BILBO. Guztiz eraberritutako aurpegia erakutsiko du Bilbao Zerbitzuakek. Besteak beste, Bilboko Udalaren menpe dagoen sailak webgunea eta egoitza elektroniko berriak izango ditu, bilbotarren esperientzia hobetzeko.

Atariko informazioa berrantolatu egin da, erabiltzaileek informazioa ahalik eta modurik eraginkorrenean eskuratu eta aurkitu ahal izan dezaten. Horrela, dokumentu digitalak estatikoagoak diren ohiko dokumentuak baino dinamikoagoak, aktiboagoak eta praktikoagoak dira. Bestalde, ataria moldakorra da, guztientzat atsegina izateko, guztien itxaropenak eta interesak betetzeko.

Modu berean, garrantzia eman zaio nabigazio-egitura orokorra zehazteari, erabiltzaileei informazio egituretan modu librean mugitzea errazteko jauzi bertikalen eta albokoen bidez. Horrela, erabiltzailea zuzenean sartzen da kontsultatu gura duen informaziora, bisitatutako orrialdetan atzera egin behar barik, edukien zuhaitzaren beste adar batera iristeko.

EGOITZA ELEKTRONIKO BERRIA

Bilbao Zerbitzuak ez da atzean geratu, eta bilakaera teknologikoaren trena hartu du, egoitza elektroniko arinago eta errazago berri batekin, bere zerbitzu guztiak edozein unetan eta edozein lekutatik herritarren eskura jartzeko, urteko 365 egunetan, eguneko 24 orduetan; eta webgune berri bat ere prestatu du.

Horrela, eta www.bilbao.eus/bilbaozerbitzuak webgunearen bidez, gura duten pertsona guztiak Bilbao Zerbitzuaken egoitza elektroniko berrira sar daitezke. Egoitza horrek, joan-etorri eta aurrez aurreko hitzordu barik, udal hilerrietako eta merkatuetako edozein prozedura errazten du, eta segurtasun juridikoa eta dokumentu elektronikoen kodeak egiaztatzeko zerbitzua ematen du, eta baita espedientearen izapidetzea jarraitzeko aukera ere, herritarren “Nire karpeta” izeneko karpetaren bidez.

Yolanda Díez Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziaren ustez, “pauso garrantzitsua da Bilboko Udala ‘e-Administrazioa’ izateko konpromisoan ematen ari den pauso ugarien artean, gardentasuna, parte-hartzea, zorroztasuna eta kudeaketa ona sustatzeko 2019-2023 agintaldi planaren ekimena betetzeko, herritarren artean izapidetze elektronikoaren erabilera sustatzeko eta ‘365/24 Udala’ lortzeko”.

Izan ere, Bilbao Zerbitzuaken helburua, herritarrek Bilbao Zerbitzuaketik behar duten edozein kudeaketa erraztea eta bere zerbitzuak baliabide arin bihurtzea da, herritarrek administrazioarekin euren etxetik erlazionatu ahal daitezen eta euren beharretara egokituta egongo den erantzun eraginkorra, azkarra eta erabakigarria jaso dezaten. Hala, Bilbao Zerbitzuaken egoitza elektronikoak oso modu bisual eta intuitiboan eskaintzen du herritarrek gehien eskatzen dituzten zerbitzuen informazio eta izapide guztietarako sarbidea.

Adibidez, hilotzak lurperatzeko, lurpetik ateratzeko edo errausteko hilerriko zerbitzuaren eskabideak izapidetu daitezke, edo zerbitzu horiei lotutako tasak eta prezio publikoak ordaintzearekin lotutako edozein izapide egin daiteke, eta baita enpresak Bilbao Zerbitzuaken kontratazioetan sartzeko baliabide guztiak ere.

Yolanda Diezek nabarmendu duenez, “egoitza elektronikoa ezartzeak helburu bat betetzea ekarri du, herritarrak Administraziora errazago iristeko bidean, are gehiago sarbide telematikoa hain beharrekoa den egungo egoeran”. Diezek jakinarazi duenez, halaber, hedapen eta informazio kanpaina bat egin da, Bilbon hileta-zerbitzuak ematen dituzten enpresen artean informazio eta dibulgazio saioak eginez.