BILBO. Koronabirusaren pandemiak kalte ekonomiko handiak eragin ditu turismoaren sektorean. Hori dela eta, Bilboko Udalak sektoreari bideratutako dirulaguntzen deialdi berri bat jarriko du martxan.

Bilbao Aurrera 2021 Planean jasotako aurrekontu eta ekintzei gehitu zaien aparteko beste neurri bat da. Planak 15 milioi euro baino gehiago jaso ditu orain arte.

Ostalaritzari eta merkataritzari zuzendutakoekin egin zen bezala, oraingoan ere, aipatutako Planaren Jarraipen Batzordeko talde politiko guztietako bozeramaileei helarazi zaie proposamena, eta guztion adostasuna jaso du (EAJ/PNV, PSE- EE, EH-Bildu, Podemos eta PP).

Laguntzen poltsak, guztira, 268.000 euro bilduko ditu, eta Bilboko udalerriko turismo-sektoreko pertsona fisiko (autonomoak edo profesionalak, ondasun-erkidegoen bazkideak eta nortasun juridikorik gabeko sozietate zibilak) edo juridiko, mikroenpresa edo ETE guztiek parte hartu ahal izango dute: turismo-garraioko enpresak, turismo aktiboko enpresak, kongresuak antolatzen dituzten enpresa profesionalak, turismo-gidariak eta bitartekaritzako turismo-enpresak.

Zenbatekoak langileen kopuruaren arabera emango dira, eta 1.000 euro, 1.250 euro edo 1.500 eurokoak izango dira. Beste mota batzuetako dirulaguntzen osagarriak izango dira.

LAGUNTZEN BANAKAPENA

  • 1-9 langile dituzten establezimenduak: 1.000,00 €
  • 9 langile baino gehiago dituzten establezimenduak: 1.250,00 €
  • Bitartekaritzako turismo-enpresak: 1.500,00 €

Laguntzak eskuratzeko epea eta modua —telematikoki esteka honen bitartez— datorren hilabetean aktibatuko dira.

Era berean, eskabide bat aurkeztu ahal izango da lantoki edo establezimendu bakoitzeko, enpresa bakarrak bat baino gehiago izan arren. Enpresek establezimendu edo lantoki bakoitzerako eskatu ahal izango dituzte laguntzak, bakoitzari dagokion eskabidea aurkeztuta.

BILBAO AURRERA 2021 PLANA

Bilbao Aurrera 2021 Plana urtarrilaren 29an sinatu zuten udal-ordezkaritza duten alderdi guztiek, eta iaz lehenengo aldiz abiarazi zen planaren —Bilbao Aurrera 2020— jarraipena da, zeina Covid-19 pandemia mundu osoan zabaldu zenean bultzatu zen.

Planak 15 milioi euro baino zertxobait gehiago izango ditu salbuespenezko 43 neurri aplikatzeko. Batik bat, ekitaldiko lehenengo seihilekoan aplikatuko dira gehienak. Aurreko planean martxan jarritako estrategiari jarraikiz, Bilboko Udalak covid-19agatik gehien kaltetutako sektoreei lagundu nahi izan die krisialditik ahalik eta arinen suspertzeko proiektu estrategikoak landuz.

Gogoan izan behar dugu 2020. urtean laguntza zuzenen lehenengo poltsa onetsi zela ostalaritzako sektorearentzat. Guztira, 3,2 milioi euroko aurrekontua bideratu zen orduan. Zenbateko horri dagokionez, azkenean 1.900 laguntza eman eta ordaindu ziren, hau da, 2 milioi euro baino zertxobait gehiago.

Orain prestatzen ari diren laguntza zuzenen bigarren partida martxoaren 25ean onetsi zen, eta milioi bat euro bideratu ziren ehungintzako eta zapatagintzako sektorearentzat. Orain, turismoari zuzendutako deialdi hau gehitu zaio.

Laguntza zuzenen ekintza guzti horiek, berez udalari ez badagozkio ere, hiriko sektore batzuek aurre egiteko duten konplexutasun-egoera sendotzeko aktibatu dira. Osagarri gisa, halaber, bonuen programak abiarazi dira, Bilbao Aurrera Planaren ekintza garrantzitsuenetako bat.