BILBO. Gaur goizean, apirilak 14, Aritz Aduriz Bilbao Cruyff Court izeneko futbol zelaia inauguratu egin da Otxarkoagako auzoan. Zelai hau Cruyff Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoan inauguratu duen lehenengo instalazioa da.

Aritz Aduriz, Bilboko Athletic Club taldeko jokalari ohia; Pati Roura, Cruyff fundazioaren zuzendaria; Xavier Bertolín, La Caixa fundazioko hezkuntzako eta marketineko zuzendari korporatiboa, eta Amaia Arregi, Bilboko alkateordea, Aritz Aduriz Bilbao Cruyff Court-aren inaugurazioan izan dira: Bilbon kirola gizarte-inklusiorako eta gizarte-kohesiorako erabiltzen duen proiektua.

Cruyff fundazioaren ekimen hau La Caixa fundazioarekin sinatutako hitzarmenaren emaitza da. Guztira 13 Cruyff Court eraiki, mantendu eta dinamizatu gura dituzte, auzo behartsuenak lehenetsita, bereziki kalteberak diren ume eta gazteei kirolaren bitartez gizarteratzen laguntzeko.

Cruyff fundazioaren eta La Caixa fundazioaren elkarlanaren bidez Espainiako hainbat probintziatan sortu nahi diren 13 Cruyff Court-etan seigarrena da Bilbokoa. 2016an, lehenengo zelaia inauguratu zuten Palentzian, Eusebio Sacristánekin, FC Barcelonako jokalari ohia eta Johan Cruyffek entrenatutako Dream Team-eko partaidea. Ondoren, 2017an, Joaquín Sánchez Cruyff Court-a heldu zen, Real Betis Balompié taldeko kapitainaren izenarekin, Puerto de Santa María herrian. Beranduago, 2018an, Juan Carlos Cruyff Court-a inauguratu zen Leonen. Juan Carlos ere FC Barcelonako jokalari ohia eta Dream Team-eko partaidea zen. 2019an, Fernando Torres Cruyff Court-a inauguratu zen Fuenlabradan. Torres Atlético de Madrid-eko eta espainiar selekzioko jokalari ohia da. Eta 2020an Palmako Cruyff Court-a inauguratu zen Miquel Àngel Nadalekin: FC Barcelonako jokalari ohia eta Johan Cruyffek entrenatutako Dream Team-eko partaidea.

Cruyff Court-ak erabilera libreko futbol-zelai txikiak dira. Beraietan, kirolaren bidez zenbait balio hedatu gura dira: erantzukizuna, errespetua, talde-lana, eta ohitura osasuntsuen inguruko heziketa, umeen artean sedentarismoa eta obesitatea saihesteko. Akordio honi esker, joko-eremuak eraiki ez ezik mantendu eta dinamizatu egingo dira.

Cruyff Court-a auzo gehienetako futbol-zelai tradizionalen bertsio berritua da. Helburua da aspaldiko futbol-zelaien funtzioa berreskuratzea, hau da, auzoko umeen elkargunea izatea, elkarrekin egoteko eta ondo pasatzeko, baina baita balio eta jarrera positiboak ikasteko espazioa ere.

TOKIKO INPLIKAZIOA

Euren funtzio soziala kontuan izanik, Cruyff Court-ek sinergiak landu gura dituzte komunitateko gizarte-eragileen artean, izan administrazioak, kirol klubak, enpresak nahiz tokiko komertzioak. Bilboren kasuan, Cruyff Court-ak Udalaren esku-hartzea ere jaso du, lursailaren jabea baita.

Zentzu horretan, Udalak zenbait jarduera dinamizatu eta antolatu beharko ditu, haietako batzuk Johan Cruyff fundazioarekin batera. Besteak beste:

  • "Cruyff Foundation Community Program": Johan Cruyff fundazioak ekitaldiak antolatzeko eskaintzen duen ikastaro batean parte hartzeko aukera ematen die gazteei ekimen honek. Ikastaroa gainditzen dutenek ziurtagiri bat jasoko dute eta Aritz Aduriz Bilbao Cruyff Court-aren jarduerak antolatzen parte hartuko dute.Helburua da inguruko gazteen inplikazioa eta konpromisoa sustatzea, euren talentuak eta gaitasunak deskubritzeko eta garatzeko aukera ematea, eta haiek inguruko gaztetxoen eredu eta adibide izan daitezela lortzea.
  • "Cruyff Courts 6vs6" txapelketa: eskola-torneo bat da, lehen hezkuntzako seigarren mailako ikasleentzat, 10 eta 12 urte artekoak. Txapelketa honetan, tokian tokiko errondak, autonomia-erkidegoetako taldeen arteko finalerdiak, eta Estatu mailako final bat egongo dira. Osasun-egoerak ahalbidetzen duenean egingo da jarduera hau. Helburua da adingabeak futbolaren bidez euren komunitateetan integratu daitezela, eta elkartasuna sustatzea.

Gainera, Bilboko Udalak dibertsitate funtzionala daukaten adingabeen artean kirola sustatu eta bultzatzeko jarduerak antolatuko ditu Aritz Aduriz Bilbao Cruyff Court-ean, baita oro har Bilboko gazteentzat ere.