BILBO. Bilboko Udalak 210.000 euroko aurrekontua bideratuko du bilbotarren eguneroko bizitzan euskararen erabilera sustatzeko. Hori dela eta, datorren astelehenean, apirilak 19, euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko epea irekiko da.

Laguntza horiekin umeen eta gazteen arteko hizkuntza-transmisioan eragin handiena daukaten kolektiboen artean euskararen erabilera sustatu nahi du Udalak.

Beraz, laguntza hauek honako hauek eskatu ahal izango dituzte: gurasoek edo 2007tik aurrera jaiotako adingabeen tutoreek, aisialdiko begiraleek, haur eta gazte kiroleko begiraleek, eta deialdian ezarritako muga gainditzen ez duten familia-unitateetako kideek. Ezinbestekoa da, horrez gain, Bilbon erroldatuta egotea eta 2020-2021 ikasturtean euskara ikastaroak jaso izana.

Eskariak maiatzaren 21era arte aurkeztu ahal izango dira erregistroan. Bilboko Udalak gomendatzen du ahal bada on line aurkeztea eskabidea, Bilboko Udalaren webgune ofizialean BakQ sistema erabiliz ere aurkeztu ahal izango dute web orriaren bidez. Posta ziurtatuz ere aurkez daiteke, erregistro orokorrera zuzenduta (Bilboko Udala, San Agustin eraikina, Ernesto Erkoreka plaza, 12, beheko solairua, 48007 Bilbo), edo aurrez aurre ere bai, aldez aurretik hitzordua eskatuta, oso modu errazean, web orrian bertan edo, bestela, telefono honetara deituz: 010/94 4 010 010.

Aurreko ikasturtean, 218 pertsonak jaso zuten dirulaguntza ekonomiko hau; gehienak gurasoak ziren. Euskara ikasteko laguntza ematea Euskara Sustatzeko Ekintza Planaren helburuetako bat da.

Informazio gehiago behar izatekotan, Bilboko Udalak espazio bat jarri du bilbotarren eskura.