko bide ematen dutenak Juan Arratiakoa izan zela Badajozko Juntan lekukotza eman zuten gizonetako bat, non, 1524ko maiatzaren 23an, bilkura bat egin baitzen, Gaztelak eta Portugalek espezieen uharteen aurkikuntza zela-eta zeuzkaten eskubideen gainean ebatzi behar zuena.

Beste alde batetik, Indietako Agiritegi Nagusiko dokumentu batean bada idatzizko ohar bat zeinaren arabera armadak bere gain hartzen baitzituen, bi hilabeteko epean zehar, Juan Arratiakoa zaintzeko gastuak, zeina eri baitzen; hortik ondoriozta daiteke espezien uharteetara 1529an Loaisa kapitainaren aginduetara egindako bigarren bidaian ere parte hartu zuela. Guztira ehun bat euskal herritarrek parte hartu zuten bigarren bidaia horretan, eta, haien artean, Juan Sebastian Elkanoren bi anaiek.

EUSKADIREN ETA BIZKAIAREN ORDEZKARITZA

Euskadik eta Bizkaiak ekarpen nabarmena egin zioten bidaia horri, zeina historian itsasoan egin den lorpenik handienetakoa izan baita, eta bidaiaren aurreko prestakizunetan ageri da, zeren eta 1519an abiatu ziren 5 itsasontzietatik 3 Bizkaian erosi baitziren, hain zuzen ere Erandion, Lekeition eta Ondarroan, eta lanabesik gehienak ere bai, batez ere burdinazko tresnak; baina bidaian zehar ere izango da ageri, zeren Victoria itsasontzian munduaren itzulia egin duten 18 marineletatik 4 euskal herritarrak baitziren, eta tartean ziren Juan Arratiakoa bera, edo Juan Zubiletakoa barakaldoarra, edo Juan Akuriokoa bermeotarra, eta Juan Sebastian Elkano getariarra.

Bidaia 5 itsasontzirekin hasi zen, 1519ko abuztuaren 10ean, Magallanesen aginduetara, eta haietatik itsasontzi bakarrak, Victoria izenekoak osatu zuen, Elkanoren agindupean, munduaren itzulia, 1522ko irailaren 6an, 3 urtean itsasoan ibili ostean, 14.460 legoa (80.000 km) eginik, hau da, Lurrari bi itzuli adina.

"J.S. ELKANO, AZTARNAREN BILA" BILBOKO ITSASMUSEUM-EAN

J S Elkano, Aztarnaren bila proiektu bat da, eta badu aldi baterako erakusketa bat ere, eta argitalpen bat, euskaraz eta gaztelaniaz, eta baita ere asteroko elkarrizketa sail bat ere, Euskadi Irratiko Más que palabras irratsaioan, Almundena Cacho kazetariarekin eta Julián Diaz erakusketako komisario eta liburuaren egilearekin (Museoko web orriko Itsasmuseum Digitala atalean eskura daiteke material hori guztia, www.itsasmuseum.eus).

Gainera, erakusketa beste aplikazio batera ere eraman da, gunera, zabalkunde handiagoa emateko eta edozein gailutatik eta tokitatik sartu ahal izateko.

Erakusketa apirilaren 25ean amaituko da; ikerketa-lan gogor eta xehe baten osagaia da, eta jatorrizko iturriak eskaintzen ditu, Elkanoren bizimoduaren gaineko informazioarekin, ikustera doazenak nor bere ondorioak ateratzera gonbidatuz, eta haien eskura jarriz erakusketako era bateko eta besteko baliabideak, galdera honi erantzun nahirik: Zer dakigu Juan Sebastianen gainean?